Egun bat Musikan: Wembley, 1988-06-11

1988.urteko ekainaren 11ko irudiak dituzu goiko hauek. Londresko Wembley estadioa jendez gainezka zen (72.000 lagun hurbildu zen bertara). Arrazoia: Nelson Mandela antiapartheid buruzagi hegoafrikarrak hirurogeitamar urte bete zituen egun hartan. Espetxean zen, ordea, 1963an giltzaperatu zutenetik. Bideoan Simple Minds taldea ari da abesten. “Mandela Day” kanta, hain zuzen ere. Abestia egun honetarako propio konposatu zuten. Jaialdiaren ideia bera ere beste kanta batetik sortu zela esan dezakegu. Jerry Dammers The Specials taldeko abeslariak “Nelson Mandela” 84.urtean kaleratu zuen, nahikoa arrakasta lortuz. Orduan, Apartheidaren Aurkako Artisten Batasuna osatzea bururatu zitzaion eta kontzertu bat egin zuten Londresen 86.urtean. Emanaldi honen harrera onak eta orduan sasoian egin zen Live Aid makrokontzertuaren oihartzunak zerbait haundiagoa egitera animatu ziztuzten apartheidaren aurkako artisten elkarte honetako kideak. Wembleyn mundu osoko pop eta rock izar ugarik esku hartu zuen. Bertan aritu ziren Sting, Whitney Houston, Peter Gabriel, Dire Straits, Eric Clapton, Salif Keita, Miriam Makeba…eta beste asko. Mundu osoko 60 herrialdetako hainbat telebista katek kontzertu erraldoia zuzenean eskaini zutenez, guztira 600 milioi ikusle izan zituen Nelson Mandelaren 70.urtebetetze eguneko kontzertu esanguratsu honek.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *