Egun bat Musikan: BERRY GORDY JR

Berry Gordy Jr, Motown diskoetxearen sortzailea eta soul pop musikaren historiako enpresari eta ekoizle garrantzitsuenetako bat, gaurko egunez jaio zen 1929an, Detroit hirian.

1957an sortu zuen bere lehen diskoetxea, Tamla izenekoa, eta 2 urtetara jarri zuen abian bere bigarren proiektua, Motown. (Motor town) diskoetxeak, Tamla xurgatuko zuen, azkenik, eta Motown izenaren inguruan eratuko zuen Berry Gordyk, ondorengo urteetan, bere musika inperio guztia. Motown soul musikaren istoriako zigilu garrantzitsuenetako bat izateaz gain, 60ko eta 70eko hamarkadetako kanta arrakastatsuenetako batzuk ekoiztu zituen diskoetxea ere bada.

Berry Gordyk, soul musika entzule zurien etxeetara eraman zuen eta lehen aldiz historian, musika beltza mainstream-era, amerikar pop zerrendetara, iristea ahalbidetu.  Konposatzaile, interprete eta ekoizle afroamerikarrez osatutako zigilu honek bete betean asmatu zuen, arrakasta honen erantzule izan zirelarik ,besteak beste, Holland-Dozier-Holland musikagileak. Motown diskoetxeak kaleratutako single-en %75-a ( hau da, 4 kantatik 3) Estatu Batuetako arrakasten zerrenda nagusietako Top 40an sailkatu zen.

Gordyk ez zuen single bakar bat ere argitaratzen, aurrez, beribilean entzun gabe. Bere ustez, kanta batek irratian arrakasta izateko, beharrezkoa zen, autoa gidatzerakoan, kanta hau erraz entzuteko modukoa izatea, erabat itsaskorra izatea. Motown (Hitsville USA) soul musikaren historiako kanta, abeslari eta talde arrakastatsuenak eman dituen faktoria izan da.

Audioa

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *