Egun bat Musikan: Cold turkey

1969.urteko irailaren 25an, John Lennonek Cold turkey kanta grabatu zuen, Plastic Ono Band taldearekin. Hau izan zen bere bakarkako bigarren singlea eta bere izenarekin bakarrik, Paul McCartney gabe, sinatu zuena. Kanta Beatlesek abestea nahi zuen Lennonek. Hala ere, McCartneyk ezezkoa eman zionean, bakarrik grabatzea erabaki zuen, esan bezala, Plastic Ono Band taldearekin batera. Kasu honetan, talde hori Ringo Starrek, Klaus Voormanek, Eric Claptonek eta Yoko Onok osatu zuten. Yoko Onok eta Lennonek heroina kontsumitzeari utzi zioten euforiazko une batean konposatu omen zuen Beatle ohiak Cold turkey.

  

Hain zuzen ere, droga hori bapatean uzterakoan gorputzak jasaten duen abstinentzia-sindromeari buruzko kanta da. Egoera horri “cold turkey” esaten zaio ingelesez. Kantaren gaiak eta bere soinu nahiko zalapartatsuak ez zuten abestia hit bilakatzen lagundu, hala ere. Negu hartan, John Lennonek Britaniar Inperioko Ordenari uko egin zion. Britania Haundiak Nigeria-Biafra konfliktoan esku hartu zuelako eta Vietnamen Ameriketako Estatu Batuen alde egin zuelako, itzuli zion bere domina Isabel II.a erreginari. Gianera, Cold Turkey kantak arrakasta zerrendetan izan zuen beherakada ere arrazoietako bat bezala aipatu zuen, erreginari bidali zion eskutitz ezagun horretan.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *