Monthly Archives: April 2010

Keith Moon’s Private Party

keith-moon-backstage 1976ko apirilaren 30ean The Who taldearen bateria jotzaileak New Yorkeko hiribide garrantzitsuenetako bat itxi zuen eta sekulako auto-ilarak eragin zituen hiriko zentruan.

Keith Moonek dirutza bat ordaindu zien New Yorkeko bederatzi taxistei euren autoeekin hiribide honetako bi sarrera nagusiak itxi zitzaten. Hiribideko sarreran eta irteeran taxiak gurutzatuta zeudela autoek ezingo zuten hiribidea zeharkatu eta honela, Keith Moonek lasai asko bota ahalko zituen hoteleko leihotik errepidera logelan eskura zituen gauza guztiak: telebista, altzairuak, koadroak, botilak, lanparak…

Keith Moonen festa pribatu honek gutxi iraun zuen, New Yorkeko polizia gutxira iritsi baitzen hotel aurreko hiribide honetara. Errepideak itxita jarraitu zuen, ordea, zabor bilketa zerbitzukoek musikari ingelesak jaurtitako objektu guztiak jaso zituzten arte. Holiday hotel kateko zuzendaritzak,  Keith Moonek logelan egin zuen txikizioa ikusita, debekatu egin zien The Who taldekoei aurrerantzean euren hoteletan ostatu hartzea.

Wild Thing: The Songs Of Chip Taylor

chips taylor Chip Taylor “Wild Thing” eta “Angel of The Morning” abestiak konposatu izanagatik da musikagile ezaguna.  1940an New Yorken jaiotako gizon hau, Jon Voight aktorearen anaia dena eta Angelina Jolieren osaba, askoz ere abesti gehiagoren egilea izan da, ordea, eta gaur abesti hauen erakusleiho bihurtuko dugu Eguneko Diskoa irratsaioa.

2009an ACE diskoetxeak argitaratutako bilduma honek Chip Taylorren 23 abesti jasotzen ditu, 60ko hamarkadako abeslari onenetako batzuen jatorrizko bertsioetan. 22:00etan hasita, Eitb Musikan izango ditugu Aretha Franklin, Dusty Springfield, The Troggs, The Hollies, Peggy Lee, Evie Sands, Merrilee Rush, Billy Vera eta abar luze bat.

Strange Boys: Be Brave

strange boys Texas garage rock talde handiak eman dituen estatua izan da. 60ko hamarkadan The 13th Floor Elevators, Sam the Sham & The Pharaohs eta Sir Douglas Quintet bezain talde arrakastatsuak sortu ziren Texaseko hiri nagusietan eta  orduz geroztik garage rockaren haziak bizirik iraun du lur hauetan garaian garaiko aldaketak jasan baditu ere.

Strange Boys taldea garage punk musikaren belaunaldi berri baten ordezkari da. Austineko gazte hauek oraintxu kaleratu dute euren bigarren diskoa Rough Trade zigiluan eta Eitb Musikaren sintonian disko honi izenburua eman dion “Be Brave” abestia aurkeztu nahi dizuegu asteko nobedadeen artean.

The New Favourites of Brinsley Schwarz

brinsleyl schwartzBihar, Eguneko Diskoaren tartean, 70eko hamarkadako pub rock britainiarraren talde handiena izango dugu gurekin: Brinsley Schwarz.  Gaueko hamarretatik aurrera, Eitb Musikaren sintonian izango duzue entzungai talde ingeles honen azken diskoa. 1974ko Lp hau Dave Edmunds galestarrak ekoiztu zuen eta United Artists diskoetxeak argitaratu. Musikari dagokionez, taldearen disko finena izan bazen ere, salmentei dagokienez  The New Favourites of... porrot handia izan zen eta salmenta txar hauek eragin zuten taldearen banantzea 1975ean.

Taldea desegin ostean, taldekideek beste zenbait proiektu jarri zituzten abian. Esateko, Brinsley Schwarz gitarrista eta Bob Andrews teklatu jotzailea Graham Parker-i batu zitzaizkion The Rumour taldean eta Nick Lowek Rockpile taldea sortu zuen Dave Edmunds ekoizle eta musikariarekin batera.

Nina Simone: Anthology

Nina Simone: Anthology2003.urteko apirilaren 21ean Nina Simone hil zen. Handik egun gutxira, artista haundi honen lan osoari errepasoa egiten zion bi konpaktoko Anthology bilduma argitaratu zuten. Abeslari eta pianistaren lan zabala, hasieratik amaierara, jarraitu nahi duenarentzat antologia hau aukerarik onena da. 50.hamarkadaren amaieran hasi eta 1993.urtera arte, Nina Simonek grabatu zituen disko esanguratsuenetakoen kantak batu zituzten bertan, disko horiek argitaratu zituzten zigilu guztiak kontutan hartuz. Gaur, gaueko hamarretatik aurrera, Eitb Musikan entzungai izango duzue.

Taj Mahal: Taj Mahal

taj mahalEguneko Diskoaren tartea Taj Mahal blues musikariaren 1968ko debut diskoari eskainiko diogu gaur.  Columbia diskoetxeak argitaratutako LP hau 30eko eta 40ko hamarkadetako blues doinuen berpizkundea bultzatu zuen diskoetako bat izan zen.  New Yorkeko musikariak Sleepy John Estes, Blind Willie McTell, Sonny Boy Williamson eta Robert Johnson blueslarien kantak eguneratu zituen disko honetan.

Sustrai ezberdineko musiken fusioan oinarrituz eta blues zaharra (Deltako eta Chicagoko bluesa) eta blues berria nahastuz (berak konposatutako bi abesti entzun daitezke lan honetan) Taj Mahalek disko itzela grabatu zuen Ry Cooder eta Jesse Ed Davis musikariak lagun zituela.

22:ooetatik aurrera, Eitb Musikaren sintonian izango ditugu.

The Jam: In the City

Gaurko egunez, 1977.urtean, the Jam taldeak lehenengo singlea argitaratu zuen: In the City. Punk-aren garaian, Paul Weller buru zuen bandak 60.hamarkadako mod taldeak erreibindikatu zituen, Small Faces eta the Who, besteak beste. The Jam-ena, ordea, soinu azkarrago eta bortitzagoa zen. Sex Pistols, the Clash eta the Buzzcocks-ekin batera, punk urteetako talderik arrakastatsuenetako bat bilakatu zen.

Kate & Anna McGarrigle

Kate & Anna McGarrigleKate & Anna McGarrigle (1975) McGarrigle ahizpen lehenengo diskoa izan zen. 60.hamarkada hasieratik Montreal sorterriko folk eszenako izen esanguratsuak, Anna eta Kate McGarriglek kritikaren eta komunikabide espezializatuen txaloak jaso zituzten beren debutakin. Oso ondo osatutako diskoa baita, debuta izateko. Laneko kantarik gehienak beraiek konposatu zituzten. Besteak beste, Linda Ronstadt-ek diskoa agertu baino urtebete lehenago grabatutako “Heart Like a Wheel”. Bertsio honen arrakastari esker, McGarrigle ahizpek beren lehenengo kontratua lortu zuten eta horrela disko hau grabatu zuten. Gaur, gaueko hamarretan, Kate & Anna McGarrigle Eitb Musikan entzungo dugu.

Blue Ash: No More No Less

No More No Less1973.urtean Blue Ash Ohioko taldeak lehenengo diskoa argitaratu zuen, No More No Less izenburupean. Disko honi buruz 70.hamarkadako power pop-aren lan ahaztua dela esan ohi da. Izan ere, kritikak txalo beroz jaso arren, salmenta eskasak izan zituen eta garaiko irratietan ere ez zuten geihegi jarri. 60.hamarkadako British Invasion delakoa osatu zuten taldeen musikaren eragin haundiduna, power pop-eko beste taldeen (Big Star, The Groovies…) kasuan bezalaxe, Blue Ash-en soinua rock gordinenaren adibide bizia da. Gaur, gaueko hamarretan, Eitb Musikaren sintoniarekin bat egiten baduzu, Blue Ash-en lehenengo diskoa osorik entzuteko aukera eskaintzen dizugu. 

Dusty Springfield: A Star Is Born

dusty_springfield_grande3 Dusty Springfield abeslari ingelesa 1939eko apirilaren 16an jaio zen. 60ko hamarkadako pop britainiarraren erregina eta garai guztietako blue eyed soul abeslari onenetako bat, 1963tik 1970era grabatu zituen abestien artean pop musikaren klasiko handienetako batzuk aurkitzen ditugu: “I Only Want To Be With You”, “Whishing And Hoping”, “You Don’t Have To Say You Love Me“, The Look Of Love, “Son Of A Preacher Man“…

Nazioarteko pop zerrendetan 20 hit baino gehiago lortu  zituen emakume hau umetan hasi zen abesten. Bere aitak musika klasikoa eta jazz musika entzuteko ohitura omen zuen eta Dustyk,  Peggy Leek bezala abestearekin egiten ei zuen amets.  Gaztetxotan, ordea, amerikar Rhythm and bluesa  eta Motown diskoetxearen soul disdiratsua ezagutu zituen eta guztiz maitemindu zen doinu eta erritmo afroamerikar hauetaz.

The Lana Sisters eta The Springfields taldeetan abestu ondoren 1963an bere bakarkako lehen singlea kaleratu zuen “ I only want to be with you” eta debut single honek 10 urteko ibilbide emankor eta arrakastatsuari eman zion hasiera. 60ko hamarkadan, Atlantikoaren bi aldeetan emakumezko pop abeslari bikainak zeuden arren, gutxik abesten zuten Dusty Springfielden pasioaz. Emakume honek  emoziozko sumendi bat zuen barruan eta abesten zuen bakoitzean emozio guzti hauek eztanda egiten zuten kanporantz.  Melodrama abeslari aparta, doinu dantzagarrietan ere ongi moldatu zen eta landu zituen estilo guztiei eman zien bere ukitu bereizgarria; blue eyed soul eta country musiken esparruetan kanta ahaztezinak utzi zizkigun esateko. Hain zuzen ere, bere disko goraipatuenetako bat  1969ko  Dusty in Memphis Nashvillen grabatu zuen.