Author Archives: blogs eitb

Vampire Weekend: Vampire Weekend

Vampire WeekendGaur gauean Vampire Weekend New York-eko taldeak argitaratutako lehenengo diskoa entzungo dugu: Vampire Weekend (2008). Lau mutil hauen “Upper West Side Soweto” estiloak kritikaren eta publikoaren txaloak jaso zituen. Internet-en Vampire Weekend-en inguruko zurrumurruak urtebete lehenago zabaldu ziren. Sareak musika-talde berriak begia hets artean goraipatu edo ahazten dituen sasoi hauetan, Vampire Weekend-en lanak froga gainditu zuen eta entzuten dugun bakoitzean hasieran bezain fresko eta bizia iruditzen zaigu. Gaueko hamarretan, EitbMusikan izango dituzu.

Antony and the Johnsons: I Am a Bird Now

I Am a Bird Now2005.urtean, Antony and the Johnsons taldeak publiko zabalaren aurrera egin zuen jauzi I Am a Bird Now diskoari esker. Antony Hegarty buru duen banda honek argitaratutako bigarren lana izan zen hau eta berari esker, mundu osoak ahots hunkigarridun artista honen kantak ezagutu zituen. Candy Darling Andy Warhol-en musa ezagunaren argazkia azalean duela, disko honetan, malenkonia, galera, heriotza, maitasuna, itxaropena…nahasten dira. Gainera, hainbat gonbidatu ere izan zituen Antony-k berarekin batera abesten: Rufus Wainwright, Boy George, Devendra Banhartt eta Lou Reed, hain zuzen ere. Gaur, gaueko hamarretatik aurrera, Eitb Musikan entzungai izango dugu I Am a Bird Now.

Beirut: The Flying Club Cup

The Flying Club CupThe Flying Club Cup (2007) Beirut-en bigarren diskoa izan zen. Zach Condon, Beirut-en atzean dagoen gizona, Europa zaharreko musika tradizioarekin liluratutako estatubatuar gaztea dugu. Institututik ihes egin ahal izan zuenean, kontinente zaharrera etorri zen, eta Paris bere operazio-gune bilakatuz, Europa ekialdeko musikan, batez ere, murgildu zen buru-belarri. Gulag Orkestar (2006) Condon-ek bere logelan zituen musika-tresnekin grabatu zuen, bakar-bakarrik. Beirut-en lehenengo disko horrek sekulako arrakasta izan zuen mundu osoan. Bigarrenean, Balkanetako musikara eta bestelako soinu europarretara itzuli zen, beste behin, guztia bere erara moldatuz. Gaur, gaueko hamarretatik aurrera Eitb Musikan entzungo dugu The Flying Club Cup.

Loretta Lynn: Van Lear Rose

Van Lear Rose90.hamartean, hogeitamar urte lehenago country-aren izar bilakatu ziren artistak jokoz kanpo geratzen hasi ziren. Hala ere, hauetako batzuk –Johnny Cash, Merle Hagard…- jakin zuten sasoi berrietara moldatzen eta beren izaera galdu gabe, publiko berri batengana iristea lortu zuten. Loretta Lynn, country-aren mito haundia bera ere, 2004.urteko Van Lear Rose diskoarekin itzuli zen publikoaren bat egitera. Lan honetan White Stripes-eko Jack White izan zuen ekoizle. Mehatzariaren alabaren musikaren esentzia errespetatuz, White-k emanaldi gutxitan grabatu nahi izan zuen diskoa, gordin eta bapateko. Van Lear Rose gaur, gaueko hamarretatik aurrera, entzungo dugu Eitb Musikan.

The Flaming Lips: Yoshimi Battles the Pink Robots

Yoshimi Battles the Pink RobotsThe Flaming Lips Oklahomako rock talde alternatiboak 2002.urteko udan Yoshimi Battles the Pink Robots diskoa argitaratu zuen. Ordurako Wayne Coyneren bandak ia hogei urte zeramatzan musikan baina lan honek batu zituen ibilbide luze horretan lehendabiziko aldiz kritikaren eta publikoaren txaloak, aldi berean. Gaur, gaueko hamarretatik aurrera, disko honetako Eitb Musikan sentimenduz beteriko soinu esperimental eta ametsetako hauetan murgilduko gara.  

