Monthly Archives: August 2008

PLAYLIST: RON SEXSMITH Exit Strategy Of The Soul

Ron Sexsmith kantautore kanadarrak estudioko bere hamargarren diskoa aurkezten digu: Exit Strategy Of The Soul. Yep Roc zigiluak argitara eman duen lan berri hau Londresen eta La Habanan izan da grabatua eta Martin Terefe-k ekoiztu du. Kanadarrak Cubako hainbat musikari entzutetsu izan ditu bere alboan disko berri honetan, hauen artean dauedalarik,  Amaury Pérez tronboi-jotzailea, Alexander Abreu tronpeta-jotzailea eta Joaquín Betancourt konposatzailea, soka, perkusio eta metalezko instrumentuetarako  moldapenak egitearen arduradun izan dena.

Disko berri honetan, Ron Sexsmith-ek soul eta latin ukituko doinu eta erritmo epealak barneratu ditu bere ohiko folk pop melodietan eta, beti bezala, edertasun handiko abestiez osattzen den disko atsegina grabatzea lortu du.

PLAYLIST: MY MORNING JACKET Evil Urges

My Morning Jacket amerikarren estudioko bosgarren diskoa Atco zigiluak eman du argitara eta Joe Chiccarellik ekoiztu, The Shins eta White Stripes bezalako taldeen hainbat lanen ekoizle izan denak. Kentucky-ko taldeak disko eklektiko bat aurkezten digu orain, estilo eta garai ezberdinetako musiken oihartzunak dakartzana, 70eko hamarkadako country rock musikatik hasi eta pop, funk, heavy metal eta neo-psikodeliaraino. Diskoak aldekoak eta kontrakoak izan ditu eta kritikariek ere zalantzak dituzte Evil Urges izeneko lan berri hau ontzat ala txartzat jotzeko orduan. Zalantzarik gabe, orain arteko diskoen soinutik aldentzen den lana da eta diskoko abestiak entzunda, My Morning Jacket musika norabide berriak urratzen ari direnaren irudipena etor dakiguke burura. Disko hau taldearen musikaren garai berri baten atarian kokatzen da, trantsizio prozesu baten erdi- erdian eta itxaron egin beharko dugu, norabide berri honek noraino eramango dituen ikusteko. Oraingoz, Evil Urges diskoak kanta sorta txukuna eskaintzen digu.

PLAYLIST: BLACK AFFAIR Pleasure Pressure Point

 Black Affair izeneko proiektu hau Beta Band talde eskoziarraren abeslari eta gitarrista izandako Steve Mason-en proposamen berria duzue. Pleasure Pressure Point izenpean argitaratu du bere aurkezpen diskoa eta egun hauetan  eitbmusikaren sintonian entzun dezakezue 80ko hamarkadako techno musikaren eta elektronikaren eraginpean (Dead or Alive, Depeche Mode, OMD, Erasure) eginiko disko retro futurista hau.

 V2 zigiluak plazaratu duen disko hau melodia hotz, hipnotizatzaile eta robotizatuko 12 abestiz josten da, Steve Mason musikariaren alde ilunenean barneratzen gaituzten 12 abesti itsaskorrez. Kanta hauek diskoan bertan entzun ditzakezue, baita Black Affair-en myspacean eta noski, baita eitbmusikaren sintonian.

PLAYLIST: DANNY KIRWAN Second Chapter

Danny Kirwan musikari britainiarrak bakarlari gisa kaleratu zuen estreinako diskoa berrargitaratua izan da. Second Chapter izeneko lan honek 1975ean ikusi zuen lehen aldiz argia, hain zuzen ere, Danny Kirwan gitarristak Fleetwood Mac taldea utzi eta 3 urtetara. 

Diskoa DJM zigiluak eman zuen argitara eta Martin Rushent-ek ekoiztu, 70eko hamarkadako azken urteetan eta 80ko hamarkadako lehen urteetan nazioartean ospe handiko ekoizlea bihurtuko zenak, Buzzcocks, Stranglers, The Human League, Ultravox, Generation X eta Spandau Ballet bezalako taldeekin egin zituen lanei esker.

Disko hau osatzen duten 11 kantak, Danny Kirwan berak konposatu zituen eta 1973 eta 1974 urteetan izan ziren grabatuak. Grabaketa saioetan aritu ziren, Danny Kirwan gitarrista eta abeslariaz gain, Geoff Britton (bateria), Andy Sylvester (baxua), Paul Raymond (pianoa) eta Jim Russell (perkusioa).

PLAYLIST: THE HOLD STEADY Stay Positive

Stay Positive New Yorkeko The Hold Steady taldeak argitaratzen duen laugarren diskoa da. Brooklyn-eko talde honek 2004an egin zuen bere debut diskografikoa Almost Killed me izeneko lanarekin eta 4 urteko epean, iraupen luzeko 4 disko merkaturatu ditu. Azken hau, Vagrant zigiluan izan da argitaratua eta John Agnellok ekoiztu du, Sonic Youth, Patti Smith, Bob Dylan, Screaming Trees, Lemonheads eta Mark Lanegan bezalako talde eta bakarlariekin lan egin duen ekoizle famatuak. Diskoaren grabaketan 2 musikari gonbidatu izan ditu Craig Finn-en taldeak: Doug Gillard (Guided By Voices) eta Patterson Hood (Drive By Truckers).

Stay Positive rock indartsuko disko bat da, Bruce Springsteen, Hüsker Dü eta Pere Ubu bezalako taldeen eragina azaltzen duen lana; pasarte gogorrenetan, distortsiora iristen den bolumen ozena duena eta beste une batzuetan, aldiz, belarrira lasaiagoa eta atseginagoa egiten dena. Energia positiboz betetzeko disko aparta.

PLAYLIST: DAVE MASON Alone Together

Dave Mason musikari britainiarraren bakarkako lehen diskoa, Alone Together, digitalki bermasterizatutako edizio berezi batean izan da argitaratua. Traffic taldeko kide izan zen Dave Mason-en estraineko disko hau 1970eko urrian izan zen kaleratua eta bertakoa da "Only you know and I know " single arrakastatsua, Erresuma Batuko pop arrakasten zerrendetako Top 40an sailkatu zena eta uda sasoiko egun hauetan eitbmusikaren sintonian entzun dezakezuena.

Mason-ek 70eko hamarkada hasierako rock musikari aipagarrienetako batzuekin egin zuen lan disko honetan, Delaney eta Bonnie Bramlett, Jim Capaldi, Eric Clapton, Rita Coolidge, Carl Radle eta Jim Gordon musikariekin grabatuz disko honetan aurkeztutako kantak.  Diskoa, berak ekoiztu zuen Tommy LiPuma-ren laguntzarekin eta Blue Thumb diskoetxea izan zen Alone Together lana argitaratzearen arduraduna.

PLAYLIST: THE WATSON TWINS Fire Songs

 

Chandra eta Leigh Watson ahizpa bikiak Kentuckyn jaio ziren, Louisville hirian, baina 1997az geroztik Los Angeles hirian bizi dira. Hiri honetako country folk eszenan ekin zioten bere ibilbideari eta hasiera batetik lortu zuten kritikari eta musika zaletuen arreta, bikotearen armonia bokalak, batik bat, edonoren arreta lortzeko modukoak baitira. 

Zuzeneko emanaldietan gertutasun handia islatzen duen bikotea, The Watson Twins ahizpen musika ere epela da, xinplea, melodi goxoez josia. Taldearen estreinako diskoa Vanguard zigiluaren eskutik iritsi zaigu eta eitbmusikan, soul ukituko "How am I to be" abestiarekin aurkeztu dugu.  Abesti honez gain, diskoak beste hamar kanta dakartza, hauetako bat, The Cure taldearen "Just Like Heaven" abestiaren moldapena.

  

PLAYLIST: EMMYLOU HARRIS All I Intended To Be

 

All I Intended To Be, Emmylou Harris country abeslariaren disko berria da. Nashvillen grabatutako disko hau Nonesuch diskoetxeak plazaratu du eta Brian Aher, Emmylou Harris abeslariaren senar ohiak ekoiztu. Aher izan zen ere, abeslariaren lehen 11 diskoak, 70eko eta 80ko hamarkadetako lan esanguratsuenak, ekoiztearen arduraduna. Aipatzekoa da ere, abeslariak aspaldiko lagun eta kolaboratzaileak gonbidatu dituela disko honetan parte hartzera, Dolly Parton, Kate eta Anna McGarrigle, Glenn D. Hardin (Elvis-en teklista), Bill Payne (Litte Feat), Vince Gill eta Buddy Miller izan dituelarik diskoaren grabaketan bidelagun. Diskoan datozen hamahiru abestietatik, sei berak konposatu ditu eta beste zazpiak moldapenak dira. Tracy Chapman, Merle Haggard, Patty Griffin, Mark Germino, Jude Johnstone, Jack Wesley Routh eta Billy Joe Shaver egileen kantak aukeratu eta egokitu ditu disko honetarako. 

Urte batzuk badira abeslariak country folk disko bat grabatzen ez zuenetik eta bere betiko jarraitzaileek gustura hartu dute Emmylou Harris-en lan berri hau. 61urteko abeslariak, gainera, 70ko hamarkada hasieran Gram Parsons-ekin abesten hasi zeneko ahots garden bera izaten jarraitzen duela erakutsi du All I Intended to Be diskoan. 

PLAYLIST: NEON NEON Stainless Style

Super Furry Animals taldeko Gruff Rhys abeslariak eta Bom Bip hip hop ekoizleak, Neon Neon izeneko musika proiektu berria aurkezten digute Stainless Style iraupen luzeko lehen lanarekin. Eitbmusikan "Itold her on Alderaan" singlea jarri dugu entzungai dagoeneko eta diskoa, ere, kalean da erosi nahi duenarentzat.

Lex Records zigiluak argitaratua, Neon Neon bikotearen estreinako disko hau John DeLorean, DeLorean Motor Company enpresaren sortzailearen bizitzaren inguruan eginiko lan kontzeptuala da. John DeLorean Estatu Batuetako egunkari guztietako protagonista bihurtu zen 1982.urte amaieran, bere enpresak porrot egin ondoren, poliziak narkotrafikoan harrapatu zuenean. Iskanbila hauengatik baino, ordea, ezagunagoa dugu De Lorean DMC-12 auto futurista merkaturatu izanagatik. Gogoratuko duzuen bezala, auto hau, 1985ko Back To The Future filmaren protagonistak  (Michael J. Fox)  iraganera bidaiatzeko erabiltzen duen autoa da. 

Neon Neon bikoteak,  80ko hamarkadako yuppie amerikar baten soinu banda izan zatekeena aurkeztu du Stainless Style diskoan, XXI. mendeko elektronikatik abiatuz 80ko hamarkadako pop musikara hurbilketa txundigarria eginez. 

PLAYLIST: RUPA & THE APRIL FISHES Extraordinary Rendition

San Francisco-ko badiatik datorren talde bat aurkeztu nahi dizuegu gaur, Rupa and the April Fishes. Herrialde ezberdinetako musiken uztartzetik jaiotako talde hau Extraordinary Rendition diskoaren aurkezpena egiten ari da nazioartean eta oraingoz behintzat, lehen lan honek harrera bikaina izan du non-nahi. Bertan, jatorri ezberdinetako doinuak aurki ditzakegu, chanson frantsesetik hasi eta ijituen swing doinuetara, argentinar tangora edota raga indiarrera. Mestizai honen erantzulea Rupa Marya da, taldearen ahots nagusia eta disko honetan azaltzen diren abesti guztien egilea. Emakume hau Kalifornian jaio zen arren, jatorri indiarrekoa da eta hainbat urtez Frantzian bizitakoa. Bere bizipenek musika koloretsu eta kultur anitzekoa egitera eraman dute ba, baita hizkuntza ezberdinetan abestera ere. Taldearen emanaldietan, frantsesez, ingelesez, gazteleraz eta hindieraz aritzen da. "Une americaine a Paris" abestian esateko, frantsesez entzun dezakegu.