Monthly Archives: May 2008

Egun bat Musikan: MICKIE MOST

Mickie Most ekoizle britaniarra, The Animals eta Nashville Teens taldeak ezagutara eman zituen gizona, 2003ko maiatzaren 30ean hil zen. 60ko hamarkadako ekoizle entzutetsuenetako bat, berarekin egin zuten lan, besteak beste, Herman’s Hermits, Lulu, Jeff Beck eta Donovan bezalako musikari aipagarriek. Bere lehen arrakasta handia Animals taldearen The House of the Rising Sun singlea izan zen.

70ko hamarkadan RAK zigilu diskografikoa sortu zuen.  Mickie Most-en aginduetara, Nicky Chinn eta Mike Chapman ekoizle eta musikagile gazteek, Suzi Quatro, Mud eta Hot Chocolate bezalako taldeen arrakasta handienak sortu zituzten.

80ko hamarkadan RAK diskoetxea saldu eta musika industriatik aldendu zen. Egia esan, aurreko bi hamarkadetan bere bizitza osoan zehar xahutu zezakeena baino  gehiago irabazi zuen. 2003an Sunday Times egunkariak Erresuma Batuko 200 pertsona aberatsenen zerrenda argitaratu zuen, Mickie Most zerrenda honetan zegoen. 

Egun Bat Musikan: White Christmas

Irving Berlin musikagileak konposatua eta Bing Crosby crooner ospetsuak grabatua, "White Christmas" Holiday Inn filmako kanta arrakastatsuena izan zen. Kanta hau udaberriko egun eguzkitsu batean izan zen grabatua, 1942ko maiatzaren 29an, Los Angeles hiriko Hollywood estudioetan, kantak irudikatzen zituen paisaia hotz eta elurtuetatik urruti. Filma 1942ko abuztuan estreinatu zen baina "White Christmas" ez zen nazio mailako arrakasta izan 1942ko eguberri festak iritsi arte. Bigarren mundu gerra bete betean zela, irrati amerikarrek behin eta berriz jarri zuten kanta hau Europako eta Pazifikoko gudarosteetan zeuden gazteei mezuak bidaliz eta eguberri festak zorionduz. Urteen joanarekin gabon kanta herrikoia bihurtu da, XX.mendeko gabon kanta ezagunenetako bat baita pop musikaren historiako single salduenetako bat ere, 30 milioi ale baino gehiago salduz.

Egun bat Musikan: PRINCE BUSTER

Ska eta rocksteady bezalako musika estiloen sortzaile aipagarrienetako bat, Prince Buster, Kingston hiriburuan jaio zen 1938ko maiatzaren 28an. Gaztetxotan boxeolaria izan zen eta  honegatik kontratatu zuen Clement Coxsonne Dodd ekoizleak bere sound system entzutetsuak babesteko. Jamaika osoko disko- jartzaile famatuenen bizkartzain izateak, musikaren industria gertutik ezagutzeko aukera eman zion eta sasoi hartan hasi zen bere lehen kantak konposatzen eta grabatzen.

Prince Buster-en izena lau haizeetara zabaldu zen Folkes Brothers taldearen "Oh Caroline" kanta ekoiztu zuenean. 60ko hamarkadako lehen urte haietan Blue Beat zigiluarentzat kanta ugari ekoizteaz gain, konposatu eta grabatu ere egin zituen baita nazioarteko hainbat arrakasta lortu ere. Adibidez, "One step beyond" eta "Al Capone" arrakasta handiak izan ziren, azken hau Erresuma Batuko pop arrakasten zerrendetako TOP 20an sailkatu zelarik. 

70ko hamarkada bukaeran, ska revival taldeek, The Specials, Madnes, The Selecter eta Bad Manners bezalako taldeek 60ko hamarkadako ska doinu jamaikarrak berpiztu zituzten. Madness taldeak, esateko, Prince Buster-en kanta baten omenez hartu zuen bere izena.

Egun bat Musikan: Cracked Rear View

90.hamarkada erdialdeko bildumarik esanguratsuenetako bat dugu honako hau: Hootie and the Blowfishen "Cracked Rear View". Izan ere, 1995.urteko maiatzaren 28an iritsi baitzen estatubatuar arrakasta zerrendetako lehenengo postura Hego-Carolinako talde honen lehenengo diskoa. Gainera, hamabost milioi ale saldu zituzten. Arrakasta itzela lehenengo diskoa izateko. Egia esan, euren kantak folk-rock gogoraerraz eta atsegineko konposizio borobilak dira. Hala nola, "Only wanna be with you" eta "Hold my hand".

Egun bat Musikan: Hand in glove (The Smiths)

1983ko maiatzaren 27an The Smiths talde britaniarraren "Hand in glove" musika alternatiboko zerrendetako lehenengo postuan zen. Beraien lehenengo singlea izan zen. Aspaldian ez omen zuen inork horrelako maitasun kanta onik idatzi. Horixe esan zuen kritikari batek baino gehiagok "Hand in glove" entzutean. Morrissey abeslaria eta Johnny Marr kitarrista figura esanguratsuenak zituen banda honek bazuen bai zerbait diferentea. Ordura arteko sintetizadoreen soinua alde batera utziz, kitarra-popa defendatzen zuten beraiek. Nolabait, hurrengo hamarkadan nagusi izango zen Britpoparen aitzindariak izan ziren.

Egun bat Musikan: BED IN FOR PEACE

1969ko maiatzaren 26an, John Lennon eta Yoko Ono bikoteak zortzi eguneko ohealdia hasi zuen Montrealeko Queen Elizabeth hotelean. Martxoan, Amsterdam hirian eta bikotearen eztei-bidaiaren barruan egindako ohealdiak horrenbesteko oiartzuna izan zuen, Lennonek eta Yoko Onok bigarren itxialdi bat egitea erabaki zutela.

"Bed in for peace" izenarekin ezagutzen diren protesta ekintza hauen bitartez mezu bakezale bat zabaldu nahi zuen bikoteak eta honela erantzun zion John Lennonek kazetari batek egindako galderari: All we’re saying is give peace a chance, esaten ari garen guztia hau da, eman bakeari aukera bat. 

Esaldi honek, kanta bat sortzeko abiapuntua eman zion Lennoni eta 1969ko ekainaren 1ean grabatu zen "Give peace a chance" izeneko kanta Montrealeko Queen Elizabeth hoteleko 1742 logelan. 

Egun bat Musikan: Stevie Nicks

1948.urteko maiatzaren 26an Stevie Nicks jaio zen Arizonan. Fleetwood Mac taldeko kantari eta konpositoretzat ezagutzen dugu, batez ere. Hori baino lehen, 60.hamarkadan, Unibertsitateko azkenengo ikasturtean zela hasi zen Estatu Batuetako Mendebaldeko Kostaldeko musika mugimenduan esku hartzen, Lindsay Buckingham bere bikotearekin, Fritz taldearen baitan. Bandarekin, Jimi Hendrix edo Janis Joplin artisten telonero aritu zen. Taldea desegitean, "Buckingham Nicks" diskoa kaleratu zuen bere bikotearekin batera eta disko honi esker hasi ziren biak Fleetwood Mac taldearekin kolaboratzen. Haien atentzioa deitu baitzuen bilduma honek eta eurekin batzera gonbidatu zituzten estatubatuarrak.

Egun bat Musikan: ROSEMARY CLOONEY

Rosemary Clooney abeslari estatubatuarra Kentuckyn jaio zen 1928ko maiatzaren 23an. Nick Clooney telebista izarraren arreba eta, ondorioz, George Clooney aktorearen izeba, bere seme alabetako bat ere, Miguel Ferrer, zinean eta telebistan aritu da lanean.  Rosemary Clooney hiru aldiz  egon zen ezkondua, hauetako bitan gizon berarekin, Oscar saria irabazi zuen José Ferrer aktore puertorricarrarekin.

50ko hamarkadako pop musikaren barruan arrakasta handiak lortu zituen abeslaria, 1946tik 1958ra, Columbia zigiluko izarren artean egon zen. Bere izenburu famatuenak garai horretakoak dira, "Come on a my house", "This ole house", "Botch a me", "Mambo italiano" etab.

Irlandar jatorriko famili katoliko batean jaioa, bere senitarteko eta lagun ugari bezala, Rosemary Clooney Estatu Batuetako klan garrantzitsuenetako bati lotua egon zen, Kennedy familiari. 1968ko ekainean Robert Francis Kennedy eraila izan zen egunean, Rosemary Clooney Los Angeles hiriko Ambassador hotelean zegoen bere alboan.

Egun bat Musikan: Robert Moog

Argazkian azaltzen den "irakasle ero" itxuradun gizon hori Robert Moog dugu. Gaur bezalako egun batean jaio zen, 1938.urtean, New York-eko Queens auzoan. Bera dugu sintetizadorearen aita. Izan ere, 1970.urtean asmatu zuen Minimoog historiako lehenengo sintetizadore eramangarriak musika elektronikoaren eta, orohar, pop musikaren mugak ikaragarri zabaldu zituen. Txikitan pianoa jotzen ikasi zuen eta handik gutxira tramankulu elektronikoen munduan sartu zen. Izan ere, gaztetxotan, theremin-ak eraikitzen egin zuen lan, bere enpresa propioa sortu baino lehen. Hasieran, lanardi erdian aritu zen, emaztearekin batera, musika-tresna elektronikoak eraikitzen. Sasoi hartan, sintetizadoreak gela osoa bete zezaketen tramankulutzarrak ziren. Hori dela eta, bere asmakizuna, aipatutako Minimoog sintetizadorea guztiz iraultzailea izan zen.

Egun Bat Musikan: U2-BOY

1980ko maiatzaren 22an U2 irlandarrek 11 o’clock tic toc izeneko birari ekin zioten Erresuma Batuko eta Irlandako lurretan barrena. Bira honen izenak Island Records zigiluan argitaratu zuten lehenengo singleari egiten dio aipamen. "11 o’clock tic toc" ibilbide arrakastatsu baten hasiera izan zen eta Boy diskoaren grabaziorako lehen urratsa. Taldearen aurkezpen disko hau Steve Lillywhite izeneko gazte batek ekoiztu zuen, taldearen ondorengo lanetako ekoizle ere izango zenak eta taldearen soinu bereizgarria sortzeko prozesuan eragin handia izan zuenak. 11’clock tic toc izeneko bira Dublineko Dalymount jaialdian amaitu zen 1980ko uztailaren 28an. Irlandarrek 23 kontzertu eskaini zituzten bi hilabetez luzatu zen tour honetan.