Monthly Archives: March 2009

Egun bat Musikan: Lloyd Price

1933.urteko martxoaren 9an Lloyd Price abeslaria jaio zen. XX.mendeko 50.hamarkadako r&b-aren izar hau Lawdy Miss Clawdy klasikoaren egilea da. Gainera, bere lanak soul musikaren mugetatik kanpo jauzi egin zuen eta publiko zabalago baten txaloak jaso zituen. Arrakasta hori ekarri ziotenak honak hit-ak izan ziren: Stagger Lee antzinako blues klasikoaren bere rock & roll irakurketa eta Personality eta I’m Gonna Get Married pop ukitu argidun kantak.

**Egunt bat Musikan: Lloyd Price (audioa)**

Egun bat Musikan: Patsy Cline

Gaurko egunez, 1963.urtean, Patsy Cline hil zen, hegazkin itsripu batean. Country-aren izar honek emakumezko abeslariek industrian beren lekua betetzen lagundu zuen. Ez zen aitzindari bakarra izan, ordean. Kitty Wells, Brenda Lee eta Skeeter Davis, esaterako, sasoi hartako andrazko country abeslari arrakastatsuak izan ziren. Dena den, guztien artetik, Cline gogoratzen da mitoei atxikitzen zaien aurarekin, bere ibilbideko unerik gozoenean heriotza tragikoak goizegi eraman zuelako.

** Egun Bat Musikan: Patsy Cline (audioa)**

Egun bat Musikan: EVAN DANDO

Evan Dando, The Lemonheads taldearen abeslaria eta konposatzaile nagusia, 1967ko martxoaren 4an jaio zen Boston hirian. Husker Du, Devo eta The Replacements bezalako taldeen eraginpean sortu zuen bere lehen taldea, The Whelps, 80ko hamarkada hasieran eta talde honetatik sortu zen urte gutxitara The Lemonheads taldea.

Boston-eko hirukoteak 1987an egin zuen bere debut diskografikoa baina taldearen iraupen luzeko bosgarren lana argitaratu arte, 1992ko It’s a shame about Ray diskoa amerikar irratietara iritsi arte, Evan Dando eta bere taldekideek ez zuten nabarmentzeko arrakastarik lortu. Nazioarteko pop zerrendetara jauzia, berriz, 1993ko Come on feel the Lemonheads diskoak aurkeztutako "I’ll do it anyway" eta "It’s about time" single arrakastatsuek bideratu zuten.

The Lemonheads taldeak 90eko hamarkada erdiko urteetan lortu zituen bere arrakasta handienak, amerikar rock alternatiboak gorakada esanguratsua bizi izan zuen sasoian, eta gero, pixakanaka, taldea beherantza abiatu zen. 2000.urtetik aurrera, Evan Dando-k Lemonheads taldearekin egiten dituen lanak, bere bakarkako disko zein kontzertuekin tartekatzen ditu. 

Egun bat Musikan: Buffalo Springfield

1966.urteko martxoaren 3an Buffalo Springfield taldea osatu zuten Stephen Stills-ek, Richie Furayk eta Neil Young-ek, Bruce Palmer eta Dewey Martin-ekin batera. 60.hamarkadan Californian garatu zen soinuaren talderik esanguratsuena izan zen, the Byrds-ekin batera. Taldearen lehendabiziko elkartzea rockaren historiako atal ezaguna da: Stills eta Furay Sunset Boulevard-etik zihoazela, hil-auto beltz bat ikusi zuten. Stills-ek bazekien automobil bitxia Neil Young kanadarrarena zela. Young-ekin batera, autoan, Bruce Palmer (taldeko baxujolea) zihoan. Dewey Martin ere batu zitzaien baterian.

**Entzun Egun bat Musikan: Buffalo Springfield**

Egun bat Musikan: LOU REED

Lou Reed, The Velvet Underground taldearen abeslaria zein konposatzaile nagusia eta rock alternatiboaren historiako egile garrantzitsuenetako bat, New Yorkeko judutar famili batean jaio zen 1942ko martxoaren 2an.

Haur bakartia izan zen eta nerabe berezia. Gaztetxotan elektroshock terapia bitartez deskarga elektrikoak eman zizkioten bere ustezko jarrera homosexuala aldatu ala zuzentzeko. Siracusako Unibertsitatean egin zituen filologia ingelesean goi mailako ikasketak eta han ezagutu zuen Delmore Schwartz idazlea. Honen literatur solasaldiek bultzatu zuten Lou Reed gaztea bere lehen abestiak eta olerkiak idaztera. Unibertsitatean egon zen sasoi hartan aurkeztu zuen, ere, irrati txiki batean, berak prestatutako musika programa. Irratsaio honetan bere disko kuttunenak jartzen zituen: doo wop, R&B eta jazz musika (Cecil Taylor, Ornette Coleman etab).

New Yorkera itzultzean, Pickwick diskoetxerako hasi zen lanean, kantak konposatzen eta letrak idazten eta gutxira sortu zuen John Cale, Sterling Morrison eta Mau Tucker musikariekin batera The Velvet Underground taldea. Rock experimentala egiten zuten talde hau Andy Warhol pop art maisuaren belarrietara iritsi zen eta honek promozionatu zituen, bere Factorian biltzen ziren beste hainbat aktore, musikari, modelo, argazkilari eta artista bezala.

1970ean berak sortu zuen taldea utzi eta bakarlari gisa aurkeztu zen. Drogen gehiegizko kontsumoak, bere abestietan ukitzen zituen errealitate ilun eta konplexuek, eta bere aurkegi serio zein kopetilunak, New Yorkeko rock-aren "enfant terrible"-a bihurtu zuten. Bere aurkezpen diskoaren ondoren iritsi zen bere lehen lan esanguratsu eta arrakastatsua,  1972ko Transformer. David Bowie-k eta Mick Ronson-ek ekoiztutako lan honek abeslariaren ibilbideko kanta arrakatsuenetako batzuk aurkeztu zituen: "Vicious", "Perfect Day", "Walk on the Wild Side", "Satellite of Love"…Gaur egun, Lou Reed-ek 20 disko baino gehiago ditu merkatuan, hauetako batzuk rock disko itzelak, eta XX.mendeko rock musikaren bilakaeran eragin eta garrantzi gehien izan duten musikarien artean aipatu ohi da.