Monthly Archives: July 2010

The Kinks: The Kinks Are The Village Green Preservation Society

kinks 1968ko The Kinks Are The Village Green Preservation Society The Kinks britainiarren seigarren diskoa izan zen eta jatorrizko laukoteak grabatu zuen azken lana, hurrengo urtean Pete Quaife baxu jotzaileak taldea utzi baitzuen.

Disko hau 1966 eta 1968 urteen artean grabatutako abestiez osatutako lan kontzeptuala da. Ray Davies izan zen abestien konpositorea eta disko honi batasun bat eman ziona. Something Else diskoarekin ekindako bideari jarraituz eta euren ibilbidearen hasieretako arrakasta handiak (“You Really Got Me”, “All Day And All Of The Night”) atzean utziz, Ray Daviesek disko sentimental eta nostalgikoa egin zuen, aurreko lanekin alderatuz askoz ere pertsonalagoa.

Disko hau Ingalaterra zaharrari eskainitako omenaldia da, ahaztear zeuden tradizioei eta bizimodu bati eskainitako azken agurra. Diskoan barrena modu bukolikoan gogoratzen dituzte Kinks taldekoek Ingalaterrako herrixketako zelai berdeak eta hango biztanleen izaera xalo  eta lasaiak. Joandako garaiei eusteko saiakera hau musikan islatzen dute, ere, pop barrokoaren zertzeladak eta folk doinu eztiak 60ko hamarkadako pop britainiarrean itsatsiz.

Gaur, 22:00 etatik aurrera, Eitb Irratian entzungo ditugu The Kinks taldekoek 1968ko disko honetan aurkeztu zituzten kantak.

I’m not There Soundtrack

i'm_not_there_mini Todd Haynes zuzendariaren Im not There Bob Dylanen bizitzari buruz egin den film berezienetako bat da. Istorio laburrez jositako amaraun honek bere bizitzaren, nortasunaren eta musikaren alde ezberdinak aurkezten dizkigu eta istorio hauetako bakoitzak aktore ezberdin bat du protagonista (Marcus Carl Franklin, Heath Ledger, Cate Blanchett, Christian Bale, Ben Whishaw, Richard Gere).

Biopic korapilatsu honek ezaguna eta, aldi berean, erabat ezezaguna den Bob Dylan irudikatzen du modu metaforiko batean. Soinu bandak, noski, bere kantak jasotzen ditu baina bertsio benetan bitxietan. 34 abestiz osatutako soundtrack honetan parte hartu duten abeslari eta taldeen zerrenda luzea da, Sonic Youth, Cat Power, Hold Steady, Yo La Tengo eta Antony & The Johnsons, besteak beste, eta aipatzeko modukoa da, ere, soinu banda honetarako eratutako Million Dollar Bashers taldea. Tom Verlaine gitarrista, John Medeski pianista eta Steve  Shelley bateria jotzailea batu zituen Million Dollar Bashers taldeak  5 abesti grabatu zituen disko bikoitz honetarako: “All Along The Watchwater” (Eddie Vedder), “Ballad Of A Thin Man” (Steve Malkmus), “Highway 61 Revisited” ( Karen O), “Cold Irons Bound” (Tom Verlaine) eta “Maggie’s Farm” (Steve Malkmus).

Gaurko Eguneko Diskoaren tartea  I’m not There filmaren soinu bandari eskainiko diogu.

Rezillos: I Can’t Stand The Rezillos

Rezillos_-_Can't_Stand_The_Rezillos_album_cover The Rezillos talde eskoziarrak 1978ko uztailaren 21ean kaleratu zuen Can’t Stand The Rezillos bere debut diskoa. Edinburgoko taldearen lehen disko honek freskotasuna eta festa giroa ekarri zituen punk britainiarraren esparrura eta  “Top Of  The Pops” arrakasta handia aurkeztu zuen, BBC1 irratian jingle bezala erabili zutena. Arrakasta honez gain “(My Baby Does ) Good Sculptures” kanta  entzuna ere disko honetan argitaratu zuten baita 60ko hamarkadako pop britainiarraren klasiko diren zenbait abestiren bertsioak: “Glad All Over” (Dave Clark Five), “I like It” (Gerry and The Pacemakers) eta “Somebody’s Gonna Get Their Head Kicked In Tonight” (Fleetwood Mac).

