Monthly Archives: January 2009

Egun bat Musikan: Introducing the Headlines According to Terence Trent D’Arby

1988.urteko urtarrilaren 30ean, Terence Trent D’Arby bakarlaria Erresuma Batuko diskorik arrakastatsuenen zerrendako lehen postura iritsi zen, Introducing the Headline According to Terence Trent d’Arby aurreneko lanarekin. Bertan zortzi astez jarraian iraun zuen. D’Arbyk berak idatzi zituen diskoko kanta guztiak eta bertako hainbat musika-tresna ere berak joak dira. Artean, gaztea eta harroa zen eta berea Sgt.Peppers Lonely Hearts Club Band-ez geroztiko diskorik garrantzitsuena zela esatera ere iritsi zen. Hitak behintzat ez zitzaizkion falta diskoari: If You Let Me Stay, Dance Little Sister, Sign Your Name eta Wishing Well arrakastatsua lan honetan aurkituko ditugu.

 

**Terence Trent D’Arbyri buruzko Egun bat Musikan entzun nahi baduzu, sartu eitbcomeko audioen atalera**

Egun bat Musikan: We Are the World

 

Bob Dylan, Ray Charles, Bruce Sprinsteen, Tina Turner…guztira berrogeitabost artista estatubatuar elkartu ziren 1985.urteko urtarrilaren 28an, A&M zigiluaren estudioetan, We Are the World grabatzeko. Kanta Michael Jacksonek eta Lionel Ritchiek idatzi zuten eta Usa for Africa deituriko ekimen hau sortzearen ideia Harry Belafonteren managerrak izan zuen, Britania Haundian antolatutako Band Aid ekimenak inspiratua.

 

Egun bat Musikan: Eddie Van Halen

1955.urteko urtarrilaren 26an Eddie Van Halen jaio zen Holandan. Jimi Hendrixen atzetik, Van Halen XX.mendeko gitarra-jotzailerik eraginkor, berezi eta trebeena izan da. Haurra zelarik, Estatu Batuetara joan zen bizitzera, gurasoekin eta Alex anaia zaharrarekin. Erresuma Batuko 60.hamarkadako taldeek, Dave Clark Five-k, batez, ere, txundituta zeukaten. Hasieran, bateria jotzen hasi zen, anaiak gitarra jotzen zuen bitartean. Hala ere, paperak segituan aldatu zituzten eta aurki Los Angeles hiriko gitarra-jotzaile ezagun eta trebeena bilakatu zen.

  Continue reading

Egun bat Musikan: NIRVANA LEHEN MAKETA

1988ko urtarrilaren 23an Nirvana taldeak bere lehen maketa grabatu zuen. Lehen grabaketa hau nahikoa izan zen Jonathan Poneman managerraren laguntza lortzeko eta honi esker grabatu zuen Seattle-eko hirukoteak euren estreinako singlea izango zena. Aurkezpen single honek Shocking Blue holandarren "Love Buzz" abestiaren moldapen bat zekarren A aldean  eta B aldean, berriz, "Big Cheese" izeneko abesti bat. Sub Pop zigiluan argitara emandako single honek 1000 ale baino ez zituen saldu baina harrera ona izan zuen hiriko underground eszenan.

Hilabete batzuetara, Nirvana taldeko kideak Jack Endino ekoizlearen aginduetara jarri ziren ,berriro, eta bigarren aldi honetan, taldearen iraupen luzeko lehen diskoa osatuko zuten abestien grabaketa burutu zuten. Grabaketa saioak ez ziren 4 egun baino gehiagoz luzatu eta diskoa grabatzea 600 dolar baino ez zitzaien kostatu; euskeria bat, diskoak izan zuen oihartzuna kontutan hartuta. 1989ko Bleach, oinarrizko diskoa izan zen grunge mugimenduaren sorrerarako eta 90eko hamarkadako rock amerikarraren bilakaeran funtsezko lana izan zen, ere.  

