Egun bat Musikan: Count Basie DECCA

Count Basie orkestra zuzendari, konposatzaile eta jazz pianistak, 1937ko urtarrilaren 21ean egin zuen Decca diskoetxearentzat bere lehen grabaketa saioa. New York-en burutako saio hartan parte hartu zuten The Barons Of Rhythm, Count Basie-ren ohiko talde laguntzailea osatzen zuten musikariek. Sasoi hartan, taldean zeuden: Lester Young eta Herschel Evans saxofonistak,  Buck Clayton tronpeta-jotzailea, Walter Page, Freddie Green eta Joe Jones musikariek osatutako erritmo sail aparta eta Jimmy Rushing shouter famatua. Decca zigiluarekin zinatutako kontratu honek eman zion hasiera Count Basie-ren orkestraren ibilbide arrakastatsuari.

Bigarren Mundu Gerra aurreko urteetan, Count Basie-ren big band famatua, Benny Goodman eta Duke Ellington zuzendarien orkestren parekoa izan zen eta swing musikaren urrezko urteei musika jarri zien orkestra garrantzitsuenetako bat bezala gogoratzen da. Urte haietan grabatu zituzten izenburu arrakastatsuenen artean aipa ditzakegu, "One O’clock Jump", "Honeysuckle Rose" eta "Stop Beatin’ Round the Mulberry Bush" .

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *