Monthly Archives: February 2011

Dopina hizpide

contador_angel_demonioOnartu beharra dago, tamalez, dopina beti dabilela txirrindularitzaren gurpilean, sarriegitan dela zaleen arteko hizketagaia. Zer esanik ez komunikabideetan. Maiz putreak haragitara nola, hala gerturatzen dira komunikabideak dopin aferetara. Normalean kritika zitala egitera.

Horrelako asmorik gabe, baina dopina ahalik-eta modurik sakonenean aztertzeko intentzioa du martxoak 1 ETB SAT-eko “Deporte a Debate“saioak 22.45ean. Alberto Contadorren kasua aitzaki hartuta, ziklismoan dopinak duen egoera aztertuko dute Jose Ituarte kazetariaren aginduetara.

Hasteko Manolo Saizi elkarrizketa egingo dio. Puerto Afera lehertu zenetik ezer gutxi jakin da haren berri, baina izango du zeresanik. Beti izan du. Ondoren hasiko da eztabaida Saiz bera partaideen artean dela. Berarekin batera, Iñaki Arratibel medikua, Igor Gonzalez de Galdeano Euskalteleko managerra, eta blog honen egilea.

Gaiari adarretatik heltzea komeni da, epelkeriarik gabe, zorrotz, izan ditzazkeen hertz guztiak sakon aztertuz. Seguru aski ez gara denok bat etorriko, eta ez da komeni gainera, baina analisi burutsuen ondorioz errealitatea zein den ikusarazten badugu, helburua betea geldituko da. Ziklismoak ahalegina merezi du. Eta behar du.

Ikusi programa zuzenean

Aldaketaren adibide

Ez ohiko gertaera baten berri eman da ziklismoan. Nik uste kirolean ere ez dela inoiz halakorik gertatu. Ziklista baten kolaborazioari esker doping sustantziak banatzen zituen sare bat atzeman dute Eskuadra Mossoek Katalunian. Xavier Tondo Movistarreko ziklistak mail bat jaso zuen pasaden abenduan non debekatutako sustantziak eskaini zikioten: EPO, anabolizanteak eta Hazkunde hormona besteak beste. Tondok baina tentazioari zirrikiturik txikiena ere utzi gabe poliziaren esku jarri zuen aipatu mezua. Bi hilabeteren buruan sarea desegin dute.

Xavier Tondoren jokabideari eredugarria deritzot, baina kontuz. Ez naiz uste hutsarekin poliziarengana joan eta inolako oinarririk gabe han eta hemen ikerketak zabaltzearen aldekoa. Baina kasu honetan ez zegoen usterik, egiaztatu zitekeen gertaera baizik. Esan gabe doa salbuespena izan dela Tondoren jarrera eta seguru aski tropeleko kide guztiek ez zuten berdin jokatuko, baina aldaketaren adibide dela esango nuke. Iraganean ez zen inoiz halakorik gertatuko, kasurik onenean ere ezjakinarena egingo litzateke. Tondok, ordea, erakutsi du ziklista batzuk ohartu direla jarrera aldaketa ezinbestekoa dela ziklismoan.

Mundu guztiak ez du bere jokamoldea ulertuko, ezta nik babestea ere, baina aldaketa ezinbestekoa da ziklismoa dagoen putzu beltzetik ateratzeko. Ez dut sinisten erabateko garbitasunean, utopia da hori, baina beste norabideak amildegira darama kirol hau.

Ez dago garailerik

Jakin berri da Espainiako Txirrindularitza Federazioak Alberto Contador zigorrik gabe uzteko asmoa duela. Berriro irauli dira aurreikuspenak. Baina ez dago argi azken epaia bide honetatik etorriko den, ikusi egin beharko baita erabaki horren kontra egiten duten UCIk edota AMAk Nazioarteko Arbitraje Epaimahaira jota. Esandakoak esan, hori litzateke logikoena baina ez ote duten egingo ere esan didate.

Ez dakit zer dela-eta aldatu duten iritzia Federazioko juristek. Pentsatzen dut Alberto Contadorren defentsak emandako argudioek eragingo zutela aldaketa edota blog honetan bertan urtarrilaren 27an argitaratutako (Berandu da, izenburupean) aurrekari batek. Edozein moduz sinesgaitzek izan diren presioak aipatuko dituzte. Presioak, esan gabe doa, izan dira, baina beti ez dira onerako izaten. Gainera, urtebeteko zigor proposamena egin zenean inork ez zuen zalantzan jarri profesionalen independentzia eta lan ona, eta orain ere errespetu berdinarekin ametitu beharko litzateke batzordearen intentzioa.

Edonola den ere eta afera amaitzen den bezala amaitzen dela, ez du inork irabaziko. Kaltea eginda dago, batez ere ziklistarentzat. Errugabe jotzen badute, barkatu izan zaion sentsazioa izango du Contadorrek, hala gogoraziko diotelako bere kontrakoek. Zigortuko balute, akaso bidegabea izango litzateke. Egia berak bakarrik daki, edo beharbada berak ere ez. Ziklistak errugabe dela esaten du. Orain, Federazioak ere bai.

Xabier Usabiaga: Albiste onak

Azkenaldian bi aipamen baino ez dakartza ziklismoaren oihartzunak: Ricardo Riccoren egurtzea (merezita) eta Alberto Contadorren gaineko aurreikuspenak. Badirudi ziklismoaren iturriak dopina baino ez duela jariatzen. Ez da egia. Lasterketei erreparatuz gero, badira pozarren egoteko moduko berriak, ziklista batzuen errekuperazioa adibidez.

Batez ere Heinrich Hausslerren osatzeak poztu nau. Profesionaletan debuta egin zuenetik begiko dut. Klasiko zalea izanik atentzioa eman baitzidan profesionaletako lehen urtean Paris-Roubaix 25. postuan sailkatu izanak. Are gehiago, bere Ipodeko kanturik kuttunenak entzunez egin zuela jakin nuenetik. Ondoren gainera Espainiako Vueltan etapa bat irabazi zuen, bezperan, goizaldeko 5.00etan hoteleratu ostean. Ez da portaera jatorra, bistan da, baina datuok klasea erakusten dute.

Horixe erakutsi zuen, klasea, 2009an. Deboraldiko izar nagusietako bat izan zen, itxaropen hobearen berrespena. Bigarren izan zen Milan-San Remon eta Flandriako Tourrean, eta Frantziako Tourreko etaparik zoragarrienetako bat irabazi zuen, Colmarren. Erakustaldia eman zuen, gogoangarria izan zen hura.

2010erako itxaropenak ez ziren txikiak eta egia esan ondo hasi zuen denboraldia. Bigarren izan zen Qatarreko Itzuliko bi etapaetan, eta postu berdina egin zuen Het Volk klasikoan, Belgikako denboraldia abian jartzen duen harbideetako proban. Ordurako baina belauneko minez zebilen. Algarveko Itzuliko eroriko batean zuen sorburua arazoak. Atseden hartu eta Kaliforniako itzulian berragertu zen. Lurrera berriro. Belauna, beste behin. Lehengo bera. Lur jota zegoen eta alkoholetan ito nahi izan zuen bere ezina. Autoarekin istripua izan zen eta poliziak atzeman zuen.

Tourrera begira jarri zen ekainean eta Suitzako Itzulian etapa bat irabazi zuen. Prest zegoen. Baina biharamona zain. Esrpintean, lurrera berriro. Historia errepikatu zen. Belauna, beste behin. Lehengo bera. Akabo. Agur Tourrari eta denboraldiari. Ez zuen gehiago lehiatu.

Aurten ordea itzuli da, eta garailentzeko itzuli ere. Qatarren bi etapa irabazi ditu eta bigarren egin du sailkapen nagusian. Denboraldi zoragarri baten hasiera dirudi. Hala bedi.

Ricardo Ricco, ez dago barkamenik

riccoSeguru aski barru barrutik ateratzen zaidan amorrazioaren ahotsa da nirea eta inoiz ez da komeni kiskaltzen dagoen iltzeari heltzea, gauzak behar bezala aztertu eta bidezko iritzia emateko tenple ona ezinbestekoa baita, baina Ricardo Riccok ez du barkamenik merezi, bizitza osorako zigorra merezi du. Ez da dopinarekin harrapatzen duten lehenbiziko aldia, ez bigarrena eta ez hirugarrena, gutxienez laugarrena da. Ziklismoan ez dauka lekurik, ez berak eta ez bera bezala jokatzeko intentzio garbiz dabilen inork. Amaitu dira epelkeriak, ziklismoaren egoera tamalgarriak ez du erdibideko neurririk onartzen. Zirt edo zart egin behar da.

Ricardo Riccok ez du dopina zainean sartzen, zainean darama. Gaixotasun bat da eta ez du sendatzeko inolako intenziorik. Ez du nahi. Hori da txarrena. Sendatu nahi duenari aukera eman behar zaio, nahi ez duenak bere jokabidearen ondorioak onartu beste irtenbiderik ez dauka. Igandean erietxera eraman behar izan zuten, hilzorian. Autotrasfusioa egin zuen, baldintza txarretan. Horrek bistaratu du egia, bestela beste aitzakia ilunen batekin mozorrotu eta bera eta mundua engainatzen jarraituko zuen. Orain arte egin duen moduan. Dopinarekin izan duen azken hartu-emana izan da igandekoa.

Continue reading

Aldaketen lekuko

Ez naiz profesionaletan izandako ibilerak aireratzearen aldekoa. Egia esan, ezer gutxi daukat harrotzeko baina uste dut gehienetan nahi eta ezinean ibiltzeak pasarte irrigarri bat baino gehiago utzi zituela. Baina, ez nator kontu horiekin. Denboraldia hasi berri den honetan, azken 20 urteetan zizklismoak izan duen aldaketen lekukotza uztera baizik. Onerako edo txarrerako, hori beste kontu bat da, ziklismoa aldatu egin baita.

Debuta 1992an egin nuen, La Marseillese Sari Nagusian, Frantzian, eta ondoren, jarraian korritu nuen aste honetan jokoan izan den Besseseko Izarra itzulia. Ez daukat ahazteko irteeran Greg Lemond nire ondoan ikusi nuenekoa (tira, ni bere ondoan, lehen harrotzeko ezer ez dudala esan eta orain ez naiz hasiko Tourra hirutan irabazi zuena nire ondoen zegoela esanaz). Lemond ez ezik, garai hartako izar gehienak tropel hartan ziren. Edwing Van Hooydonck flandestarrak irabazi zuen, eta egungo zale askok haren arrastorik ez badute ere karrera hura irabazterako Flandriako Tourra birritan irabazia zen beste proba askoren artean, eta, artean, 25 urte baino ez zituen. Bazela norbait, alegia.

petacchiGarai hartan tropeleko izar gehienek karrera hartan abiatzen zuten denboraldia, ez zegoen askoz aukera gehiago. Orain berriz, garai batean sahiestu ezineko probak zirenak, lekuan lekuko ziklistentzako karreratxoak bihurtu dira. Ikusi besterik ez dago Besseseko Izarrean nortzuk dabiltzan. Edo Italiako denboraldian abian jarri duen Etruschi Sarian nortzuk irten ziren. Ez joateagtik, Alessandro Petacchi, aurreko sei urteetako garailea ere ez zen joan. Petacchik Qatarko Itzulia korrituko du eta inguruan izango ditu Tom Boonen, Mark Cavendish, Fabian Cancellara edota Bradley Wiggins. Eta han izango ez diren izarrak, Mallorcan izango dira, Schlectarrak, Philippe Gilbert, Andre Greipel edota Oscar Freire, kasu.

Esan nahi baita egun ia ezinezkoa dela tropeleko izar nagusiak karrera berean ikustea, non eta egutegiko proba nagusiak ez diren. Hori horrela izanik, ez dakit egungo profesional estreinatu berriek gure garaikoen zirrara ahaztezin haren modukorik sentituko duten. Akaso, ez dute jakingo profesionaletan estreinatu diren edo afizionatu mailan jarraitzen duten.

Llorenteren portaera oso desegokia izan zen Calderonen penaltia jaurti aurretik

llorenteIragan igandean Athleticek Vicente Calderonen jokatu zuen Atletico Madrilen aurka. Partidako 38. minutuan epaileak penaltia adierazi zuen Athleticen alde. Pereak falta egin zion Llorenteri area barruan eta epaileak penaltia adierazi zuen. Perea egotzia izan zen merezi gabeko txartel gorria ikusita. Ordura arte, dena ondo zihoan.

Baina, penaltia adierazi ondoren eztabaida etorri zen. Llorentek baloia hartu zuen eta Muniainek hura ikusita errxioarrengana jo zuen baloia eskatuz. Muniainek baloia eskatu zion Llorenteri ondoren David Lopezi emateko, baina Llorentek ez zion baloia eman. Muniain ezin zezakeela ezer egin ikusita zelai erdirantz joan zen oso haserre. Orduan, David Lopez joan zen Llorenterengana eta hainbat aldiz baloia eskatu zion. Llorentek ez zion baloia laga Lopezi eta berak jaurti zuen penaltia. Jaurtiketa egin aurretik Muniainek Athleticeko aulkira begiratu zuen ia zer gertatzen den esan zuen eta inork ez zion erantzun. Azkenean, penaltia Llorentek jaurti eta kale egin zuen, kanpora bidali zuen jaurtiketa.

Continue reading