Monthly Archives: June 2008

Egun bat Musikan: Andy Scott THE SWEET

Andy Scott, The Sweet talde britainiarraren gitarjolea,  Galeseko iparraldean jaio zen 1949ko ekainaren 30ean. 1970ean iritsi zen glitter rock talde honetara, Frank Torpey gitarjolearen ordezko modura eta gaur egun bera da, The Sweet taldearen jatorrizko kideetatik, eskenatokian jarraitzen duen bakarra.

The Sweet taldearen estreinako diskoa, Funny how sweet coco can be, 1971an eman zen argitara RCA zigiluan eta ,lehen lan honetan jada, taldeak aurkeztu zituen kanta gehienak Mike Chapman eta Nicky Chinn bikoteak konposatuak ziren. Chapman & Chinn izan zen The Sweet taldearen soinu alai, jolasgarri eta txoro samarraK sortu eta garatu zituena eta beraiek konposatu zituzten "Funny Funny", "Little Willy", "Block Buster!" edota "Ballroom blitz " bezalako arrakasta handiak.

1976tik 1982ra taldearen arrakastak gainbehera egin zuen, neurri handi batean glitter rock eta glam rock doinuek ere gainbehera egin zutelako. The Sweet doinu berrietarantz abiatu ziren, heavy ukituko hard rock kantak grabatuz baina ez zuten inolako babesik lortu euren jarraitzaileengandik.  1982rako taldea desegina zegoen. 

Playlist: “The race” (Cajun Dance Party)

Cajun Dance Party taldeko neska-mutilentzat bizitza kolorez betea da. Horrelako izenburua jarri baitiote euren lehenengo lp-ari: "The Colourful Life". Aurreko urtean kaleratu zituzten hainbat single-ek kritikari espezializatuen, publikoaren eta beste musikari batzuen (Thom Yorkek gomendatuta lortu zuten XL zigiluarekin kontratua) atentzioa deitu zuten. Beraiek, oraindik eskolara zihoazela, lehenengo bilduma prestatzen jardun dute, Bernard Butler Suedeko kide ohia ekoizle izan dutela. eitbmusikan "The race" kantarekin entzun ditzakezu.

Playlist: “River Song” (Dennis Wilson)

Dennis Wilson Beach Boys taldeko talentu gutxienekodun kidea zen, hasiera batean. Eta itxura batean, gaineratu behar dugu. Izan ere, 70.hamarkadarako, Wilson anaietako ertainak kantaegile, ekoizle eta abeslari bikaina zela erakutsi zuen. 39 urterekin itota hil zenean bakarkako bilduma bat baino ez zeukan kalean: “Pacific Ocean Blue” (1977). Horixe da aurten birrargitaratu dutena. Bihotza erdiratzen duten baladak eta ukitu berezidun pop kantak aurkituko ditugu bertan. Diskoa “River song” Naturaren aldeko aieneak zabaltzen du. Aste honetatik aurrera gure sintonian entzungo duzu!

Egun bat Musikan. Talk On Corners

1998.urteko ekainaren 27an, The Corrs taldearen bigarren bilduma, “Talk On Corners”, Erresuma Batuko arrakasta zerrendetako lehenengo postura iritsi zen. Irlandako Corr anaia-arreben lan arrakastatsu hau, Britania Haundiko diskorik salduenen artean kokatzen da. Lehenengo bildumarekin, “Forgiven not forgotten”, ospe internazionala lortu zuten, 1994ean. Lan honen arrakasta bera edo haundiagoa lortu beharraren presioak bigarren bildumaren grabazio-prozesua nahiko neketsua bihurtu zuen, taldeko kideek behin baino gehiagotan adierazi dutenez. Hala ere, emaitza ezinhobeak lortu zituzten euren zigilu bilakatu diren ahots garbi eta Irlandako soinu tradizionalen ukitua duten melodiei esker. “What can I do?” edota “I never loved you anyway” disko honetako hit haundiak dira.

PLAYLIST: SANDY DENNY

 

Sandy Denny folk abeslari britainiarra 1978ko apirilaren 21ean hil zen. Bere heriotzetik 30 urte pasa direnean Island zigiluak atzera begirako bat eskaini dio The Music Weaver izenburupean kaleratutako disko bikoitz batean eta udarako aste hauetan zehar eitbmusikaren sintonian izango dituzue entzungai abeslariak grabatutako doinu ederrenetako batzuk.

Fairport Convention, The Straws eta Fotheringay taldeetako abeslaria, talde hauen izenburu ezagunenetako batzuk grabatzeaz gain konposatu ere egin zituen, berea delarik, esateko, 1968an Judy Collins abeslari amerikarraren ahotsean nazioartean ezaguna egin zen "Who knows where the time goes ?". 70ko hamarkadan barrena, garaiko talde garrantzitsuenetako batzuekin kolaborazio aipagarriak egin zituen arren, Led Zeppelin taldearen abesti batean ahotsa sartuz adibidez, hamarkada horretan bakarlari bezala aurkeztu zituen bere lan gehienak. Azkena, Rendezvous izeneko diskoa,  1977an kaleratu zuen. Ondorengo urtean, 1978ko udaberrian, 31 urte baino ez zituenean eskaileran behera erori eta hil egin zen. 60ko eta 70ko hamarkadetako folk rock musikaren zaletuek, garai hartako ahots garden eta adierazkorrenetako bat bezala gogoratzen dute.

Egun bat Musikan: CHRIS ISAAK

Chris Isaak musikari kaliforniarra 1956ko ekainaren 26an jaio zen. 80ko hamarkadako rockabilly revivalaren izar aipagarrienetako bat, nazioarteko lehen arrakasta handia 1989an lortu zuen Heart Shaped World diskoa argitaratzean.

David Lynch zine zuzendariak disko honetako kanta bat aukeratu zuen 1990ko Wild at Heart filmako soinu bandarako eta pelikularen oihartzunarekin batera ” Wicked Game”  Estatu Batuetako pop arrakasten zerrendetako 10 single salduenen artean sailkatu zen.

Bere lan esanguratsu eta ezagunenak musika arloan egin baditu ere, antzezle txukuna izan da Married to the mob, Silence of the lambs, Twin Peaks, Little Buddha eta The Wonders bezalako filmeetan agerraldi gogorangarriak eginez. 1999an Stanley Kubrick zine zuzendariak, Forever Blue diskoko kanta bat, “Baby did a bad bad thing”, erabili zuen Eyes Wide Shut bere azken filmako soinu bandan eta honek Chris Isaak musikariaren arrakasta handienen atzera begirakoa bultzatu zuen. Egun, musika arloan dihardu lanean eta, ziurrenik, laster argitaratuko du disko berriren bat.

Playlist: “My girl” Pet Shop Boys

Hona hemen Neil Tennant. Pasa den maiatzaren 2ko irudia da hau. Hain zuzen ere, Pet Shop Boysek Londresko Heaven klubean eskaini zuen kontzertukoa. "Can you bear it?" izeneko gertakizun benefikoaren atal bat izan zen bikotearen emanaldia. Dainton Connell euren laguntzaile izandakoaren familiaren aldeko gertakizuna izan zen hau, hain zuzen ere. Connell aurreko urtean auto-istripu batean hil zen. Emanaldian, Madness taldeko Suggs eta Carl eskenatokira igo ziren "My girl" euren klasikoa abestera, Pet Shop Boysen moldaketa elektroniko berriekin. Tennant eta Loweren bertsio berri hau entzungai duzu jada gure sintonian.

Playlist: “Academy fight song” (Mission of Burma)

“Academy fight song” Mission of Burma Bostongo taldeak kaleratu zuen lehenengo single-a da. Aste honetatik aurrera eitbmusikan entzun ahal izango duzu oraindik ere post-punkaren kantarik onenetakoa den hau. Izan ere, Matador disketxeak Mission of Burmak bere sasoian Ace of Hearts zigiluarekin kaleratutako lanak birrargitaratzea erabaki baitu. Aukera paregabea egungo banda alternatibo ugarik erreferentziatzat aipatzen duten taldea ezagutzeko.

Egun bat Musikan: All you need is love

1967.urteko ekainaren 25ean Beatlesen “All you need is love” mundu guztian entzun zen, aldi berean, telebistako satelite bidezko lehenengo ekoizpenari esker. Our World izeneko saio aitzindari horrek 400 milioi ikusentzule izan zituen. Saioa zuzenean egin zen eta hainbat herrialdekin konexioak egin ziren. Herrialde bakoitzeko artistak azaltzen ziren konexio horietan (esaterako, Maria Callasek eta Pablo Picassok ere esku hartu zuten) eta hauen artean, esan bezala, Beatles taldea agertu zen.

  Continue reading

FOXBORO HOT TUBS: STOP DROP AND ROLL!!!

Green Day hirukoteko kideek talde berria jarri dute abian Foxboro Hot Tubs. Kaliforniarrek garage rock, surf eta rock and roll bezalako estiloak lantzeko asmoz sortu dute talde berri hau eta dagoeneko kalean da hirukotearen aurkezpen diskoa Stop Drop and Roll!!!. 12 abestiz osatutako lan honek harrera beroa izan du Amerikako Estatu Batuetan non "Mother Mary" singlea Billboard amerikarreko Top 20an sailkatu den eta Europako irratietan ere oihartzun nabarmena lortzen ari da aipatutako disko hau. Udara sasoiko hilabete hauetan zehar  eitbmusikaren sintonian izango dituzue entzungai.