Mercury Rev: Deserter’s Songs

MERCURY REVNew Musical Express musika aldizkari britainiarrak 1998ko disko onena izendatu zuen Mercury Rev amerikarren Deserter’s Songs. Urte pare bat lehenago Richard Branson musika enpresariak abian jarritako V2 diskoetxean izan zen argitaratua Buffaloko taldearen iraupen luzeko laugarren lan hau eta indie musika programatzen duten irratietan oihartzun handiko diskoa izan zen, behinik behin Erresuma Batuan eta Europako beste zenbait herrialdetan.

60ko hamarkadako pop barrokoaren eraginpean Jonathan Donahuek (Flaming Lips) orkestrazio lana suposatu zuen disko epikoa prestatu zuen eta bertan azaltzen diren 11 abestien grabaketa saioetan, taldeko 6 kideez gain beste 6 musikarik hartu zuten parte, hauen artean, The Band talde kanadarreko kide izandako Garth Hudson eta Levon Helm musikariek.

Gaur, gaueko hamarretatik aurrera, Eitb Musikan entzungai izango dugun disko honen bi single entzunenak “Goddess on a Hiway” eta “Opus 40” abestiak izan ziren. Bi abesti hauen promozio videoclipak Anton Corbijn argazkilari ospetsuak egin  zituen.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *