Egun bat Musikan: PAUL REVERE

Paul Revere, 60ko hamarkadako garage rock amerikarraren talde esanguratsuenetako batetako kide sortzailea eta teklatujolea, gaurko egunez jaio zen 1938an. Umetan ikasi zuen pianoa jotzen eta pixkanaka joan zen boogie woogie doinuetatik rock and roll doinuetarantz, Jerry Lee Lewis bezalako musikari sutsuen eraginpean.

19 urterekin Mark Lindsay abeslari gaztetxoaren The Downbeats rock taldera batu zen.  Idaho-ko talde honen lehen maketa Los Angeles hiriko Gardena Records diskoetxeko jabearen eskuetaraino iritsi zen eta John Guss ekoizlea izan zen euren lehen aukera eman ziena. Baldintza bakarra jarri omen zien kontratu diskografiko bat zinatzekotan: taldearen izena aldatzearena. Guss jaunaren iritziz, Paul Revere izenak joko handia ematen zuen taldea entzuleri zabalaren aurrean ezagutara emateko orduan, izen honek, taldeko kideetako bati aipamen egiteaz gain, Amerikar Independentzi Gerrako pertsonai historiko bati ere egiten baitzion aipamen. Hain zuzen ere, Paul Revere independentzi gerrako heroietako bat izan zen, bere bizia jokoan jarri zuena, gauez eta ezkutuan matxinatuen arteko mezularitza lana eginez. Taldeko kideek onartu egin zuten izen aldaketa eta txantxa bere azken muturreraino eramanez, Paul Revere and the Raiders, Paul Revere eta Zaldizkoak izena hartu zuten, eszenatokian XVIII.mende bukaerako gudari matxinatuen uniformeen gisako mozorroak jantziz.

1965 eta 1969 urte tartean, amerikar zerrenden gailurrean egon ziren behin eta berriz, Terry Melcher (Doris Day abeslariaren semea) ekoizlearen eta konposatzailearen laguntzarekin 60ko hamarkadako garage rock-aren klasiko handienetako batzuk grabatuz. Euren izenburu ezagunenetako batzuen artean daude:"Stepping out", "Just Like Me," "Hungry," "Him or Me-What’s It Gonna Be" " Indian Reservation" eta "Kicks".

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *