Monthly Archives: February 2009

Egun bat Musikan: Baby One More Time

Gaurko egunez, 1999.urtean, Britney Spears pop musikaren izar internazionala bilakatu zuen. Egun hartan, Baby One More Time kantarekin, Erresuma Batuko arrakasta zerrendetako lehenengo postura iritsi zen. Urte hartan salmentarik gehien izan zituen singlea izan zen Baby One More Time, bai Erresuma Batuan eta baita Estatu Batuetan ere. Hala ere, Britney ez zen bakarrik poparen izar bilakatu, pop fenomenoa bihurtu zen. Milioika disko saltzeaz gain, Britney Spears komunikabide askotako eguneroko pertsonaia da, eta ez beti arrazoi profesionalengaitik.

**Entzun Egun bat Musikan: Baby One More Time**

Egun bat Musikan: Thompson Twins

1984.urteko otsailaren 25ean, the Thompson Twins talde britaniarraren Into the Gap diskoa Erresuma Batuko arrakasta zerrendetako lehenengo postura iritsi zen. Hirugarren lan honekin oihartzun internazionala lortu zuten. Egia esan, MTVren hasierako urratsen sasoiko tekno-pop talderik arrakastatsuenetako bat izan zen. Hainbat hit (Hold Me Now,Lay Your Hands On Me, King For A Day) aurkeztu ostean, beren izarra itzali egin zen, 80.hamarkada amaieran.

**eitbcomeko audioen atalean Thompson Twinsi buruzko Egun bat Musikan entzun dezakezu**

Egun bat Musikan: DEVIL GATE DRIVE

 1974ko otsailaren 23an Suzy Quatro abeslari eta baxujole amerikarra Erresuma Batuko pop arrakasten zerrendako goreneko postura iritsi zen "Devil Gate Drive" single berriarekin. Hau izan zen Detroit-eko abeslariak zerrenda britainiarretan lortu zuen bigarren hit handia, lehenengoa 1973an lortu baitzuen "Can the Can" abestia Erresuma Batuko pop single salduenen zerrendako lehen postuan sailkatu zenean. 

"Devil Gate Drive", Chinnichap goitizenaz ezagutzen zen konposizio eta ekoizpen bikoteak sortu zuen. Nicky Chinn eta Mike Chapman, Suzy Quatro-ren abesti ezagunenetako batzuen egileak izateaz gain, Sweet, Smokie eta Mud taldeen arrakasta handienen erantzule ere izan ziren. Bi hauek osatu zuten  70eko hamarkada hasierako musika ingelesak izan zuen konposizio bikote entzutetsu eta emankorrenetako bat.

1974an "Devil Gate Drive" Erresuma Batuko pop arrakasten zerrendako lehen postura iristean, Suzy Q garaiko nerabeen abeslari kuttunenetako bat bihurtu zen. Emakume hau izan zen, nagusiki gizonezkoena zen musikaren arlo honetan bere bidea egin zuen lehen emakumeetako bat, ondoren etorriko ziren rock neska taldeei bidea egin ziena.  70eko hamarkada bukaera arte Suzy Quatro arrakasta handiko abeslaria izan zen Australian, Europan, Estatu Batuetan eta Kanadan.

Egun bat Musikan: SON OF MY FATHER 1972

Chicory Tip ingelesek 1972ko otsailaren 20an lortu zuten euren ibilbideko arrakasta handiena "Son of my father" abestia Erresuma Batuko pop single salduenen zerrendako lehen postuan sailkatu zenean. Giorgio Moroder-ek konposatutako kanta honen berezitasun aipagarrienetako bat, moog sintetizadorearen erabileran oinarritutako instrumentazioa izan zen, abestiari soinu bereizgarria eman ziona. Kanta single formatuan izan zen argitaratua lehenik eta ondoren LP formatuan  jaso zuten; hain zuzen ere, talde honen LP bakarrak "Son of my father" izenburua du. Kantak guraso eta nerabeen arteko ezin ulertuaz eta ohiko gatazketaz hitz egiten zuen, nerabeentzat himno moduko bat bihurtu zelarik. 3 astez jarraian izan zen Erresuma Batuan ale gehien saldu zituen singlea eta Europako beste hainbat herrialdetako pop zerrendetan ere lehen postuetan sailkatu zen. Glitter rock eta bubblegum pop doinuak atsegin dituztenentzat, hit biribila.

Egun bat Musikan: “Without You”, Nilsson

Without You Harry Nilssonen kantarik ezagunenetako bat da, Everybody’s Talkin’-ekin batera. Without Youren arrakastak estatubatuar zerrendetako lehenengo postura eraman zuen Nilsson gaurko egun batez, 1972an. Abestia berez Badfinger taldearena da. Hauek argitaratu zutenean ez zuen horrenbeste oihartzunik izan, baina Nilssonen bertsioak lau astez jarraian iraun zuen zerrendetako goren mailan.

**Nilssoni buruzko Egun bat Musikan eitbcomeko audioen atalean entzun dezakezu**

 

 

Egun bat Musikan: WHAT’D I SAY

Ray Charles musikariak 1959ko otsailaren 18an grabatu zuen, New Yorkeko estudio batean, "What’d I say" abestia. Atlantic zigiluarentzat egindako grabaketa saio hau Tom Dowd ekoizlearen gidaritzapean burutu zen. Grabaketa amaitzean, diskoetxeko zuzendariek zalantzak izan zituzten kantaren argitalpenaren inguruan,  letra garaiko gizartearentzat sexualegia baitzen eta abestia bera, ere, luzeegia iruditzen baitzitzaien (6′ 30") single formatuan argitaratua izateko.  Tom Dowd ekoizleak modu oso sinplean ebatzi zuen, abestiaren gehiegizko iraupenaren arazo hau, abestia 2 zatitan banatuz. Lehen zatia, singlearen A aldea bihurtu zen eta bigarren zatia, aldiz, singlearen B aldea. Singlea kaleratu bezain pronto "What’d I say",  R&B arrakasten zerrendako goreneko posturaino iritsi zen eta pop arrakasten zerrendan seigarren postuan kokatu, Ray Charles abeslariari bere lehen arrakasta handia emanez.

Egun bat Musikan: Rock’n’Roll, John Lennon

1975.urteko otsailaren 17an, John Lennonen Rock’n’Roll diskoa Estatu Batuetan kaleratu zuten. Bere biografo askok gutxietsia izan arren, Lennonen Imagine-osteko katalogoko lan nabarmenetako bat da. Gutxiespen honen jatorriak bi iturri ditu: batetik, diskoa grabatu zeneko kaosa (rockaren historiako atal mitikoetako bat bilakatua) eta, bestetik, grabazioaren beraren sorrera (John Lennonen eta editore baten arteko epaitegiz kanpoko akordioa izan baitzen, hasieran). Baina, esan bezala, bere bakarkako lanik aipagarrienetako bat da. Bertan, gaztaroko kantak abesten aurkitzen dugu Lennon, erlaxatua, inori ezer erakutsi beharrik ez duela.

Egun bat Musikan: DORIS TROY

Doris Troy abeslari eta konposatzaile afroamerikarra, Las Vegas hirian hil zen, 2004ko otsailaren 16an, 67 urte zituenean. New Yorken jaiotako emakume hau "Just One Look" eta "Whatcha gonna do about it" abestien egilea izan zen, Erresuma Batuan The Hollies taldeak eta Cilla Black abeslariak arrakastaz moldatu zituzten kantak hurrenez hurren. Konposatzaile aparta izateaz gain, abeslari entzutetsua ere izan zen 60ko hamarkadako urteetan eta ibilbide luzea egin zuen, lehenik Sweet Inspirations taldeko abeslari bezala, eta ondoren, The Beatles, Pink Floyd, The Rolling Stones edota Led Zeppelin bezalako taldeen korista gisa.

1968 ingurura arte soul abeslari bezala eman zen ezagutara nazioartean baina 60ko hamarkada amaierarekin batera eszenatokiak utzi eta konposizioaren zein ekoizpenaren arloetan murgildu zen buru-belarri.  Hainbat urtez, Beatles taldearen Apple diskoetxerako egin zuen lan baita People Records zigilurako ere: hemen Dandy Livingstone ekoizlearekin elkarlan aipagarriak egiteko aukera izan zuen. Bere konposizio gehienak Doris Payne goitizenarekin zinatu zituen.

70ko hamarkada amaitzean, Estatu Batuetara itzultzeko garaia iritsi zitzaion. Etxean bueltan zela, bere bizitzan oinarritutako antzezlan musikal bat egitea bururatu eta 1981ean Mama I want to sing izeneko antzezlana estreinatu zuen. Ondorengo urteetan, 80ko hamarkada osoan zehar, ikuskizun honekin bisitatu zituen nazioarteko antzoki garrantzitsuenetako batzuk.

Egun bat Musikan: Peter Gabriel

Gaurko egunez, 1950.urtean, Peter Gabriel musikari eta kantagile ingelesa jaio zen. Rock progresiboko Genesis taldeko abeslari nagusi eta flauta-jotzaile moduan ezagutu genuen, 60.hamarkada erdialdetik 1975.urtera arte. Genesis utzi eta gero, bakarkako ibilbide arrakastatsuari ekin zion. Azken aldi honetan, world music delakoa ekoizten eta ezagutzera ematen aritu da eta baita musika banatzeko sistema digital aitzindariak garatzen. Ekimen humanitario ugaritan ere esku hartzen du.

**eitbcomeko audioen atalean Peter Gabrieli buruzko istorioa entzun dezakezu**

Egun bat Musikan: Gerry Goffin

Gaurko egunez, 1939.urtean, Gerry Goffin jaio zen New Yorken. Carole Kingekin batera (argazkiko gaztetxoak beraiek dira), pop musikaren klasiko ugari idatzi zituen, 60.hamarkadan. Goffin hitzaz arduratzen zen eta musikaz, aldiz, King. 1958.urtean ezagutu zuten elkar, Queens College-en ikasten ari zirela. Harekin ezkondu eta harremanak iraun zuen hamar urteetan, hit bilakatu ziren kanta ugari sortu zituzten. Besteak beste, “Will You Love Me Tomorrow” (1961), “Take Good Care of My Baby” (1961) eta “The Loco-Motion” (1962). 

**eitbcomeko audioen atalean, Gerry Goffini buruzko istorioa entzun dezakezu**