 

Playlist: Sabali (Amadou&Mariam)

Amadou&Mariam Maliko bikotearen Sabali kanta gure eguneroko programazioan estreinatu berri dugu. World musikaren zirkuituetatik musika jaialdi internazional esanguratsuenetan (Glastonbury, Coachella…) jotzera pasatu ziren Dimanche á Bamako (2005) Manu Chaok ekoiztutako diskoaren arrakastari esker eta Welcome to Mali berria sortzerakoan bultzada hori aprobetxatzen jakin dute. Izan ere, Amadou&Mariamen erroak afrikarrak izan arren, beren musikak mugak hautsi ditu eta, Sabali (Damon Albarn-ek ekoiztua) bezalako kantekin pop zirraragarrienaren eremuan sartu dira.

Egun bat Musikan: Count Basie DECCA

Count Basie orkestra zuzendari, konposatzaile eta jazz pianistak, 1937ko urtarrilaren 21ean egin zuen Decca diskoetxearentzat bere lehen grabaketa saioa. New York-en burutako saio hartan parte hartu zuten The Barons Of Rhythm, Count Basie-ren ohiko talde laguntzailea osatzen zuten musikariek. Sasoi hartan, taldean zeuden: Lester Young eta Herschel Evans saxofonistak,  Buck Clayton tronpeta-jotzailea, Walter Page, Freddie Green eta Joe Jones musikariek osatutako erritmo sail aparta eta Jimmy Rushing shouter famatua. Decca zigiluarekin zinatutako kontratu honek eman zion hasiera Count Basie-ren orkestraren ibilbide arrakastatsuari.

Bigarren Mundu Gerra aurreko urteetan, Count Basie-ren big band famatua, Benny Goodman eta Duke Ellington zuzendarien orkestren parekoa izan zen eta swing musikaren urrezko urteei musika jarri zien orkestra garrantzitsuenetako bat bezala gogoratzen da. Urte haietan grabatu zituzten izenburu arrakastatsuenen artean aipa ditzakegu, "One O’clock Jump", "Honeysuckle Rose" eta "Stop Beatin’ Round the Mulberry Bush" .

Egun bat Musikan: Keep On Runnin’ (Spencer Davis Group)

 

Spencer Davis Group talde britaniarra gaurko egunez, 1966.urtean, iritsi zen Erresuma Batuko singleen zerrendako lehenengo postura, Keep On Runnin’ singlearekin. Blue-eyed soul edo begi urdinen soul delakoaren klasiko haundi bat kanta hau. Orduan sasoian, Steve Winwood taldeko abeslari nagusia oso gaztea zen (17 urte zituen), baina bere ahotsari soul-a dario alde guztietatik. Hala ere, kanta hau ez zuen Spencer Davis Group-eko inork sortu. Aldiz, Jackie Edwards jamaikarraren konposizioa da. Edwards Jamaicako Nat King Cole deitzen zuten, abeslari dotore eta polifazetikoa baitzen; gainera, oso kanta-idazle fina ere bazen zen. Spencer Davis Group-ek kaleratu zuen azkenengo single-a ere, When I Come Home, berak idatzia da.

(Spencer Davis Groupen Egun Bat Musikan entzun nahi baduzu, sartu eitbcomeko audioen atalean)

Egun bat Musikan: PLEASE PLEASE ME

1963ko urtarrilaren 19an, Beatles britainiarrek, lehen aldiz, nazio osora emititu zen telebista programa batean egin zuten agerraldia. Liverpool-eko laukoteak "Please Please me" single berria aukeratu zuen Thank your lucky stars telebista saioko emanaldi hartarako.

Kanta hau, Beatles taldeak Erresuma Batuan argitaratzen zuen bigarren singlea izan zen eta Estatu Batuetan kaleratu zuen lehenengoa. Kantaren arrakastak (Nº 2 UK pop singles) oihartzun nabarmena eman zion taldeari eta euren iraupen luzeko lehen diskoaren grabaketa bideratu zuen. George Martin-ek ekoiztu eta Parlophone zigiluak argitaratutako aurkezpen disko honek Please Please me izena hartu zuen, ere, eta pop musikaren norabidea betirako aldatuko zuen Beatles taldearen lehen egunetako arrakasta guztiak aurkeztu zituen.