Tag Archives: Richard Rodgers

Oscar Hammerstein II

HAMMERSTEIN II Oscar Hammerstein II.a, Broadwayko musikal ospetsuenetako batzuk idatzi zituen gizona, 1895eko uztailaren 12an jaio zen New Yorken.

1927an aurkeztu zuen bere lehen musikal garrantzitsua,  Showboat. Edna Ferber idazlearen izen bereko nobelan oinarritzen zen libretoa Oscar Hammerstein II.ak idatzi zuen eta musika, berriz,  Jerome Kern konpositorearen lana izan zen. Mississippi ibaian barrena bidaiatzen zuen Cottom Blossom itsasontziaren istorioa kontatzen zuen musikal honek ordura arte egin zen antzerki musikala eraldatu zuen eta amerikar musikal berriaren zutabeak jarri zituen.

40ko hamarkadan, musikal amerikarraren urrezko sasoian, Oscar Hammerstein II.ak Richard Rodgers konpositorea izan zuen lankide. Bi hauen artean sortu zituzten Pulitzer saria lortu zuten Oklahoma (1943) eta South Pacific (1949). Oklahoma Broadwayn inoiz aurkeztu den musikal arrakastatsuenetako bat izan zen. Kartelean egon zen lehen denboraldian,  2248 emanaldi egin ziren etenik gabe.

Oscar Hammerstein II.a 1960an hil zen, minbiziak jota. Bera hil baino hilabete batzuk lehenago estreinatu zen Broadwayn bere azken musikal handia, The Sound Of Music (1959).