Egun bat Musikan: WOODY GUTHRIE

Woody Guthrie folk kantautore estatubatuarra 1912ko uztailaren 14an jaio zen Oklahoman. 1937an iritsi zen Los Angeles hirira, Dust Bowls delako arezko ekaitz erraldoiek Oklahoma, Texas eta Amerikako Estatu Batuetako  beste zenbait herrialdetan eragindako galera eta kalteetatik ihesi. Miseri gorrian bizi izan zen beste milaka eta milaka lagun bezala eta bizi hobe baten bila abiatu zen Californiako itsasertzerantz. Bide luze eta gogor horretan ikusi eta bizitakoak musikan islatu zituen, folk doinu zaharretan oinarritutako abesti protestak idatziz. Bere garaiko arazo soziopolitikoen gain ardura berezia azaldu zuen Woody Guthrie-k eta behartsuenen,ezer ez zutenen aldarrikapenak bereak egin zituen. Faxismoaren eta kapitalismo inperialistaren aurka egin zuen borroka bere abesti eta idatzietan. 10 urte baino gehiagoz People’s daily world egunkari komunistarako idazten jardun zen eta industria handietako langileen sindikatuetan ere lan ugari egin zituen. 

40ko hamarkada hasieran New Yorkeko Greenwich Village gunean ezarri zuen bere egoitza eta Pete Seeger, Lee Hays eta Millard Lampbell abeslari eta musikariekin batera Almanac Singers taldea osatu zuen. Pare bat urtez, Estatu Batuak bigarren mundu gerran sartu arte, folk talde honek abesti protesta ugari grabatu zituen eta amerikar gobernuaren politikari kritika gogorrak egin zizkion.  60ko hamarkadako folk berpizkundeko kantautore hippiek  asko zor diete talde honetako kideei eta horrela azaldu izan dute beraiek ere. Esateko, Bob Dylanek, Woody Guthrie aipatu izan du, betik, bere maisu eta inspirazio iturri nagusi bezala.

Woody Guthrie 1967an hil zen, bere bizitzako azken 10 urteak ospitale psikiatriko batean igaro ostean. Medikuek gaitz bat baino gehiago diagnostikatu zizkioten arren, badirudi Huntington gaixotasuna izan zuela. Bere seme-alabetatik , bakarrak jarraitu zuen aitak hasitako musika ibilbidea, hain zuzen ere, Arlo Guthrie folk kantautoreak. Egun XX.mendeko folk musikari handienetako bat bezala gogoratzen da.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *