Tag Archives: In My Life

The Beatles: Rubber Soul

beatles rubber soul 1965ko abuztuaren 15ean The Beatles laukoteak 55.600 pertsonen aurrean eman zuen kontzertua New Yorkeko Shea Stadium beisbol zelaian. Irailean bira amerikarra bukatu eta Ingalaterra itzuli zirenean euren gertukoek nekatuta ikusi zituzten, aldatuta, eta zuzeneko gehiago emateko gogo gutxirekin. 3 urteko epean, club txikietan kontzertuak ematetik, lehen filetan zeuden neskei zigarroak ezpainetatik kentzetik, estadio handietan jotzera egin zuten jauzia  eta aldaketa honek ez zien, musikari bezala behintzat, inolako onurarik ekarri. John Lennonek zioenez, abesten zuenean bere burua ere ez zuen entzuten nesken garrasiengatik.

Kontzertu erraldoi hauek ez zietenez musikari bezala hazten edo garatzen laguntzen, estudioan lan egiteak eskaintzen zizkien aukerei jarri zieten arreta. Urrian hasi zituzten Rubber Soul diskoaren grabaketa saioak eta saio hauek 4 astez luzatu ziren.  Lehen aldiz taldearen ibilbidean, diskoaren grabaketak iraun zuen asteetan kontzerturik ez ematea erabaki zuten.

Rubber Soul diskoa transizio lan bat bezala aurkeztu ohi da, Beatles taldearen aurreko diskoetako pop doinuetatik, ondorengo diskoetako experimentaziora zubi lana egin zuen diskoa bezala. Bertako abestietan, jada, nabari da rock musikan ezohikoak diren instrumentuak erabiltzeko joera, esateko, George Harrisonek sitar bat jotzen du “Norvegian Wood” abestian, baita teknologiak eskaintzen zizkien grabazio eta ekoizpen aukerak aprobetxatzeko nahia. Experimentazioaren bidetik sortu zuten, adibidez, “In My Life” abestian entzuten den klabezin barrokoa. Klabezina dirudien instrumentu hori pianoa da. George Martinek pianoan grabatutako pasartearen abiadura bikoiztu egin zuen eta emaitza klabezinaren oso berdintsua den soinua izan zen.

Musika konposizioari eta hitzei dagokienez,  Rubber Soul diskoan Help diskoarekin ekin zioten experimentazio eta introspekzio bideari jarraitu zioten. Azken bira amerikarrean taldekideen arteko harremana asko hoztu zen arren  eta musika egiterakoan bakoitzak bere aldetik jotzen bazuen ere, Beatles taldekoek disko mardula grabatu zuten behin berriro. George Martinek ekoiztua eta Parlophone zigiluak argitaratua, diskoa Erresuma Batuko pop arrakasten zerrendako lehen postura iritsi zen 1965ko Eguberri festetan.