Category Archives: Eguneko diskoa

Crowded House Woodface

img_1_pr Gaur, 22:00etatik aurrera, eta Eitb Musikaren sintonian, Crowded House taldearen Woodface diskoa izango dugu entzungai.  1991ko disko hau, 90eko hamarkada hasierako pop musikaren gailurretako bat,  Neil eta Tim Finn anaiek konposatu zuten.

Finn anaiek proiektu paralelo baterako sortu zituzten disko honetan jasotako abesti gehienak baina azkenik Crowded House taldeak grabatu zituen.  Capitol zigiluak eta Crowded House taldeak hitzartuta zituzten Zelanda Berriko taldearen hurrengo diskoaren grabazio eta argitalpen datak. Capitol diskoetxeak, baina,  atzera bota zizkien disko berrirako proposatutako abestiak eta diskoaren grabazio saioen egunak gainera zetozkiela ikusita Neil Finn-ek anaiari galdetu zion ea euren proiekturako idatzitako abestiak Crowded House taldearen disko berrirako graba zitzaketen. Anaiak baietz erantzun zion baina berak ere diskoaren grabazioan parte hartzearen baldintzarekin. Adostasun batera iritsi ziren eta gutxira ekin zioten Woodface diskoa grabatzeari. Diskoak aurkeztu zituen singleen artean “Weather With You izan zen arrakastatsuena.

Vashti Bunyan Just Another Diamond Day

vashti-bunyan-just-another-diamond-day60ko hamarkada bukaerako folk britainiarraren ikono handienetako bat Donovan musikari eskoziarra izan zen. Honek Skye uhartean artista komuna bat sortzearekin egiten zuen amets eta Erresuma Batuko gazteei utopia hartara batzera dei egin zien 1968an. Deialdi honi erantzunez abiatu zen Vashti Bunyan Londresetik  Eskoziako iparralderantz.

Ijito gurdi bat hartu, zaldi bat, txakur bat eta bere mutilaguna, Robert,  eta bidean jarri zen. Urtebete baino gehiago behar izan zuten gurdi bide zaharretan barrena Eskoziara iristeko eta Skye irlara gerturatzean Donovanek komuna hippie hura sortzearen asmoa bertan behera utzi zuenaren albistea eman zieten.  Bidaia, baina, ez zen denbora galtze hutsa izan. Vashti Bunyanek bidai espiritual bat bezala oroitzen du Londresetik Eskoziara egindako bidai hura. Gurdi zahar hartan beste modu batera bizitzen ikasi omen zuen, naturarekin harremanean eta modu sinple baina, bere hitzetan, zoriontsuago batean. Bidai hartan idatzi zituen abestiek osatu zuten 1970eko bere debut diskoa Just another diamond day.

Pete Dello & Friends: Into Your Ears

pete-dello-into-your-ears-375182 Pete Dellok 1971an egin zuen bere bakarkako debuta, hau da, The Honeybus taldetik joan ondoren. Into Your Ears izenburuko disko honetan datozen kantak, baina,   Honeybus taldeko kide zen garaikoak dira.  Honela, esateko, “Do I Still Figure In Your Life“, (Honeybus taldeak grabatua) soka instrumentuentzat egindako moldaketa berri batean entzun daiteke disko honetan.

Oxfordeko musikariaren aurkezpen  eta agur diskoa izan zen LP hau ganbera pop lan zoragarria da, belarrientzat kutixi bat, melodia eder eta gardenez josia eta malenkonia bare batez bustia.  Pop barroko britainiarra atsegin baduzue, EITB Irratian dugu hitzordua gaur, 22:00etan.

John Cougar Mellencamp: Scarecrow

John_Mellencamp_Al_Scarecrow

Bruce Springsteen, Tom Petty edota Bob Segerrekin batera John Mellencamp izan zen 80ko hamarkadako urteetan folk amerikarraren sustraietara itzulera proposatu zuen rock musikarietako bat. 1982ko American Fool diskoarekin lortu zituen “Jack and Diane” eta “Hurts so Good” bere lehen arrakastak eta 1985eko Scarecrow diskoarekin handienen artean zegoela baieztatu zuen. Disko honekin gainera, bere jaioterrira, Indianako Seymour herrixkara, eta han igarotako urteetara, haurtzaro eta nerabetako oroitzapenetara egin zuen itzulera.

Scarecrow, mendebaldeko erdialdeko Estatu Batuei eskainitako diskoa da, estatu hauetako familia arrunten bizimodua irudikatzen duena eta baby boomaren belaunaldiaren idiosinkrasia islatu. Disko honetan  Mellencamp-ek amerikar bizimoduari buruz egiten du hausnarketa eta landaguneetako herritxoen biziraupenaren alde abestu (Mellencamp izan zen Neil Young eta Willie Nelsonekin batera Farm Aid ekimenaren sortzailea).

Diskoak aurkeztu zituen single arrakastatsuenak “Small Town” eta “Rock In The USA” izan ziren.

The Cure: Boys Don’t Cry

the-cure-boys-dont-cry-front The Cure hirukote ingelesak 1979an kaleratu zuen Three Imaginary Boys aurkezpen diskoa.  Lehen disko honi segiz “Boys Don’t Cry” eta “Jumping Someone Else’s Train” singleak argitaratu zituen eta bi abesti hauei esker hasi ziren Erresuma Batuko komunikabideak Robert Smith abeslariaren taldeari buruz hitz egiten.

1980an amerikar merkatura begira, Boys Don’t Cry izenburuko diskoa plazaratu zuten Estatu Batuetan.  Euren debut amerikarrerako, Three Imaginary Boys diskoan jasotako zenbait kanta aukeratu zituzten hala nola Europan single gisa kaleratutako  “Killing An Arab”, “Boys Don’t Cry” eta “Jumping Someone Else’s Train“.

