Egun bat Musikan: GRAHAM PARKER

Graham Parker, 70eko hamarkada amaierako pub rock eszenatik irten zen kantautore arrakastatsuenetako bat, gaurko egunez jaioa da, Londresen, 1950ean. Bob Dylan, Van Morrison eta The Rolling Stones bezalako musikarien eraginpean, amerikar doinu tradizionalen berpizkundea eta zabalkundea bultzatu zituen, rock progresiboa egiten zuten taldeek Erresuma Batuko eszenatokiak hartu zituzten urteetan.

Graham Parker, The Rumour taldearen "frontman"-a izan zen 1975etik 1980ra eta sasoi hartan kaleratu zituen bere ibilbide osoko disko esanguratsu eta aipagarrienetako batzuk, hauen artean, Howling Wind (1976ko aurkezpen lana) eta 1979ko Squeezing out Sparks. Bere lehen diskoak Mercury zigiluaren eskutik argitaratu baziren ere, Graham Parker-ek diskoetxe honetako arduradunekin izandako liskar eta ezinikusiaren ondorioz, musikari ingelesak bertan behera utzi zuen elkarlan hau eta beste diskoetxe batekin lan egiteari ekin zion.

Arazo hauek eta bere itxura egoskor, betilun eta serioak, beti haserre zegoen gizonaren irudia sortzen lagundu zuten eta, hau izan zen, ere, komunikabideek musikari honen inguruan egin zuten irudikapena: The Angry Young Man. Graham Parker-i buruz idatzi zen lehen artikuluan, kazetariak galdera hauxe plazaratzen zuen: “Graham Parker ote dugu Bob Dylan berria?”

Parker ezin daiteke Bob Dylan-ekin alderatu baina honek ez luke bere lana gutxietsi behar. 40 urteko ibilbide luzea egin du musika arloan eta diskografia txukuna aurkeztu du, egun, oraindik ere, eszenatokietan ikus dezakegularik.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *