Monthly Archives: June 2010

Brian Eno: Here Come the Warm Jets

Here Come the Warm JetsBrian Eno britaniar ekoizle eta musikari aitzindariak 1974.urtean argitaratu zuen bere lehenengo bakarkako diskoa: Here Come the Warm Jets. Esperimentazio haundidun hamar pop kantak osatzen dute lan hau, orohar, glam-rock esperimentala bezala definitu izan dena. Urtebete lehenago Enok Roxy Music taldea utzi zuen, bandaren lehenengo bi diskoetan esku hartu eta gero. Bere lehenengo diskoan bere taldekide ohi guztiek esku hartu zuten, Bryan Ferryk ezik, eta baita beste talde batzuetako hainbat musikarik ere. Here Come the Warm Jets gaueko hamarretatik aurrera Eitb Irratiko sintonian entzungo dugu.

Stevie Wonder: Innervisions

InnervisionsStevie Wonderek Motown-eko haur prodigio moduan hasi zuen ibilbide musikala. Hala ere, 70.hamarkadan bere lanaren gaineko kontrola eskuratu ahal izan zuen eta bere lanik gogoangarrienak, bere maisulanak, orduan argitaratu zituen: Talking Book, Innervisions eta Songs in the Key of Life. Lan hauetan entzun daitekeen sintetizadoreen erabilera aurreratuak soul musika aldatu zuen betirako. Gaur, Eitb Irratian, gaueko hamarretatik aurrera, Innervisions entzungo dugu. Urte haietako gizarte estatubatuarraren inguruko kezkak eta ardura azaltzen ditu Wonder-ek, konposizio benetan erakargarrietan: “Higher Ground”, “Living for the City” eta “He’s Misstra Know It All”, esaterako.

Love: Forever Changes

love forever changesForever Changes Los Angeles hiriko Love taldearen hirugarren diskoa izan zen. Elektra diskoetxeak argitaratu zuen Lp hau 1967an, The Doors taldeak bere debut arrakastatsua egin zuen urte berean, eta batzuen arrakastak besteen porrota ekarri zuen. Gutxi batzuk baina ez ziren ohartu disko honen ezohiko kalitate eta edertasunaz eta aipagarria da Billboard amerikarrean 154.postuan sailkatu zen arren, Erresuma Batuko disko salduenen zerrendan 30.posturaino iritsi zela.

Urteen joanarekin, ordea,  musika adituen eta kritikarien disko kuttunenetako bat bihurtu da eta  musika aldizkari espezializatuek  egiten dituzten “historiako rock disko onenen”  zerrendetan lehen 100 disko onenen artean agertu ohi da.

Forever Changes Love taldearen sormen gailurra izan zen eta 60ko hamarkada osoko folk rock disko handienetako bat.  Arthur Lee – Bryan McLean bikoteak konposatutako abestien lirikotasun paranoikoak eta  David Angel konpositorearen moldaketa barrokoek diskoa maixulana bihurtu zuten.

Bihar, gaueko hamarretatik aurrera, Eitb Irratian.

The Drums: The Drums

DRUMS The Drums talde newyorktarrak 2010eko talde berri onena izateko boleto guztiak dauzka eta ez da harritzekoa, talde honen debut diskoak nazioarteko arrakasten zerrendak astindu baititu. Indie pop talde honen single entzunena “Let’s Go Surfing” Barack Obama presidenteak bere kargua zin egin zuen egunean konposatu zuten eta Summertime Epan argitaratu. Kanta honen leloak  ” Oh Momma I wanna go Surfing/ Oh Momma I don’t care about nothing” errepikatzen du, British Petroleum konpainiak Mexikoko Golkoan eragindako petroleo isuriaren ondoren, amerikarrek beste modu honetan abesten dutena “Obama I wanna go surfing”.

The Shangri-Las: Myrmidons of Melodrama

Myrmidons of MelodramaThe Shangri-Las 60.hamarkadako neska-talderik esanguratsuenetako bat izan zen. 1965 eta 1966  urteetan beren hit multzo nagusia argitaratu zuten. Kanta hauek rock-aren historiako urrezko klasikoen artean aurkitzen dira: “Remember (Walking in the Sand)”, “Leader of the Pack”, “Past, Present and Future”, “Dressed in Black”… Gaur guzti hauek entzungo ditugu, gaueko hamarretatik aurrera, Eitb Irratian. Myrmidons of Melodrama 1994an kaleratutako bilduma Eguneko Diskoa saiora ekarriko baitugu. Nerabeen maitasun-istorio kondenatuak, motorzale hilak, etxetik ihes egiten dute neskatxa gazteak…gonbidatua zaude The Shangri-Las taldearen unibertsoan murgiltzera!

