Tag Archives: country

Townes Van Zandt: Live at the Old Quarter, Houston, Texas

Live at the Old QuarterTownes Van Zandt-en abestiak, XX.mendeko musikaren klasikoak, artista haundiek abestu izan dituzte. Hala ere, Texas-en jaiotako kantautore honen diskoek ez zuten ezagutu arrakasta gehiegirik argitaratu zirenean, ez ziren momentuko arrakasta zerrendetan agertzen, nahiz eta kritikarentzat eta beste musikarientzat kantagile oso errespetatua izan. Gaur, Eitb Musikan, gaueko hamarretatik aurrera, Live at the Old Quarter, Houston, Texas (1977) entzungo dugu. Bi diskoz osatutako bilduma honetan, 1973.urteko uztailean Houston hiriko The Old Quarter klub-ean Van Zandt-ek eskainitako emanaldietako kantak agertzen dira, guztiak bere lehehenengo diskoetako abestiak: “If I Needed You”, “Pancho and Lefty”, “To Live is to Fly”… Van Zandt-en lanean murgiltzeko ezinbesteko diskoa.

Sir Douglas Quintet: Mendocino

MendocinoGaur Eitb Musikan, gaueko hamarretan, hitzordua daukagu tex-mex-aren aitabitxiekin . Sir Douglas Quintet taldearen Mendocino (1969) diskoa entzungo dugu, mugako generoaren lanik esanguratsuenetako bat. Doug Sahm gitarrista eta abeslariak eta Augie Meyers teklistak elkarrekin sortu zuten lehenengo banda da Sir Douglas Quintet. Texasko bi musikariak geroago Freddy Fender-ekin eta Flaco Jiménez-ekin batera Texas Tornados-en elkartu ziren. Mendocino diskoak, besteak beste, mexikar tradizioa, cajun soinuak, britaniar eraginak eta country-rock-a dakarzkigu, koktel oso erakargarri batean. Banda oso eraginkorra, Sir Douglas Quintet-en itzala denborarekin hazten joan da.

Loretta Lynn: Van Lear Rose

Van Lear Rose90.hamartean, hogeitamar urte lehenago country-aren izar bilakatu ziren artistak jokoz kanpo geratzen hasi ziren. Hala ere, hauetako batzuk –Johnny Cash, Merle Hagard…- jakin zuten sasoi berrietara moldatzen eta beren izaera galdu gabe, publiko berri batengana iristea lortu zuten. Loretta Lynn, country-aren mito haundia bera ere, 2004.urteko Van Lear Rose diskoarekin itzuli zen publikoaren bat egitera. Lan honetan White Stripes-eko Jack White izan zuen ekoizle. Mehatzariaren alabaren musikaren esentzia errespetatuz, White-k emanaldi gutxitan grabatu nahi izan zuen diskoa, gordin eta bapateko. Van Lear Rose gaur, gaueko hamarretatik aurrera, entzungo dugu Eitb Musikan.

The Flatlanders: More A Legend Than A Band

More A Legend Than A BandGaur, gaueko hamarretatik aurrera, country soinu alternatiboak nagusi izango dira Eitb Musikan (eta gaur ezin baduzu entzun, Eitbcomeko Audioen atalean ere jarriko dugu bihartik aurrera). The Flatlanders Texasko taldeak 1971.urtean grabatu zuen disko esanguratsu eta, aldi berean, gutxietsiaren berrargitalpena entzungo baitugu. More A Legend Than A Band 1990.urtean kaleratu zuten eta jatorrizko disko galdu haren kantez gain, 1972.urteko beste kantu batzuk ere gehitu zituzten. Garai hartako country komertzialarekin zerikusirik ez zuten kantetan, Flatlanders-en tradizioa berreskuratu zuten, baina oso ukitu bereziarekin. Beren lanak 90.hamarkadatik aurrera sortu zen country alternatiboa inspiratu zuen, neurri haundi batean.