Gaur, 22:00 etatik aurrera, The Cure taldearen debut amerikarra izango dugu entzungai, Eitb Irratiaren sintonian.

The Brothers Four: B.M.O.C

BMOCThe Brothers Four taldea Washingtoneko Unibertsitatean eratu zen, Seattlen,  1956.urtean. Ahots harmonia ederrak utzi zizkiguten lau musikari hauek Phi Gamma Delta ermandadearen kide izan ziren eta ermandade honen festetan egin zituzten euren lehen kantaldiak.

Estatu Batuetako unibertsitateetako campusetan loratu zen folk berpizkundearen baitan The Brothers Four taldeak arrakastaz jositako bidea egin zuen eta Beatles ingelesek Amerikan lur hartu arte, disko sorta politta kaleratu. Taldearen lan txalotu eta arrakastatsuenetako bat, 1961eko B.M.O.C diskoa, entzungai izango dugu 22:00etatik aurrera Eitb Irratian.

Dr. Feelgood: Down By The Jetty

down by the jettyGaur gaueko Eguneko Diskoa Dr Feelgood ingelesen debut lana izango da. 70eko hamarkada hasieran Canvey Island eskualdean sortutako laukote honek, pub rock musikaren aitzindarien artean egon zenak, betiko rock and roll musika egin zuen eta horixe da euren aurkezpen diskoan jaso zutena;  rock sinplea, zuzena eta energia handikoa, alegia.

1975eko Down By The Jetty Rockfield estudioetan grabatu zen, Galesen, zuzeneko disko bat izango balitz bezala, musikari guztiekin batera jotzen. Eta horrela grabatu izanak ez gaitu harritzen, taldeak  zuzeneko bikainak ematearen fama baitzuen. Dr Feelgood taldeko kideek, Vic Maile ekoizlearekin elkartu eta euren debut diskoan kontzertuetako soinu berdintsua lortu nahi zutela azaldu zioten.   The Who taldearen Live at Leeds diskoaren ekoizleak onartu egin zuen erronka eta emaitza 22:00etatik aurrera izango duzue entzungai, EITB irratian.

Lynyrd Skynyrd – pronounced leh-nerd skin-nerd

full_pronouncedls 1973ko Pronounced Leh-nerd Skin-nerd Floridako Lynyrd Skynyrd taldearen debut diskoa izan zen.  Southern Rock musikaren kanta ederrenetako batzuk sortu zituen talde honek instituto garaian euren Hezkuntza Fisikoko irakaslea izan zen Leonard Skinner-en omenez hartu zuen izen bitxi hau. Beti umore txarrez zegoen irakasle honek, euren txima ile luzeak zirela eta oihu eta iseka egiten baitzien. Bekoki iluneko gizon hari txantxa bat egin nahian  Lynyrd Skynyrd izenaz aurkeztu ziren eszenatokietan.

Hegoaldeko errepide galduetako tabernetan eman zituzten zenbait urte baina Atlantako club batean jotzen zeudela, Al Kooper ekoizleak entzun zituen eta MCA zigiluarekin disko bat kaleratu nahi ote zuten galdetu zien. Disko honek “Tuesday’s Gone”, “Simple Man” edota “Free Bird” bezain kanta zoragarriak aurkeztu zituen eta taldea izarretarantz bidean jarri. Tamalez euren musika beti egon zen polemikaz zipriztindua, Amerikar Estatu Konfederatuen bandera eurena egin baitzuten.

Gaur gauean, hamarretatik aurrera, guzti honetaz hitz egingo dizuegu baita beste zenbait konturi buruz, ere, Lynyrd Skynyrd taldearen estreinako diskoari eskainiko diogun saio berezian.  Zatozte aintziterako rock musikara!

Vampisoul Records Presents MOVERS!

movers Vampisoul zigilu diskografikoak 2003an ekin zion bere ibilbideari Back To Perú The Most Complete Compilation of Peruvian Underground 64-74 diskoaren argitalpenarekin. Munster diskoetxearen zuzendariak, Iñigo Pastor bilbotarrak, jarri zuen abian zigilu diskografiko hau 60ko eta 70eko hamarkadetako musika afroamerikarraren eta latinoaren harribitxi galduak argitara emateko helburuaz. Orduz geroztik kaleratu dituzten bildumetan Ray Barretto, The Last Poets, Sly Stone, Barry White, Mongo Santamaria, Billie Preston, Willie Bobo edota Joe Bataan bezain musikari aipagarrien lanak berreskuratu dira eta Hego Amerikako underground-eko eszenan egin den musika harrigarrienari monografiko ugari eskaini dizkiote.

Joe Meek The Alchemist Of Pop

joe meek Eguneko Diskoaren tartean, 60ko hamarkada hasierako pop britainiarrari egingo diogu lekua gaur. Joe Meek ekoizleak  Londres iparraldean, Holloway kaleko 304.zenbakian, ekoiztu zituen single esanguratsuenetako batzuk entzun ahalko dituzue, 22:00etatik aurrera, Eitb Irratiaren sintonian.

Pop musikaren ekoizle iraultzaileenetako bat izan zen gizon honek grabazio zein  ekoizpen sistema berritzaileak erabili zituen bere estudioan, musikaren ekoizpena zientzia bihurtuz,  eta soinu bereizgarri bat sortzea lortu zuen, bere hitzetan, kosmos-aren soinua zena.

Berarekin lan egin zuten talde eta abeslarien artean honako hauek daude: The Tornados, The Honeycombs, Screaming Lord Sutch, Mike Berry, Peter JayGlenda Collins, Jenny Moss, The Crying Shames, The Buzz , The Syndicats