Egun bat Musikan: DORIS TROY

Doris Troy abeslari eta konposatzaile afroamerikarra, Las Vegas hirian hil zen, 2004ko otsailaren 16an, 67 urte zituenean. New Yorken jaiotako emakume hau "Just One Look" eta "Whatcha gonna do about it" abestien egilea izan zen, Erresuma Batuan The Hollies taldeak eta Cilla Black abeslariak arrakastaz moldatu zituzten kantak hurrenez hurren. Konposatzaile aparta izateaz gain, abeslari entzutetsua ere izan zen 60ko hamarkadako urteetan eta ibilbide luzea egin zuen, lehenik Sweet Inspirations taldeko abeslari bezala, eta ondoren, The Beatles, Pink Floyd, The Rolling Stones edota Led Zeppelin bezalako taldeen korista gisa.

1968 ingurura arte soul abeslari bezala eman zen ezagutara nazioartean baina 60ko hamarkada amaierarekin batera eszenatokiak utzi eta konposizioaren zein ekoizpenaren arloetan murgildu zen buru-belarri.  Hainbat urtez, Beatles taldearen Apple diskoetxerako egin zuen lan baita People Records zigilurako ere: hemen Dandy Livingstone ekoizlearekin elkarlan aipagarriak egiteko aukera izan zuen. Bere konposizio gehienak Doris Payne goitizenarekin zinatu zituen.

70ko hamarkada amaitzean, Estatu Batuetara itzultzeko garaia iritsi zitzaion. Etxean bueltan zela, bere bizitzan oinarritutako antzezlan musikal bat egitea bururatu eta 1981ean Mama I want to sing izeneko antzezlana estreinatu zuen. Ondorengo urteetan, 80ko hamarkada osoan zehar, ikuskizun honekin bisitatu zituen nazioarteko antzoki garrantzitsuenetako batzuk.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *