Tag Archives: blue eyed soul

Dusty Springfield: A Star Is Born

dusty_springfield_grande3 Dusty Springfield abeslari ingelesa 1939eko apirilaren 16an jaio zen. 60ko hamarkadako pop britainiarraren erregina eta garai guztietako blue eyed soul abeslari onenetako bat, 1963tik 1970era grabatu zituen abestien artean pop musikaren klasiko handienetako batzuk aurkitzen ditugu: “I Only Want To Be With You”, “Whishing And Hoping”, “You Don’t Have To Say You Love Me“, The Look Of Love, “Son Of A Preacher Man“…

Nazioarteko pop zerrendetan 20 hit baino gehiago lortu  zituen emakume hau umetan hasi zen abesten. Bere aitak musika klasikoa eta jazz musika entzuteko ohitura omen zuen eta Dustyk,  Peggy Leek bezala abestearekin egiten ei zuen amets.  Gaztetxotan, ordea, amerikar Rhythm and bluesa  eta Motown diskoetxearen soul disdiratsua ezagutu zituen eta guztiz maitemindu zen doinu eta erritmo afroamerikar hauetaz.

The Lana Sisters eta The Springfields taldeetan abestu ondoren 1963an bere bakarkako lehen singlea kaleratu zuen “ I only want to be with you” eta debut single honek 10 urteko ibilbide emankor eta arrakastatsuari eman zion hasiera. 60ko hamarkadan, Atlantikoaren bi aldeetan emakumezko pop abeslari bikainak zeuden arren, gutxik abesten zuten Dusty Springfielden pasioaz. Emakume honek  emoziozko sumendi bat zuen barruan eta abesten zuen bakoitzean emozio guzti hauek eztanda egiten zuten kanporantz.  Melodrama abeslari aparta, doinu dantzagarrietan ere ongi moldatu zen eta landu zituen estilo guztiei eman zien bere ukitu bereizgarria; blue eyed soul eta country musiken esparruetan kanta ahaztezinak utzi zizkigun esateko. Hain zuzen ere, bere disko goraipatuenetako bat  1969ko  Dusty in Memphis Nashvillen grabatu zuen.