Monthly Archives: October 2009

Euphoria: A Gift from Euphoria

1969.urtean argitaratu zuen Euphoria bikoteak bere lp bakarra, A Gift from Euphoria. Country psikodelikoaren altxor ezkutuetako bat, benetako kultuzko diskoa da, 1996.urtean birrargitaratu arte, denbora luzez deskatalogatua egon zen lan hau. Bluegrass, orkestra-pop, psikodelia eta beste hainbat soinuren nahaste abila sortu zuen Hamilton Wesley Watt-ek eta William Lincoln-ek osatutako bikote honek. Gaur, gaueko hamarretatik aurrera, Eitb Musikaren sintonian entzungo dugu, gure Eguneko Diskoa baita.

The Modern Lovers: The Modern Lovers

70eko hamarkada hasieran Pink Floyd eta Genesis bezalako taldeek 12 minutuko rock abestiak grabatzen zituzten bitartean 20 urteko Bostoneko gazte batek The Velvet Underground taldearen abestiak entzuten ematen zuen eguna. Jonathan Richman izeneko gazte honek The Modern Lovers taldea jarri zuen abian eta soinu moderno zein minimalistako kanta sorta bat grabatu. 1972 eta 1973 urteetan grabatu zituzten demo haiek John Cale eta Kim Fowley musikarien arreta lortu zuten eta hauek ekoiztuko zituzten The Modern Lovers taldearen debut disko homonimoa osatuko zuten abestiak.

The Modern Lovers 1976an izan zen argitaratua Beserkley zigilu independientean. Diskoak ez zuen mainstreamean sartzerik lortu baina gutxi batzuentzat kultuzko diskoa bihurtu zen. The Modern Lovers art punk lan gordina da, punk musikari eta olatu berriari aurre hartu ziena. Bertan jasotako abestiek  nerabea izateari utzi dion gazte baten obsesio, frustrazio eta bizipenak islatzen dituzte.

Gaur, 22:00etatik aurrera, Eitb Musikan … THE MODERN LOVERS.

Bee Gees: Bee Gees’ 1st

1967.urteann Bee Gees-ek bere debuta argitaratu zuen, Bee Gees’ 1st izeneko lana. Disko honetan, disco musikaren hit-ekin edo balada erromantikoekin zerikusi gutxi duten kantak entzungo ditugu, Gibbs anaiak 70.hamarkadatik aurrerako lanarengatik ezagutzen dituen publikoaren harridurarako. Psikodelian eta pop progresiboan guztiz murgildu baitziren 1966.urtean Australiatik Swinging London delakora bueltatu zirenean eta gaur, gaueko hamarretatik aurrera, Eitb Musikaren sintonian entzungo dugun disko hau  giro horrek sortu zuen emaitza bikaina da.

El Gran Combo de Puerto Rico: 30 Aniversario

 1992an, El Gran Combo de Puerto Rico orkestrak 30 urte bete zituenean, Bailando con el Mundo izenburudun kanta bilduma kaleratu zuen. Disko bikoitz honetan ordura arteko ibilbidean grabatutako abesti ezagunenetako batzuk jaso zituzten, 30 urte horietan salsa musikak izandako garapena laburbilduz. 

1962an Rafael Ithier pianistak sortu zuenetik El Gran Combo de Puerto Rico Latinoamerikako salsa orkestra famatuenetako bat izan da eta musika estilo honen zabalkundean garrantzi handiko taldea:  1973an, New Yorken, 50.000 pertsonen aurrean eman zuten kontzertua.

Gaur, 22:00etatik aurrera, salsa orkestra honen lehen urteei eskainitako saio berezia izango duzue entzungai Eitb Musikaren sintonian.

Emmylou Harris: Pieces of the Sky

1975eko disko hau izan zen Emmylou Harris country abeslariaren bakarkako lehen disko garrantzitsua. Alabamako abeslariak 6 urte lehenago egin zuen bere debuta Gliding Bird diskoarekin baina 1975ean Warner multinazionaleko Reprise diskoetxearekin disko hau kaleratzeko kontratua zinatu arte ez zuen benetan nazio mailako oihartzunik lortu.

Diskoak bere abesti kuttunenetako batzuk grabatzeko aukera eman zion:  Louvin Brothers, Bryant senar-emazteen edota Merle Haggard country izarraren country doinuak, country folk melodiak eta bere garaikide ziren Dolly Parton eta Billy Sherrill musikarien abestiak. Aipagarria da, ere, disko honetan Beatles taldearen “For no One” abestiaren bertsio bat aurkeztu zuela eta 2 urte lehenago hil zen Gram Parsons bere lagun handiari eskainitako abesti bat ere bai, “Boulder to Birmingham”.

Gaur, 22:00etatik aurrera Eitb Musikan.

Cape Town Songs: The Very Best of Abdulah Ibrahim

Gaur gauean, hamarretatik aurreran, Hego-Afrikako jazz artistarik entzutetsuenaren lana izango da protagonista Eitb Musikaren sintonian. Izan ere, Abdullah Ibrahim-en piezarik esanguratsuenak batzen dituen Cape Town Songs: The Very Best of  Abdullah entzungo baitugu. Pianista eta konposatzaile honen lanak, besteak beste, Cape Town-eko haurtzaroko soinu anitzen arrastoa eta eragina dakar bere baitan.

Eguneko Diskoa: Judy at Carnegie Hall

 “The Greatest Night in Show Business History”, horrela gogoratzen da Judy Garland aktore eta abeslariak 1961eko apirilaren 23an New Yorkeko Carnegie Hall aretoan eman zuen kontzertua.

Gaur gauean, 22:00etatik aurrera, gure sintonian entzun ahalko dituzue 2 ordu inguru iraun zuen kontzertu hartan Liza Minnelliren amak abestu zituen abesti ederrenetako batzuk, hauen artean, Wizard of Oz fantasiazko pelikula klasikoan  Dorothyk abesten zuen “Over the Rainbow”.

Judy at Carnegie Hall 13 astez jarraian izan zen Estatu Batuetan ale gehien saldu zituen diskoa. Zuzeneko disko bikoitz honek 5 Grammy lortu zituen.

Aretha Franklin: I never loved a man the way I love you

Gaur, 22:00etatik aurrera, eitbmusikaren sintonian Aretha Franklin soul abeslariaren 1967ko I never loved a man the way I love you diskoa izango dugu entzungai. 

Hau izan zen soul musikaren erreginak Atlantic diskoetxearekin kaleratu zuen lehenengo diskoa.  11 abestiz osatutako LP hau Jerry Wexler-ek ekoiztu zuen eta abestien grabaketan Muscle Shoals estudioko musikariek hartu zuten parte. Aretha Franklinek, Moman & Penn bikoteak eta beste hainbat egilek konposatutako abestiez gain, Ray Charles, Otis Redding eta Sam Cooke soul abeslariek ezagutara emandako hainbat abestiren bertsioak ere entzun daitezke disko honetan, esateko “Respect” eta “A change is gonna come” klasikoak.

John Lee Hooker Plays and Sings the Blues

Ostiral gau honetako Eguneko Diskoaren tartean, Eitb Musikan, 22:00etatik aurrera, John Lee Hooker Plays and Sings the Blues entzungo dugu. 1961.urtean Chess zigiluak argitaratutako disko honetan, John Lee Hooker-en goren uneko kantak batu zituzten, hain zuzen ere, 1951-1952 urteetako grabazioak. Garai hartako kantak batzea ez da lan erraza, izan ere, Hooker-ek esistitzen ziren zigilu guztiekin burutu baitzituen grabazioak, izen artistiko desberdinak erabiliz, gainera. Gaur entzungo ditugun klasikoen artean “Mad Man Blues”, “Baby Please Don’t Go” eta “Hey Boogie” daude, besteak beste.