Egun bat Musikan: PETER MURPHY Bauhaus

Peter Murphy, Bauhaus talde britainiarraren abeslaria, 1957ko uztailaren 11an jaio zen Northampton hiri ingelesean. Hiri honetan ekin zion, 70eko hamarkada bukaeran, bere musika ibilbideari, post punk mugimenduaren alde ilun eta gotikoenean.

Bauhaus taldeak XX.mende hasierako Alemaniako diseinu eta arkitektura eskola iraultzaile baten omenez hartu zuen izen hau. Taldekideek beldurrezko zine klasikoan aurkitu zuten beraien musikaren inspirazio iturria. Zinegile espresionistak zituzten gogoko, Fritz Lang, Friedrich Murnau edota Robert Wiene bezalako zine zuzendarien filmak eta hau nabarmena zen taldeak aurkeztu zuen intentsitate astuneko soinu ilun eta itogarrian. Esperimentaziotik abiatuz, rock gotikorantz hurbildu ziren baina Bauhaus taldearen musika ez zen inoiz entzuleri zabal baten gustukoa izan, nahiz eta ” Lagartija Nick” edota “She’s in parties” bezalako abestiek irrati uhinetan oihartzun nabarmena lortu.

1983an, estudioko 4 disko argitaratu ondoren, taldea desegina gelditu zen eta Peter Murphyk bakarkako bidea hartu zuen. Taldeko beste kideek Love & Rockets proiektu berria sortu zuten. 25 urte beranduago, 2008ko martxoan, Bauhaus disko berri batekin itzuli dira eszenatokietara, Go away white izeneko lanarekin, oraingoz behintzat kazetari eta adituek kritika bikainez hartu dutena.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *