Tag Archives: 60’s

Vashti Bunyan Just Another Diamond Day

vashti-bunyan-just-another-diamond-day60ko hamarkada bukaerako folk britainiarraren ikono handienetako bat Donovan musikari eskoziarra izan zen. Honek Skye uhartean artista komuna bat sortzearekin egiten zuen amets eta Erresuma Batuko gazteei utopia hartara batzera dei egin zien 1968an. Deialdi honi erantzunez abiatu zen Vashti Bunyan Londresetik  Eskoziako iparralderantz.

Ijito gurdi bat hartu, zaldi bat, txakur bat eta bere mutilaguna, Robert,  eta bidean jarri zen. Urtebete baino gehiago behar izan zuten gurdi bide zaharretan barrena Eskoziara iristeko eta Skye irlara gerturatzean Donovanek komuna hippie hura sortzearen asmoa bertan behera utzi zuenaren albistea eman zieten.  Bidaia, baina, ez zen denbora galtze hutsa izan. Vashti Bunyanek bidai espiritual bat bezala oroitzen du Londresetik Eskoziara egindako bidai hura. Gurdi zahar hartan beste modu batera bizitzen ikasi omen zuen, naturarekin harremanean eta modu sinple baina, bere hitzetan, zoriontsuago batean. Bidai hartan idatzi zituen abestiek osatu zuten 1970eko bere debut diskoa Just another diamond day.

Pete Dello & Friends: Into Your Ears

pete-dello-into-your-ears-375182 Pete Dellok 1971an egin zuen bere bakarkako debuta, hau da, The Honeybus taldetik joan ondoren. Into Your Ears izenburuko disko honetan datozen kantak, baina,   Honeybus taldeko kide zen garaikoak dira.  Honela, esateko, “Do I Still Figure In Your Life“, (Honeybus taldeak grabatua) soka instrumentuentzat egindako moldaketa berri batean entzun daiteke disko honetan.

Oxfordeko musikariaren aurkezpen  eta agur diskoa izan zen LP hau ganbera pop lan zoragarria da, belarrientzat kutixi bat, melodia eder eta gardenez josia eta malenkonia bare batez bustia.  Pop barroko britainiarra atsegin baduzue, EITB Irratian dugu hitzordua gaur, 22:00etan.

Joe Meek The Alchemist Of Pop

joe meek Eguneko Diskoaren tartean, 60ko hamarkada hasierako pop britainiarrari egingo diogu lekua gaur. Joe Meek ekoizleak  Londres iparraldean, Holloway kaleko 304.zenbakian, ekoiztu zituen single esanguratsuenetako batzuk entzun ahalko dituzue, 22:00etatik aurrera, Eitb Irratiaren sintonian.

Pop musikaren ekoizle iraultzaileenetako bat izan zen gizon honek grabazio zein  ekoizpen sistema berritzaileak erabili zituen bere estudioan, musikaren ekoizpena zientzia bihurtuz,  eta soinu bereizgarri bat sortzea lortu zuen, bere hitzetan, kosmos-aren soinua zena.

Berarekin lan egin zuten talde eta abeslarien artean honako hauek daude: The Tornados, The Honeycombs, Screaming Lord Sutch, Mike Berry, Peter JayGlenda Collins, Jenny Moss, The Crying Shames, The Buzz , The Syndicats

Egun bat Musikan: DION DIMUCCI

Doo wop musikaren ahots aipagarrienetako bat, Dion DiMucci abeslaria, 1939ko uztailaren 18an jaio zen.

Metroko geltokietan eta New Yorkeko kale izkinetan abesten zuten ahots talde txikietako kide bezala hasi zuen bere musika ibilbidea eta 50eko hamarkada bukaeran lortu zituen bere lehen arrakastak The Belmonts taldeak Laurie Records zigilu berriarekin kontratu diskografikoa zinatzean. Talde honetako kideek betidanik ezagutzen zuten elkar, hirurak ziren jatorri italoamerikarrekoak, hirurak bizi ziren ere Belmont hiribidean eta hirurek ikasi zuten institutu berean.

1957tik 1959ra, Dion & The Belmonts Estatu Batuetako doo wop talde arrakastatsuenetako bat izan zen eta “I wonder why”, “A teenager in love edota “Come on little angel”, pop zerrendetako lehen postuetaraino iritsi ziren. 1960an Dion DiMuccik taldea utzi eta bere burua bakarlari bezala aurkeztea erabaki zuen. Ondorengo hiru urteetan, garaiko teen idol famatuenetako bat izan zen eta “Runaround Sue” zein “The Wanderer” abestiak Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko pop zerrenden gailurrean kokatu ziren. 1964an, ordea, Beatles laukoteak Atlantikoa zeharkatu zuen eta Liverpoolekoen etorrerak amerikar pop musika noraezean utzi zuen, urteak iraungo zituen krisi sakon batean.

Heroinak eta Jack Daniels-ak gainbehera jaurti zuten Dion DiMucciren ibilbide profesionala baita bizitza pertsonala. 70eko hamarkarda amaierarako Dion trapu zahar bat baino ez zen.  Urte haietan, tarteka diskoren bat kaleratu zuen arren, 2006 urtera arte ez zuen benetan esanguratsua den lanik argitaratu. Urte honetan, Dion: bronx in blue diskoak grammy sarietara izendapen bat jaso zuen eta abeslaria indarberrituta itzuli zen eszenatokietara. Hainbeste urte eta gero, kritikarien eta entzuleen babesa lortu zuen berriro.