Monthly Archives: November 2008

Egun bat Musikan: BERRY GORDY JR

Berry Gordy Jr, Motown diskoetxearen sortzailea eta soul pop musikaren historiako enpresari eta ekoizle garrantzitsuenetako bat, gaurko egunez jaio zen 1929an, Detroit hirian.

1957an sortu zuen bere lehen diskoetxea, Tamla izenekoa, eta 2 urtetara jarri zuen abian bere bigarren proiektua, Motown. (Motor town) diskoetxeak, Tamla xurgatuko zuen, azkenik, eta Motown izenaren inguruan eratuko zuen Berry Gordyk, ondorengo urteetan, bere musika inperio guztia. Motown soul musikaren istoriako zigilu garrantzitsuenetako bat izateaz gain, 60ko eta 70eko hamarkadetako kanta arrakastatsuenetako batzuk ekoiztu zituen diskoetxea ere bada.

Berry Gordyk, soul musika entzule zurien etxeetara eraman zuen eta lehen aldiz historian, musika beltza mainstream-era, amerikar pop zerrendetara, iristea ahalbidetu.  Konposatzaile, interprete eta ekoizle afroamerikarrez osatutako zigilu honek bete betean asmatu zuen, arrakasta honen erantzule izan zirelarik ,besteak beste, Holland-Dozier-Holland musikagileak. Motown diskoetxeak kaleratutako single-en %75-a ( hau da, 4 kantatik 3) Estatu Batuetako arrakasten zerrenda nagusietako Top 40an sailkatu zen.

Gordyk ez zuen single bakar bat ere argitaratzen, aurrez, beribilean entzun gabe. Bere ustez, kanta batek irratian arrakasta izateko, beharrezkoa zen, autoa gidatzerakoan, kanta hau erraz entzuteko modukoa izatea, erabat itsaskorra izatea. Motown (Hitsville USA) soul musikaren historiako kanta, abeslari eta talde arrakastatsuenak eman dituen faktoria izan da.

Audioa

Egun bat Musikan: Whipped Cream and Other Delights

Herb Alpert kaliforniar tronpetajolea poparen historiako musika instrumentaleko sortzailerik arrakastatsuenetako bat da. 1965eko gaur bezalako egun batean Whipped Cream and Other Delights bere diskoak Estatu Batuetako lehenengo postuak kolpatu zituen. "Whipped cream" esnegain harrotuari esaten zaio ingelesez. Izan ere, disko osoko kanta guztien gai nagusia janaria da edo janariarekin lotuta daude (El Garbanzo, A Taste of Honey, Peanuts, Tangerine…). Kanta guzti hauek jada XX.mendeko easy listening instrumentalaren klasikoak dira.

  Continue reading

Egun bat Musikan: THE CREAM FAREWELL CONCERT

1968ko azaroaren 26an eman zuen The Cream hirukote ingelesak, Londreseko Royal Albert Hall antzokian, bere ibilbideko azken kontzertua.

Talde hau pare bat urte lehenago eratu zen, blues rock britainiarraren loraldian, Eric Clapton gitarristak, Jack Bruce abeslari eta baxu-joleak eta Ginger Baker bateri-joleak proiektu honetan bat egitean.

Taldearen blues rock, psikodelia eta hard rock doinuen fusioak harrera bikaina izan zuen Europako eta Estatu Batuetako musika irratietan eta "Sunshine of your love" abestia, esateko, pop arrakasten zerrenda nagusietako goreneko postuetaraino iritsi zen. Fresh Cream, Disraeli Gears eta Wheels of Fire diskoak argitaratu ondoren eta taldea, bere une arrakastatsuenean zegoenean, taldekideek beste proiektu pertsonalago batzuk abian jartzeko nahia azaldu zuten.Kontzertu honek eta Goodbye izeneko agur diskoak eman zioten bukaera hirukotearen ibilbideari.

Audioa

Playlist: All Right (Jim Noir)

Jim Noir Manchester hiriko bakarlariak bigarren bilduma kaleratu du, Jim Noir deitua. 2006.urteko Tower of Love debutean erabilitako formula errepikatu egin du: apar eta burbuila elektronikoak, aire psikodelikoak, sunshine popetik jasotako ahotsak eta hitz umoretsuak. Ezer berritzailerik ez dakar diskoak baina, gustatu zaizun jaki batekin bezala, gustoko hori berriz dastatzearen plazerrarengatik bakarrik merezi du errepikapenak. EiTBMusikan All Right, diskoko bigarren kanta, entzun dezakezu.

Egun bat Musikan: Percy Sledge

Percy Sledge, 1941eko gaur bezalako egun batean jaioa, betirako egongo da When a Man Loves a Woman baladari lotuta. Sledgek pasio eta estuasun oso sinesgarriz interpretatu zuen kanta hau. Bere interpretazioak eman zion benetako esangura eta soul mamia kantari. Egia esan, kanta guztiak modu berean abesten zituen, estura indartsua erregu dardaratia bilakatuz, askotan. Bere ahotsak 60.hamarkada amaierako hegoaldeko soul sakonaren abeslaririk garrantzitsuenetako bat bilakatu zuen.

  Continue reading

Playlist: Fakenham Fair (Bellowhead)

Matachin Bellowhead talde ingelesaren hirugarren bilduma da. Bere herrialdeko folk musikari beste buelta bat eman dion banda dugu Bellowhead. Kanta eta dantza tradizionalak jotzen dituzte baina oso modu gaurkotu eta berezia, lau piezako metal sekzioak lagunduta. Eitbmusikan Fakenham Fair kantarekin entzun ditzakezu.

Egun bat Musikan: THE UNDERTONES BYE BYE

1983ko azaroaren 24an, The Undertones irlandarrek agur esan zieten euren jarraitzaileei eta taldea desegina zegoenaren berria emanez. John eta Damian O’ Neill anaiek That Petrol Emotion taldea sortu zuten Raymond Gorman-ekin batera eta Feargal Sharkey abeslariak, bere aldetik, bakarkako bideari heldu zion.

1976an, Ipar Irlandan, Derryn, eratutako punk pop talde honek iraupen luzeko 4 disko eta 20 single argitaratu zituen 1983ra arteko epean eta single hauetako batzuk nahiko arrakastatsuak izan ziren zerrenda britainiarretan. BBC-ko irrati esataria izandako John Peel-ek eragin handia izan zuen talde honen musikaren zabalkundean, berak promozionatu baitzituen taldearen single ezagunenak. Abesti hauen artean egon zen, noski, Teenage Kicks izenekoa. 1979ko abesti hau, The Undertones taldearen arrakasta handiena izateaz gain, John Peel irrati esatariaren abesti kuttunena ere izan zen eta bere hilarrian abesti honen lehen esaldia irakur daiteke: Teenage Kicks so hard to beat.

Audioa

Egun bat Musikan: Physical (Olivia Newton-John)

1981eko azaroaren 21ean, Olivia Newton Johnen Physical Estatu Batuetako arrakasta zerrendetako lehenengo postuan zen. Hau izan da Greasen protagonistaren ibilbide musikaleko kantarik arrakastatsuena. Ordura arte egin zuenetik urrundu egiten zen abesti hau: soinu goxoetatik estilo probokatzaileago batera pasa zen eta, esan bezala, arrakasta izan zuen. Hala ere, hainbat irrati katetan zentsuratu egin zuten eta baita debekatu ere.Kantaren hitzen esplizitua konpetsatzeko-edo, Physicalentzat umorezko bideoklipa sortu zuten.

  Continue reading

Playlist: Only Love Can Break Your Heart (Saint Etienne)

Saint Etienne hirukoak duela hemezortzi urte kaleratu zuen bere lehenengo singlea, Only Love Can Break Your Heart. Neil Youngen klasikoaren bertsio berezi honekin beraien proposamen dotorea aurkeztu ziguten: elektronika soinu dantzagarriak, Sarah Cracknellen ahots erakargarria eta aurreko hamarkadetako britaniar pop musika elkartzen zituen proposamena. London Conversations izeneko bilduma bikoitz kaleratu berrian, Saint Etienneren kanta esanguratsu guztiak batu dituzte. Eitbmusikan errekopilatorioa zabaltzen duen kanta entzun dezakezu jada, aipatutako Only Love Can Break Your Heart.

Egun bat Musikan: DUANE ALLMAN

1946ko azaroaren 20an jaioa, Tennesseen, Amerikako Estatu Batuetan, Duane Allman gitarrista The Allman Brothers southern rock taldearen kide sortzaileetako bat izan zen.

Duane Allman-ek eta bere anai Gregg-ek, 13 bat urteko mutilak zirenean ikusi zuten, lehen aldiz, Muddy Waters blues abeslaria. Egun hartan erabaki zuten euren bizitzekin zer egin eta musikarantz bideratu zituzten euren urratsak.

60ko hamarkadan zehar, The Allman Joys eta The Hour Glass bezalako taldeetan aritu ziren eta Duane Allman estudioko musikari entzutetsua bihurtu zen, Aretha Franklin, King Curtis, Wilson Pickett eta Clarence Carter bezalako izarrekin saio gogoangarriak grabatuz.  

Duane eta Gregg Allman anaiek 1969an jarri zuten abian The Allman Brothers taldea, Butch Tracks (bateria), Berry Oackley (baxua) eta Dickey Betts (gitarra) musikariak euren proiektura batu zirelarik.

1969tik 1971ra, taldeak 2 LP argitaratu zituen eta Fillmore East zuzenekoa. Lan hauek nahikoa izan ziren southern rock musika amerikar irratietara iristeko eta Lynyrd Skynyrd bezalako taldeei bidea asko errazteko. The Allman Brothers, zuzeneko saioetan, kontzertuetan, handitzen zen taldea izan zen eta aipagarria da, Estatu Batuetako hiri gehienetan jo zutela urte gutxiko epean. 

Taldearen une onenean, Duane Allman gitarristak moto istripua izan zuen bere Harley Davidson-arekin eta 24 urte baino ez zituenean hil egin zen, 1971ko urriaren 29an. Urtebetera, eta istripu berdintsu batean, Berry Oackley baxu jolea hilko zen.