Egun bat Musikan: JANIS SIEGEL

1972az geroztik Manhattan Transfer taldeko abeslari izan den emakume hau Brooklyn-en jaio zen, New Yorken, 1952ko uztailaren 23an.

Janis Siegel abeslariak eta Manhattan Transfer taldeko beste hiru kideek, 70ko eta 80ko hamarkadetako ahots talde arrakastatsuenetako bat osatu zuten eta grabatu zituzten pop, jazz, gospel eta blues standard edo klasikoak garaiko pop single salduenen artean kokatu ziren. Taldearen arrakasta handienen artean aipa ditzakegu  "Chanson D’ Amour", "Operator", "Birdland" eta "The Boy from New York City" abestiak. Taldearen izenak,aldiz, John Dos Passos idazle estatubatuarraren 1925eko Manhattan Transfer eleberri ospetsuari egiten dio aipamen. Nobela honetako orrietan New Yorkeko jazz egun distiratsuenak islatzen ziren.

Janis Siegel abeslariak 80ko hamarkadarekin batera ekin zion bakarlari bezala kantak grabatzeari eta, urte guzti hauetan, Manhattan Transfer taldearekin egindako lanak, bere bakarkako disko, emanaldi eta kolaborazioekin uztartu ditu. Jazz musikaren arloan ibilbide duina egin duen anderea, 1987an Grammy sarietara izendatu zuten, jazz abeslari onenaren atalean, At Home diskoan egindako lan bikainarengatik.  

1993an, The Swing Kids filmaren soinu bandarako grabatu zuen swing garaiko klasiko bat den "Bei mir bist du schoen", 1932ko I would if I could musikal judutarrerako izan zena konposatua eta The Andrews Sisters neskek grabatu zutenetik amerikar pop standard-etako bat dena.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *