Monthly Archives: July 2009

Joe Cocker: Mad dogs & Englishmen

1970eko martxoaren 27an grabatua New Yorkeko Fillmore East rock antzokian, Mad Dogs & Englishmen Joe Cocker ingelesaren ibilbide osoko disko onenen artean dago. Sheffieldeko musikariak kontzertua hartan interpretatu zituen abestiak biltzen dira bertan, gehienak soul, folk eta rock abesti ezagunen moldapenak direnak ( Bob Dylan, Sam Cooke, Traffic, The Beatles, The Box Tops etab.) Nabarmentzekoa da, ere, eszenatokian Joe Cockerekin batera aritu ziren musikari eta abeslarien lana, batik bat Leon Russell eta Rita Coolidge bikotearena.

Mad dog and Englishmen, Joe Cockerek miresmen handia zion Noël Coward konposatzaile britainiarraren 1931ko abesti baten izenburua ere bada. Gaur gauean, hamarretatik aurrera, Eitbmusikaren sintonian izango dugu entzungai.

Clannad: Macalla

Gaurko Eguneko diskoa Clannad irlandarren 1985eko Macalla lanari eskainiko diogu. Brennan anai- arrebek ( Enya abeslariak talde utzia zuen ordurako) grabatzen zuten estudioko zortzigarren disko hau izan zen euren musika nazioartean ezagutara eman zuena. Diskoaren arrakastaren erantzule, hein handi batean behintzat, U2 taldearen abeslaria da. Bonok eta Moya Brennanek balada bat grabatu zuten disko honetarako eta “In a lifetime” izeneko single honen oihartzunak eramana zuen diskoa nazioarteko irratietara. 

 New age musikaren atarian, pop doinuak eta folk zeltiarra uztartzen dituen abesti sorta bat aurkituko duzue 1985eko disko honetan. RCA zigiluak argitaratua, Steve Nye izan zen diskoaren ekoizlea eta Anton Corbijn diskoaren azalean ikus daiteken argazkiaren egilea.

Patsy Cline: My Greatest Songs

1992ko My Greatest Songs kanta bildumak Patsy Cline abeslariaren ibilbide laburreko izenburu arrakastatsuenak jasotzen ditu, 1957 eta 1963 urte tartean Decca zigiluan argitaratu zituen abestien  aukeraketa esanguratsu bat aurkeztuz. Country musikaren erregina bezala ezagutzen den emakume hau 60ko hamarkada hasierako countrypolitan musikaren ordezkari famatuena izan zen. Nashvilleko estudioko musikari onenekin grabatu zituen bere maiteminezko abestiak eta Owen Bradley izan zen bere abesti ezagunenen ekoizlea. Country, pop eta jazz musiken elementuak uztartzen zituen estilo berri honek harrera bikaina izan zuen, ez soilik country zaleen artean, baita pop musikaren ohiko entzule zirenen artean ere eta honek countryaren loraldi berri bat ahalbidetu zuen. Patsy Cline 30 urterekin hil zen hegazkin istripu batean. 1963ko martxoaren 5eko istripu hartan hil ziren, ere, garaiko countryaren beste hiru izar handi: Hawkshaw Hawkins, Randy Hughes eta Cowboy Copas. 22:00etatik aurrera, abeslariaren bizitzari eskainitako saio berezian My Greatest Songs bilduma osatzen duten abestiak entzun ahalko dituzue.

Vic Chesnutt: Is the Actor Happy?

Auto istripu batean jasandako kolpearen ondorioz Vic Chesnutt paraplejiko geratu zen 18 urterekin. Gutxira eman zituen bere lehen kontzertuak  Georgiako Athens hirian non Rem taldearen abeslaria zen Michael Stipe ezagutu zuen. Honek lagundu zion Chesnutti 1990eko Little aurkezpen diskoa argitaratzen eta orduz geroztik amerikar folk alternatiboaren kantautore garrantzitsuenetako bat izan da. Kultuzko musikari honen ibilbidera eta diskografiara hurbildu nahian, gaur 22:00etatik aurrera, iraupen luzeko bere laugarren lana izan zen Is the Actor Happy?  diskoa izango dugu entzungai Eitbmusikaren sintonian.

JAMES CARR: You got my mind messed up

1966ko You got my mind messed up James Carr soul abeslariaren debut diskoa izan zen. Memphiseko deep soul abeslari honek bere ibilbide laburreko izenburu arrakastatsuenetako batzuk  aurkeztu zituen bertan, ezagunenak aipatzearren, “Pouring water on a drowning man” eta “The Dark end of the street”. 22:00 etatik aurrera eitbmusikaren uhinetan soul musikaren gailurretako bat den disko honetan datozen beste kanta guztiak ere entzun ahalko dituzue, baita 2001ean abeslaria hil zenean argia ikusi zuten hainbat abesti ere. James Carr ez zen Otis Redding, Percy Sledge edota Wilson Pickett soul izarrak bezain famatua izan, bai ordea, hiru hauek besteko abeslari aparta.

The Byrds: SWEETHEART OF THE RODEO

1968an Sweetheart of the Rodeo diskoak argia ikustean The Byrds taldearen jarraitzaileek harriduraz eta haserre entzun zituzten Roger McGuinn eta Chris Hillmanek grabatutako kanta berriak. Lp honetan aurkeztutako abestiek ez zuten zerikusi gehiegirik euren aurreko lanetan jasotako abestiekin, askoz ere countryagoak ziren. Eta honen erantzule nagusia, talde honetara batu zen musikari berria izan zen: Gram Parsons. Country rock musikaren aitzindarietako bat, Gram Parsons izan zen disko honetan datozen jatorrizko bi abesti bakarren egilea (“Hikcory Wind” eta “One hundred years from now”) eta diskoari country ukituko soinu bereizgarri hori eman ziona. Gainontzeko abesti guztiak moldapenak dira, Merle Haggard, Louvin Brothers, William Bell, Luke McDaniel eta Bob Dylan bezalako egileek konposatutako kantak.

Gaur egun, Sweetheart of the Rodeo, 60ko hamarkada bukaerako country disko onenen artean izendatu ohi da, country rock musikaren abiapuntua ezarri zuten diskoen artean. Gaueko 22:00tatik aurrera Eitb Musikan izango duzue entzungai. 

Egun bat Musikan: “Lean On Me”

70.hamarkada erdialdeko soul goxoa egiten zuen artista dugu Bill Withers. Bera da gaurko protagonistetako bat, izan ere, 1972ko uztailaren 8an, Estatu Batuetako lehenengo postura iritsi baitzen, “Lean On Me” kantari esker. Gospel soinudun abesti honek Withers-en haurtzaroa du inspirazio iturri: Virginia mendebaldeko bere sorterrian, ikatz meatzarien bizilekua zen hirian, auzokideen artean sortzen zen elkartasuna, batak besteari, une gogorretan, nola laguntzen zion. Elkartasun hori gogoan hartuta idatzi zuen abesti hau “Ain’t No Sunshine” hit-aren egileak.

 

Eguneko diskoa: LATE FOR THE SKY

70eko hamarkada osoko soft rock disko aipagarrienetako bat, Jackson Brownen Late for the Sky  1974ko udazkenean izan zen argitaratua Asylum zigiluan. Disko honetan bere ibilbideko izenburu ezagunenetako batzuk jaso zituen kantautore honek; “Fountain of Sorrow”, “For a dancer”, “Befor the Deluge” edota diskoari izenburua ematen dion “Late for the sky”, 1976ko Taxi Driver filmako soinu bandan erabilia izan zena.  Disko hau Brownen lan introspektiboenetako bat da. Bere esperientzia pertsonaletatik abiatuz maitasuna, bakardadea, heriotza eta zoriontasunaren lorpena oinarrian dituzten istorio hunkigarriak kontatzen dizkigu. 

Gaueko 22:00 etatik aurrera Eitb Musikan entzungai izango duzuen disko honek Billboard amerikarreko 14.postuan sailkatzea lortu zuen eta Grammy  sarietara izendapen bat jaso. Jackson Brownen musika nazioartean ezagutara eman zuen lana izan zen, ere,  Late for the Sky. Diskoaren azalean ikus daiteken irudiak Rene Magritte margolari surrealistaren 1954ko L’ empire des lumieres obra du inspirazio iturri.