Laura Nyro: New York Tendaberry

New York TendaberryLaura Nyro, 60.hamarkadaren amaieran ezagutzera eman zen ahotsik berezieneko bat, gaur gaueko protagonista izango da Eitb Irratiaren sintonian. Gaueko hamarretatik aurrera, New York Tendaberry, Nyroren hirugarren diskoa entzungo dugu. Bere lehenengo kanta hamar urte bete baino lehen idatzi zuen kantagile honen abestiak, besteak beste, Barbra Streissandek, Fifth Dimensionek eta Blood Sweat & Tearsek grabatu izan dituzte, arrakasta haundia lortuz. Laura Nyroren diskoek, ordea, ez zuten izan oihartzun bera. New York Tendaberryn bere soprano ahotsa aske dabil, pianoaren akonpainamendu soilarekin, New York hiria inspirazio-iturri duten kantetan.

Avi Buffalo: Five Little Sluts

Avi Buffaloren lana Eitb Irratiaren programazioan entzun daitekeen proposamen berrietako bat da. Bideo horretan abesten duen kanta da, “Five Little Sluts”, hain zuzen ere, aurkezten dizugun bere abestia. Avi Buffalo Avigdor Zahner-Isenberg da. Californiako musikari gazte hau institutu garaian hasi zen bere lehenengo konposizioak idazten eta orduan hartu zuen, baita ere, Avi Buffalo deitura izen artistikotzat. Beste hiru musikarirekin batera jarraitu zuen aurrera bere projektuarekin eta Aviren etxeko estudioan hasi ziren lehenengo grabazioak egiten.  Soinu-tolesduraz betetako haien pop-ak Sub Pop zigiluaren interesa piztu zuen eta apirilaren amaieran Avi Buffalo, beren lehenengo diskoa, argitaratu zuten etxe ezagunarekin.

Kate Rusby: Ten

Kate Rusby TenKate Rusby folk abeslari ingelesaren Ten diskoa entzungo dugu gaur Eitb Irratian, gaueko hamarreratik aurrera. Rusbyk musikaren munduan bete zituen lehenengo hamar urteak ospatzen ditu, hain zuzen ere, Hamar deitzen den lan honek. Bere aurreko diskoetako hainbat kanta batu zituen bertan, baina bertsio eraberrituetan. Britaniar Irletako kanta zaharrak dira, Kate Rusbyk, musikari talde bikain batek lagunduta, dakarzkigunak.

Richard Hawley: False Lights From The Land

RICHARD HAWLEY 90eko hamarkadan Longpigs brit pop taldearekin ezagutara eman zenetik Richard Hawleyk  ibilbide arrakastatsua egin du, Pulp taldearen gitarrista bezala baita bakarka kaleratutako diskoekin. Sheffieldeko musikariak bost disko ditu dagoeneko kalean eta kanta berriak konposatzen eta grabatzen dihardu. Aste honetan argitaratu du Mute Records zigiluan  False Lights From The Land izenburuko EPa, ozeanoan inspiratutako lau abestiz osatzen dena.  Abesti hauetako bat da Eitb Irratiaren sintonian entzun dezakezuen “There’s a Storm Coming”.

Elvis Presley: From Elvis In Memphis

elvis in memphis

60ko hamarkada erdialdera Beatlemaniak Estatu Batuak astindu zituen eta pop britainiarrak amerikar musika eszena irauli. Urte haietan Rock and Rollaren erregea Hollywoodeko komedia musikaletan aritu zen lanean. 1968an, ordea, NBC telebista kateak programa berezi bat grabatzeko aukera eman zion eta Elvisek, larru beltzez jantzita,  arrakasta handiko itzulera egin zuen (’68 Comeback Special). Urtebetera argitaratu zen, RCA diskoetxean, gaur gauean, 22:00etatik aurrera Eitb Irratiaren sintonian entzungo dugun From Elvis In Memphis. Disko honetako kantak grabatzeko, Nashville utzi eta Memphisera bidea hartu zuen Elvisek eta Chips Moman ekoizlearen American estudioetan egin zituen grabaketa saioak, estudio hauetako musikariekin. Saio haietan grabatu zituzten, ere, single gisa kaleratu ziren “Suspicious Minds” eta “Kentucky Rain”. Lpko hamabi abestien artean, arrakastatsuena, ghettoetako bizimodu gogorra azaleratzen zuen  “In the Ghetto” izan zen.