Egun bat Musikan: CILLA BLACK EMI-PARLOPHONE

1963ko uztailaren 24an, Cilla Black abeslari ingelesak ahots froga bat egin zuen EMI-Parlophone zigiluko ekoizle zen George Martin-entzat. Beatles taldearen managerraren bitartez iritsi zen abeslari gazte hau Parlophone estudioetara eta noski, bere gomendapenarekin, abeslariak aise gainditu zuen froga hau. Cilla Black, merseybeat-aren boom erraldoian egongo zen emakumezko abeslari bakarra bihurtuko zen gutxira.

Priscilla White izeneko emakume hau Cavern club txikian hasi zen abesten, The Beatles, The Searchers, Gerry & the Pacemakers eta Billy j. Kramer & the Dakotas taldeen agertoki izan zen eszenatoki berean. Club honetako jantzizain bezala egiten zuen lan sasoi hartan eta noizbehinka eszenatokira igotzen omen zen maitasun baladaren bat abestera. Pixkanaka – pixkanaka club-eko ohiko abeslari bihurtu zen eta Brian Epstein-en gidaritzapean 60ko hamarkadako pop abeslari arrakastatsuenetako bat. Honetarako nahikoa izan zen abeslariaren look xumea pixka bat aldatzea, bere ahotsa zein eszenatokiko jarrera lantzea eta trebatuta eta leunduta zegoenean George Martin ekoizlearen eskuetan uztea.

Cilla Black abeslariak "Anyone who had a heart" eta "You’re my world" bezalako arrakasta handiak lortu zituen 60ko hamarkada erdialdera eta, zalantzarik gabe, Lulu, Sandie Shaw eta Dusty Springfield abeslariekin batera, Brittish Invasion delakoaren emakumezko ahots aipagarri eta arrakastatsuenetako bat izan zen.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *