Tag Archives: Belmonts

Egun bat Musikan: DION DIMUCCI

Doo wop musikaren ahots aipagarrienetako bat, Dion DiMucci abeslaria, 1939ko uztailaren 18an jaio zen.

Metroko geltokietan eta New Yorkeko kale izkinetan abesten zuten ahots talde txikietako kide bezala hasi zuen bere musika ibilbidea eta 50eko hamarkada bukaeran lortu zituen bere lehen arrakastak The Belmonts taldeak Laurie Records zigilu berriarekin kontratu diskografikoa zinatzean. Talde honetako kideek betidanik ezagutzen zuten elkar, hirurak ziren jatorri italoamerikarrekoak, hirurak bizi ziren ere Belmont hiribidean eta hirurek ikasi zuten institutu berean.

1957tik 1959ra, Dion & The Belmonts Estatu Batuetako doo wop talde arrakastatsuenetako bat izan zen eta “I wonder why”, “A teenager in love edota “Come on little angel”, pop zerrendetako lehen postuetaraino iritsi ziren. 1960an Dion DiMuccik taldea utzi eta bere burua bakarlari bezala aurkeztea erabaki zuen. Ondorengo hiru urteetan, garaiko teen idol famatuenetako bat izan zen eta “Runaround Sue” zein “The Wanderer” abestiak Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko pop zerrenden gailurrean kokatu ziren. 1964an, ordea, Beatles laukoteak Atlantikoa zeharkatu zuen eta Liverpoolekoen etorrerak amerikar pop musika noraezean utzi zuen, urteak iraungo zituen krisi sakon batean.

Heroinak eta Jack Daniels-ak gainbehera jaurti zuten Dion DiMucciren ibilbide profesionala baita bizitza pertsonala. 70eko hamarkarda amaierarako Dion trapu zahar bat baino ez zen.  Urte haietan, tarteka diskoren bat kaleratu zuen arren, 2006 urtera arte ez zuen benetan esanguratsua den lanik argitaratu. Urte honetan, Dion: bronx in blue diskoak grammy sarietara izendapen bat jaso zuen eta abeslaria indarberrituta itzuli zen eszenatokietara. Hainbeste urte eta gero, kritikarien eta entzuleen babesa lortu zuen berriro.