Neil Young: Decade

NEIL YOUNG

Decade bilduma 1977an argitaratu zen Neil Young musikari kanadarraren ordura arteko ibilbidea laburbiltzeko asmoaz. Antologia gisako disko hirukoitz honetan 1966 eta 1976 urteen artean grabatu zituen kantak jasotzen dira, Buffalo Springfield, Crosby Stills Nash & Young, Crazy Horse eta Stray Gators taldeekin grabatutako country rock eta folk rock kanta bikainak.

Gaur, 22:00etan hasita, Neil Youngek bere ibilbideko urte onenetan egin zuen musika izango dugu entzungai, Eitb Irratiaren sintonian.

Charlotte Gainsbourg: IRM

CHARLOTTE Charlotte Gainsbourg aktore eta abeslariak bere hirugarren diskoa, IRM, aurkezten dihardu udara honetan. 60ko hamarkadako pop frantsesaren ikono izan ziren Serge Gainsbourg eta Jane Birkinen alabak zinean egin ditu bere lan esanguratsuenak (2009ko Cannes jaialdian aktore onenaren saria)  baina tarteka musikari heltzen dio eta disko berri honek kritika onak jaso ditu. Charlotte Gainsbourgek Beck musikari amerikarra izan du disko honetan bere kolaboratzailea.  Diskoaren izenburuak, IRM, MRI (Magnetic Resonance Imaging) erresonantzia bidezko irudiei egiten die aipamen. Abeslariak eskiatzen ari zela istripu bat izan zuen eta ondoren erresonantziak egin zizkioten buruan golpe larririk hartu zuen ikusteko.

Eitb Irratian “Time of The Assassins” abestia proposatzen dizuegu aste honetako nobedadeen artean.

Oscar Hammerstein II

HAMMERSTEIN II Oscar Hammerstein II.a, Broadwayko musikal ospetsuenetako batzuk idatzi zituen gizona, 1895eko uztailaren 12an jaio zen New Yorken.

1927an aurkeztu zuen bere lehen musikal garrantzitsua,  Showboat. Edna Ferber idazlearen izen bereko nobelan oinarritzen zen libretoa Oscar Hammerstein II.ak idatzi zuen eta musika, berriz,  Jerome Kern konpositorearen lana izan zen. Mississippi ibaian barrena bidaiatzen zuen Cottom Blossom itsasontziaren istorioa kontatzen zuen musikal honek ordura arte egin zen antzerki musikala eraldatu zuen eta amerikar musikal berriaren zutabeak jarri zituen.

40ko hamarkadan, musikal amerikarraren urrezko sasoian, Oscar Hammerstein II.ak Richard Rodgers konpositorea izan zuen lankide. Bi hauen artean sortu zituzten Pulitzer saria lortu zuten Oklahoma (1943) eta South Pacific (1949). Oklahoma Broadwayn inoiz aurkeztu den musikal arrakastatsuenetako bat izan zen. Kartelean egon zen lehen denboraldian,  2248 emanaldi egin ziren etenik gabe.

Oscar Hammerstein II.a 1960an hil zen, minbiziak jota. Bera hil baino hilabete batzuk lehenago estreinatu zen Broadwayn bere azken musikal handia, The Sound Of Music (1959).

The Beatles: Rubber Soul

beatles rubber soul 1965ko abuztuaren 15ean The Beatles laukoteak 55.600 pertsonen aurrean eman zuen kontzertua New Yorkeko Shea Stadium beisbol zelaian. Irailean bira amerikarra bukatu eta Ingalaterra itzuli zirenean euren gertukoek nekatuta ikusi zituzten, aldatuta, eta zuzeneko gehiago emateko gogo gutxirekin. 3 urteko epean, club txikietan kontzertuak ematetik, lehen filetan zeuden neskei zigarroak ezpainetatik kentzetik, estadio handietan jotzera egin zuten jauzia  eta aldaketa honek ez zien, musikari bezala behintzat, inolako onurarik ekarri. John Lennonek zioenez, abesten zuenean bere burua ere ez zuen entzuten nesken garrasiengatik.

Kontzertu erraldoi hauek ez zietenez musikari bezala hazten edo garatzen laguntzen, estudioan lan egiteak eskaintzen zizkien aukerei jarri zieten arreta. Urrian hasi zituzten Rubber Soul diskoaren grabaketa saioak eta saio hauek 4 astez luzatu ziren.  Lehen aldiz taldearen ibilbidean, diskoaren grabaketak iraun zuen asteetan kontzerturik ez ematea erabaki zuten.

Rubber Soul diskoa transizio lan bat bezala aurkeztu ohi da, Beatles taldearen aurreko diskoetako pop doinuetatik, ondorengo diskoetako experimentaziora zubi lana egin zuen diskoa bezala. Bertako abestietan, jada, nabari da rock musikan ezohikoak diren instrumentuak erabiltzeko joera, esateko, George Harrisonek sitar bat jotzen du “Norvegian Wood” abestian, baita teknologiak eskaintzen zizkien grabazio eta ekoizpen aukerak aprobetxatzeko nahia. Experimentazioaren bidetik sortu zuten, adibidez, “In My Life” abestian entzuten den klabezin barrokoa. Klabezina dirudien instrumentu hori pianoa da. George Martinek pianoan grabatutako pasartearen abiadura bikoiztu egin zuen eta emaitza klabezinaren oso berdintsua den soinua izan zen.

Musika konposizioari eta hitzei dagokienez,  Rubber Soul diskoan Help diskoarekin ekin zioten experimentazio eta introspekzio bideari jarraitu zioten. Azken bira amerikarrean taldekideen arteko harremana asko hoztu zen arren  eta musika egiterakoan bakoitzak bere aldetik jotzen bazuen ere, Beatles taldekoek disko mardula grabatu zuten behin berriro. George Martinek ekoiztua eta Parlophone zigiluak argitaratua, diskoa Erresuma Batuko pop arrakasten zerrendako lehen postura iritsi zen 1965ko Eguberri festetan.

R.E.M: Eponymous

rem eponymus1988ko Eponymous R.E.M taldearen lehen bilduma izan zen eta IRS diskoetxean argitaratu zuten azken diskoa, gutxira sinatu baitzuten Warner diskoetxearekin.  12 abestiz osatzen den bilduma honetan, Athens hiriko laukoteak taldearen ibilbideko lehen urteetako abesti esanguratsuenak bildu zituen, hauetako batzuk ezohiko bertsioetan. Bildumak dakartzan abestien artean  “Radio Free Europe”, “(Don’t Go Back To) Rockville“, “It’s the End Of The World” eta “The One I love” bezain izenburu arrakastatsuak daude.

Gaur gauean, Eguneko Diskoaren tartean, R.E.M taldearen ibilbideko lehen urteetara itzuliko gara Eponymous diskoaren eskutik.

Creedence Clearwater Revival: Green River

Green River1969 Creedence Clearwater Revivalen urterik oparoena izan zela esan daiteke. Hiru disko argitaratu baitzituzten urte hartan: Bayou Country, Green River eta Willy and the Pour Boys. Hirurak country-rock klasiko bikainak. Gaur, gaueko hamarretatik aurrera, Eitb Irratian, Green River entzungo dugu. Orduerdi ere irauten ez duen disko labur honetan, Creedenceren esentzia biltzen da. John Fogerty taldeko liderraren indar sortzaile bikainaren erakusgarri paregabea, zalantzarik gabe, Eguneko Disko hau.