Tag Archives: British Invasion

The Kinks: The Kinks Are The Village Green Preservation Society

kinks 1968ko The Kinks Are The Village Green Preservation Society The Kinks britainiarren seigarren diskoa izan zen eta jatorrizko laukoteak grabatu zuen azken lana, hurrengo urtean Pete Quaife baxu jotzaileak taldea utzi baitzuen.

Disko hau 1966 eta 1968 urteen artean grabatutako abestiez osatutako lan kontzeptuala da. Ray Davies izan zen abestien konpositorea eta disko honi batasun bat eman ziona. Something Else diskoarekin ekindako bideari jarraituz eta euren ibilbidearen hasieretako arrakasta handiak (“You Really Got Me”, “All Day And All Of The Night”) atzean utziz, Ray Daviesek disko sentimental eta nostalgikoa egin zuen, aurreko lanekin alderatuz askoz ere pertsonalagoa.

Disko hau Ingalaterra zaharrari eskainitako omenaldia da, ahaztear zeuden tradizioei eta bizimodu bati eskainitako azken agurra. Diskoan barrena modu bukolikoan gogoratzen dituzte Kinks taldekoek Ingalaterrako herrixketako zelai berdeak eta hango biztanleen izaera xalo  eta lasaiak. Joandako garaiei eusteko saiakera hau musikan islatzen dute, ere, pop barrokoaren zertzeladak eta folk doinu eztiak 60ko hamarkadako pop britainiarrean itsatsiz.

Gaur, 22:00 etatik aurrera, Eitb Irratian entzungo ditugu The Kinks taldekoek 1968ko disko honetan aurkeztu zituzten kantak.