Monthly Archives: March 2010

Patti Smith: Because the Night

Because_the_Night_-_Patti_Smith_GroupPatti Smithek 1978eko martxoaren 31an argitaratu zuen “Because the night” singlea.  Bruce Springsteenekin batera idatzitako kanta hau Easter diskorako izan zen grabatua eta diskoaren aurkezpen single gisa kaleratu zen.

Punk amerikarraren poetisak abesti honekin lortu zuen nazioarteko oihartzuna eta abesti honi esker iritsi zen bere musika pop entzuleriaren belarrietara.  “Because the Night” Erresuma Batuko pop single salduenen zerrendan bosgarren lekuan sailkatu zen eta Billboad amerikarrean hamahirugarren postuan.

Django Django: WOR

Django DjangoEdinburgoko Arte Eskolan ezagutu zuten elkar Django Django taldeko kideek. Guztiek musikan interes haundia izan arren, handik urte batzuetara Londresen berriz elkartu arte ez zuten banda sortu. Britania Haundian beren single-ek sekulako oihartzuna jasotzen ari dira hainbat komunikabidetan. Estilo nahiko sailkaezina da Django Django-rena: elementu elektronikoak musika-tresna tradizionalekin nahasten dituzte, soinu dantzagarri erakargarriak sortuz. Eitb Musikaren sintonian “WOR” kantarekin entzun ditzakegu: gerrari buruzko konposizioa, rockabillysoinu hipnotiko baten gainean osatua.

Zuzenketa!

Lord KitchenerAsteazken gauean, Eitb Musikan, London is the Place for Me diskoa entzungo genuela iragarri arren, egun horretan emititu genuena Gillian Welch-i eskainitako saioa izan zen, hasiera batean astelehenerako iragarrita zegoena. Gaur bai, gaueko hamarretatik aurrera, Lord Kitchener eta konpainia entzungo ditugu, 50.eko hamarkadako calypso goxoa eskainiz. Barkatu eragozpenak.

Ska Bonanza: Studio One Ska Years

SKA BONANZA Studio One diskoetxe jamaikarrak 1963an ireki zituen bere ateak, hain zuzen ere, Jamaikak independentzia lortu eta hilabete batzuetara. Diskoetxe hau izan zen jamaikar beltz batek abian jarritako lehen zigilu diskografikoa. Gizon hau Clement “Coxsone” Dodd izan zen, irla osoko ekoizle famatuenetako bat eta garaiko ska musikaren loraldia sustatu zuen enpresari gaztea.

Coxsone 50eko hamarkadan hasi zen musika ekoizten Federal  bezalako estudioetarako eta pixkanaka hiriko ghettoetako sound system gehienen jabea bihurtu zen. New Orleans eta Miami bezalako hirietatik inportatutako R&B singleak jartzen zituen lehen sound system haietan, baita jamaikar musikariek grabatzen zituzten singleak ere.

Ska musikaren hasieretako egunetan argitaratutako  singleak  ez ziren saltzeko ideiaz ekoiztu, sound systemetan dantzatzeko baizik. Coxsonek buruan zerabilen, ordea, single haiek merkaturatzeko ideia eta World Disc diskoetxearen eskutik,  lehenik, eta Studio One diskoetxean eskutik ondoren, ska musika Jamaikako irrati eta disko dendetara iristeko saiakera egin zuen.  1964an, Wailing Wailers eta Maytals bezalako taldeei esker bere lehen singleak saldu zituen eta single hauek Erresuma Batura iristean, jamaikar musikak nazioarteko oihartzuna lortu zuen eta askoz ere merkatu zabalago bat.  Ska doinu hauen garapenetik sortuko ziren ondorengo urteetan rocksteady eta reggae bezalako estiloak.

Gaur, 22:00etatik aurrera, Jamaikar musikaren historiako lehen urteetara egingo dugu bidaia, 60ko hamarkada hasierako ska musikara, eta bidelagun izango ditugu Studio One diskoetxearekin lan egin zuten musikari jamaikarrak:   Roland Alphonso, Don Drummond, Skatalites, Toots & Maytals, Bob Marley & Wailers, Eric “Monty” Morris, Millie Small,  Lee “Scratch” Perry, Stranger Cole, Ken Boothe, Alton Ellis  etab….

London is The Place for Me. Trinidadian Calypso in London, 1950-1956

London is the Place for MeSka edo reggae generoak garatu baino lehenago, calypso soinuak izan ziren Trinidad eta Tobagotik edo Karibeko beste irla batzuetatik Erresuma Batura joandakoen komunitatearen soinu banda. Lord Kitchener, Lord Invader, Mighty Terror, Young Tiger… 50.hamarkadako calypso-aren izen esanguratsuak dira. Guztiak gaur gauean entzungo ditugu, hamarretatik aurrera, Eitb Musikan.

Snakefinger: Manual of Errors

Manual of ErrorsManual of Errors, gaurko egunez, 1982.urtean argitaratua, Philip Lithman-en bakarkako hirugarren diskoa izan zen. Gitarrarekin zuen abileziarengatik Snakefinger izen artistikoa hartu zuen eta horrela aurkezten zuen bere burua. 70.hamarkadaren hasieran, Londresetik San Francisco hirira joan zen eta han the Residents talde esperimentalarekin egin zuen bat, baina haien artean ez zuen oso ondo ematen: ez omen zen beraiek bezain arraroa, baina, egia esan, mainstream-erako ere ez zen nahikoa “normala”.

Gillian Welch: Time (The Revelator)

Time (The Revelator)2001.urtean, Gillian Welch estatubatuarrak Time (The Revelator) diskoa argitaratu zuen. Bakarkako hirugarren lan hau O Brother, Where Art Thou? (2000) pelikula arrakastatsuaren soinu bandan esku hartu eta gero kaleratu zuen eta filmaren oihartzunak musika tradizionalen berpiztearen erdigunean jarri zuen Welch. Gaur, gaueko hamarretatik aurrera, Time (The Revelator), entzuteko aukera eskainiko dizugu, Eitb Musikaren sintonian.

Sir Douglas Quintet: Mendocino

MendocinoGaur Eitb Musikan, gaueko hamarretan, hitzordua daukagu tex-mex-aren aitabitxiekin . Sir Douglas Quintet taldearen Mendocino (1969) diskoa entzungo dugu, mugako generoaren lanik esanguratsuenetako bat. Doug Sahm gitarrista eta abeslariak eta Augie Meyers teklistak elkarrekin sortu zuten lehenengo banda da Sir Douglas Quintet. Texasko bi musikariak geroago Freddy Fender-ekin eta Flaco Jiménez-ekin batera Texas Tornados-en elkartu ziren. Mendocino diskoak, besteak beste, mexikar tradizioa, cajun soinuak, britaniar eraginak eta country-rock-a dakarzkigu, koktel oso erakargarri batean. Banda oso eraginkorra, Sir Douglas Quintet-en itzala denborarekin hazten joan da.

Sufjan Stevens: Illinoise

IllinoiseGaur, asteazkena, gaueko hamarretatik aurrera, Eitb Musikan Sufjan Stevens-en Illinoise (2005) disko entzungo dugu. Detroit-eko musikariaren lan hau 2005.urteko “Urteko Diskorik Onena” izendatzen duten zerrenda ugaritan azaldu zen, goreneko postuan. Illinois estatuari eskainitako 22 kantak osatzen duten lan honetan, estatubatuar bizimoduko topiko, elementu eta pertsonaia ugari agertzen dira; serie-hiltzaileak, amerikar janari tipikoak, desfileak, hiriak, presidenteak… Folk-a eta pop oso landua dira nagusi, soinuari dagokionez. Lan hau Sufjan Stevens-en projektu haundiago baten barruan sartzen da: 2003.urtean iragarri baitzuen Estatu Batuetako 50 estatuei buruzko diskoak grabatuko zituela. Lehenengoa Michigan (2003) izan zen, bere sorterriari buruzkoa eta bigarrena, Illinoise, gaur entzungo duguna. Orain arte ez du iragarritako bilduma horretako lan gehiagorik kaleratu.