Lambchop: Nixon

LAMBCHOP NIXON 2000.urteko Nixon diskoa Nashvilleko Lambchop alt country taldearen lan berezienetako bat da. Merge Records zigilu diskografikoak argitaratutako disko honen grabaketan hamahiru musikarik hartu zuten parte eta Kurt Wagnerren taldeak inoiz baino nabarmenago azaleratu zituen euren musika sailkaezinaren eragin anitzak: countrypolitan, Philly soul, avant garde, jazz…

Diskoaren izenburuarengatik pentsa daitekenez, Lambchop taldearen  lan honek Richard Nixon presidente estatubatuarrari egiten dio aipamen. Hala eta guztiz ere, hau ez da disko kontzeptual bat eta abestiek ez dute beraien artean loturarik ezta garapen tematikorik. Diskoaren azalean ikusten dugun margolan hau, Kurt Wagnerren haurtzaroko lagun batek egina da, Wayne White artista grafikoak, talde honen beste zenbait diskoren portadak ere egin dituenak.

Gaur, 22:00etatik aurrera, Nixon diskoa entzun ahalko duzue Eguneko Diskoaren tartean.

Kevin Coyne: Marjory Razorblade

Marjory Razorblade1973.urtean Kevin Coyne-k Marjory Razorblade argitaratu zuen. Blues ahots garratzdun abeslari britaniarraren jarraitzaile askorentzat hauxe da bere ibilbide osoko diskorik borobilena. Gaur, gaueko hamarretatik aurrera, Eitb Musikan entzungo dugu. Diskografia zabala izan arren, Coyne ez da oso ezaguna publikoarentzat, baina bere lana, besteak beste, Sex Pistols-eko John Lydon-ek goraipatua izan da eta John Peel BBC-ko kazetari entzutetsuak babesa eskaini zion hasieratik. Coyne-ren kantetako protagonistak gizarteak baztertzen dituen horiek dira, bakarkadadean bizi diren outsider-ak, baita instituzioetan giltzapetuta bizi direnak ere, “House on the Hill”-en abesten duen bezalaxe. Kevin Coyne-k haien maitasun beharrari ahotsa jartzen dio.

The White Stripes: White Blood Cell

white stripes The White Stripes amerikarrek 2001ean aurkeztu zuten White Blood Cells euren ibilbideko hirugarren diskoa.  Detroitekoek zuri, gorri eta beltzez jantzitako disko honekin egin zuten jauzia nazioarteko pop arrakasten zerrendetara,  “Fell in love with a girl”  arrakasta handia izan zelarik Erresuma Batuan.   Single honen promozio videoclipa, Michel Gondryk zuzendua, urteko video berritzaileenetako bat izan zen. Baita sarituenetako bat ere,  MTV telebista kateak hiru sari eman zizkion. Zuzendari berarekin egin zuten lan Jack eta Meg White anai- arrebek ” Dead leaves and the dirty ground” singlearen videoclipean eta  “Hotel Yorba” singlearen videoclipa, aldiz, eurek grabatu zuten. Detroit hirian dagoen  Yorba hotelean filmatu zituzten irudiak eta 1926an eraikitako hotel honetako, 206. gelan, egin zuten abestiaren grabazioa. Diskoko gainontzeko abestiak Memphis hiriko Easley McCain estudioetan grabatu zituzten. Jack Whitek konposatu zituen diskoko abesti guztiak eta bera izan zen, ere,  diskoaren ekoizlea.  Grabazio saioetan Meg eta bera aritu ziren, Meg baterian eta perkusio instrumentuetan eta Jack, gainontzeko instrumentu guztietan.  Aipatutako abestiez gain,  “We’re going to be friends” abestia izan zen disko honetako entzunenetako bat. Doinu ezti eta maitagarriz jositako kanta hau Napoleon Dynamite filmaren hasierako kredituen tartean entzun daiteke.

Gaur, gaueko hamarretatik aurrera, The White Stripes Eitb Musikan izango ditugu.