Egun bat Musikan: THAT’S ALL RIGHT (MAMA)

1954ko uztailaren 10ean, Memphis hiriko WHBQ irratiak Elvis Presley-ren estreinako single aurkeztu zuen, "That’s alright Mama". Sam Phillips, Sun diskoetxeko jabeak bidali zion Dewey Phillips esatari eta disko jartzaileari abesti honen kopia bat eta 21:30etan, gutxi gora behera, eta lehen aldiz historian, Elvis Presley-ren kanta bat irratian entzun zen. 5 minutu ere ez ziren igaro entzuleen deiek linea telefonikoen sarea kolapsatu zutenean.

"That’s alright Mama" 1954ko uztailaren 5ean izan zen grabatua Sun estudioetan. Grabaketan parte hartu zuten, ordu arte abesti bat bera ere grabatu ez zuen Elvis Presley gaztetxo batek, Scotty Moore gitarra-jotzaileak eta Bill Black bajistak. Singlea ez zen 1954ko iraila arte argitaratu baina udarako hilabete haietan, uztaileko eta abuztuko egun eguzkitsuetan, behin eta berriz jarri zuten abestia Memphiseko irrati nagusietan baita Estatu Batuetako hegoaldeko beste hainbat irratitan ere.

Sun diskoetxeak jarraitu ohi zuen ekoizpen politikaren arabera hautatu ziren Elvisen lehen single honetako abestiak. Singlearen A aldean, erro beltzeko abesti bat aurkeztu zen, hau da Arthur Crudup afroamerikarraren "That’s alright Mama" rhythm and blues zaharraren moldapena eta B aldean, berriz, Bill Monroe bluegrass maisuak 1945an grabatu zuen "Blue Moon of Kentucky" abestiaren bertsio rockabillya. Elvis Presley-ren estreinako single honek rock and rollaren garai distiratsuenari eman zion hasiera eta  amerikar pop musikaren eta, ondorioz, Europako pop musikaren norabideak aldatu zituen betirako.

"If I could find a white man who had the Negro sound and the Negro feel, I could make a billion dollars"

Sam Phillips

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *