Monthly Archives: September 2008

Egun bat Musikan: Frankie Lymon

 1942.urteko irailaren 30ean Frankie Lymon jaio zen. Gaztetxoa zelarik, hamahiru urterekin soilik, poparen lehenengo izar nerabe beltza bilakatu zen. The Teenagers New Yorkeko doo woop taldeko abeslari bezala egin zen ezaguna, Why do fools fall in love bezalako kantak abesten. Bere adineko gazteak baino helduagoak zirenenen ahotsa zeukan eta eskenatokian benetako izarra zen Frankie Lymon. Ondoren azaldu diren beste artista haundi askok gure protagonistaren eragina aitortu izan du behin baino gehiagotan. Hala nola, Smokey Robinsonek edo Diana Rossek eta, batez, ere, Michael Jacksonek. Azken hau bere anaiekin batera abesten hasi zenean, Frankie Lymonek egindakoa -egokiro eguneratua- birsortu zuen. The Teenagers taldearen abenturak 18 hilabete baino ez zuen iraun. Frankie Lymonena ere ez zen oso urrutira heldu. Hamabost urtekin ahots gaztea aldatu zitzaionean, arrakasta ere eskuen artetik ihes egiten hasi zitzaion. 1942.gaur bezalako egun batean jaioa, Frankie Lymon izar goiztiarra izan zen eta bizitzako beste alderdi pribatuago batzuetan ere azkar ibili zen, baita hiltzeko ere. 26 urtekin zendu baitzen, heroina gaindosi baten ondorioz.

Egun bat Musikan: Message in a bottle

1979.urteko irailaren 29an, The Police hirukoak bere lehenego arrakasta esanguratsua lortu zuen Estatu Batuetako single arrakastatsuenen zerrendan, Message in a bottle kantak Atlantikoz bestaldeko lehenengo postua eskuratzean. Message in a bottle ez da The Policeren estilo bereizgarriaren lehenengo adibidea. Aurreko beste kanta batzuk ere erakusten zuten euren new wave eta reggae “zuriaren” arteko nahasketa. Hala ere, kanta honek heldutasun gehiago erakusten du, bai musikari eta baita hitzei dagokienez ere.

  Continue reading

Playlist: Losing you (Randy Newman)

Harps and angels Randy Newmanen disko berria da. Musikari beteranoa lan bikain batekin itzuli da. Bertan New Orleans-eko soinuak, zineko musikak eta maitasun kanta dotoreek bilduma interesgarria osatzen dute. Losing you kanta da guk aukeratu duguna. Adina eta galera, horiexek dira Losing you-ren gai nagusiak. Newman berak azaltzen duen bezala, zenbait galera gainditzea ezinezkoa den une bat heltzen da bizitzan. Horixe da kanta honek esaten duena. Entzun ezazu eitbmusikan.

Egun bat Musikan: Oh pretty woman

1964.urteko gaur bezalako egun batean, Roy Orbison bakarlariaren Oh pretty woman kantak Estatu Batuetako Billboard Hot single zerrendako lehenengo postua lortu zuen. Hiru astez jarraian ez zen bertatik jeitsi, gainera. Orbisonen Claudette emazteak inspiratu omen zuen abeslaria Oh pretty woman Bill Dees kidearekin batera idazterako orduan. Kanta hau dugu melodramen erregearen hit nagusia. Bere beste baladekin (It’s over, In dreams, Crying…) konparatua, askoz ere soinu rockeroagoa du.

  Continue reading

Playlist: 2 atoms in a molecule (Noah and the whale)

Noah and the Whale Londresko taldearen kantak eguna pozten dizuten horietakoak dira. Beraien lehenengo bilduma (Peaceful, the world lays me down) ekainaren amaiera aldera kaleratu zuten. Ordutik, euren folk-pop abesti baikorrek harrrera oso ona jaso dute. Txaloak, ahots xarmangarriak eta txistuak Noah and the Whale-en kanten ezaugarriak dira. Eitbmusikan 2 atoms in a molecule itsaskorra entzun dezakezu. Beraien izen artistikoa euren pelikula faboritoak inspiratua da. The squid and the whale dugu film hori eta izena bertatik jaso dute, pelikularen zuzendariaren izenarekin (Noah Baumbach) konbinatua.

Egun bat Musikan: Cold turkey

1969.urteko irailaren 25an, John Lennonek Cold turkey kanta grabatu zuen, Plastic Ono Band taldearekin. Hau izan zen bere bakarkako bigarren singlea eta bere izenarekin bakarrik, Paul McCartney gabe, sinatu zuena. Kanta Beatlesek abestea nahi zuen Lennonek. Hala ere, McCartneyk ezezkoa eman zionean, bakarrik grabatzea erabaki zuen, esan bezala, Plastic Ono Band taldearekin batera. Kasu honetan, talde hori Ringo Starrek, Klaus Voormanek, Eric Claptonek eta Yoko Onok osatu zuten. Yoko Onok eta Lennonek heroina kontsumitzeari utzi zioten euforiazko une batean konposatu omen zuen Beatle ohiak Cold turkey.

  Continue reading

Playlist: Love bomb (N.E.R.D)

Pharrell Williams, Chad Hugo –bi hauek poparen izarren ekoizle direnean The Neptunes bezala ezagunagoak- eta Shay, aspaldiko lagunak hirurak, berriz elkartu dira N.E.R.D. (No one Ever Really Dies esaldiaren akronimoa) izena hartuz eta hirugarren bilduma dakarkigute: Seeing sounds. Lan honetan, aurrekoetan bezala, beraien beste proiektuetatik kanpo geratzen diren proposamenak aurkezten dizkigute. Eitbmusikan, esaterako, bertako Love bomb kanta entzun dezakezue. Abestian “ez dugu maitasun kanta gehiagorik behar, maitasun bonba bat behar dugu” aldarrikatzen dute, moldaketa arranditsudun pop soinuek lagunduta.

Egun bat Musikan: Labour of love

1983.urteko irailaren 24an UB40 britaniar taldeak bere sorterriko arrakasta zerrendetako lehenengo postua lortu zuen Labour of love bildumarekin. UB40ko ezaugarri nagusia ez zen musikarako zuten talentua baina reggaea benetan maite zuten. Disko hau horren adibide garbia da. Euren jarrera animatuak Jimmy Cliffen Many rivers to cross ilun xamarra beste tonu alaiago batekin jantzia aurkezten digu. Lan honetan beraien idoloen kanten bertsioak bildu zituzten.

  Continue reading

Playlist: Forever (The Explorers Club)

Hauek ez dira The Beach Boys. The Explorers Club baizik. Hala ere, Brian Wilsonen taldearen orain arteko kopiarik finena dira. Kanpoko itxurari bakarrik begiratuta, ohartuko gara 60.hamarkadako binilo zahar baten azal urratua imitatu nahi duela taldeak aurkezten duen Freedom Wind diskoaren barneko liburuxkak. Bada, asmoa ondo betetzea lortu dute. Baita, noski, kantei dagokienez ere, Kalifornia eguzkitsuko ahots harmonia horiekin eta lehengo moduko ekoizpenarekin. Forever kantarekin entzun ditzakezun eitbmusikan.

Playlist: Again&again (Roots Manuva)

Roots Manuva Erresuma Batuko mc-rik interesgarrienetako bat da. Elektronikaren munduan eskarmentua duen musikari honek hip hoparen irakurketa propioa eta eraberritzailea egiten du sortzen duen bilduma bakoitzean. Jamaica aipatzea ezinbestekoa da Roots Manuvari buruz hitz egiterakoan. Gurasoak bertakoak ditu eta baita sustrai musikalak ere, nolabait esateko. Slime&Reason izeneko bere disko berrian, adibidez, dancehall bezalako jamaikar erritmo dantzagarriz kutsatu ditu kanta guztiak. Entzun ezazu eitbmusikan Again&again abesten eta zuk zeuk egiaztatuko duzu.