Egun bat Musikan: Oh pretty woman

1964.urteko gaur bezalako egun batean, Roy Orbison bakarlariaren Oh pretty woman kantak Estatu Batuetako Billboard Hot single zerrendako lehenengo postua lortu zuen. Hiru astez jarraian ez zen bertatik jeitsi, gainera. Orbisonen Claudette emazteak inspiratu omen zuen abeslaria Oh pretty woman Bill Dees kidearekin batera idazterako orduan. Kanta hau dugu melodramen erregearen hit nagusia. Bere beste baladekin (It’s over, In dreams, Crying…) konparatua, askoz ere soinu rockeroagoa du.

  

Gure protagonistak ez zuen xarma gehiegirik eta bere fisikoa ez zen asko beste abeslari ederragoen aurrean. Hala ere, berezko estiloa zuen. Bere ahots dardarti eta operistikoa eta erantzunik gabeko maitasunari buruzko hitzek bere sasoiko eta baita ondorengo hainbat artista inspiratu eta eragin zituen. Oh pretty woman kantan, esaterako, Roy Orbisonen marmar berezia entzun dezakegu. Baita “mercy” deiadarri ere. Biak, artista honen bereizgarriak dira. 1964.urteko irailaren 26a zen Oh pretty woman kantak Estatu Batuetako arrakasta zerrendak astindu zituenean, Britaniar Inbasioaren une gorenean, gainera. Roy Orbisonen unerik gorena horixe izan zen eta gero, bere arrakastak beheruntz egin zuen, besteak beste, 60.hamarkadaren bigarren erdialdetik aurrera bere kantak errepikakorrak bihurtu zirelako.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *