Tag Archives: Lance Armstrong

Lance Armstrong biktima da

Ziklismoaren urrezko panpina apurtu da. Askoren jainkoa hil da eta orain, azkenean, egia aitortu duela-eta kirolean inoiz izan den gaizkilerik handiena gisa zigortuko dute. Etsaia, hutsaren hurrengo izango da Lance Armstrongen ondoan. Lotsa eta higuina eragiten duen pertsonai bihurtuko dute. Eta jantzi laranjaz atondu eta esku eta oin bilurrak jarrita heriotzaren korridorera eramatea besterik ez zaie falta. Duintasun oro galdu eta ez diote arnasik ere onartuko. Baina jakizue Lance Armstrong biktima dela. Biktima bai, kirolean inoiz izan den biktimarik handiena, beharbada. Bere handikeriaren biktima, bere gezurraren biktima, baina batez ere ziklismoak oraintsu arte izan duen sistema ustelaren biktima izan da Lance Armstrong.

Gezurtiarentzat gezurra ez da existitzen, iruzurgilearentzat iruzurra ere ez, euren errealitate bihurtzen da. Hori da euren egia. Eta ziklismoa gezurraren eta iruzurraren zurrunbiloan bizi izan da luzaroan. Betidanik esango nuke, baina batez ere 90. hamarkadatik oraintsu arte. Frogatuta gelditu denez, dopajea ez da inoiz hain homogeneoa izan eta hedatua egon, horregatik dira garai hartako ziklista ia denak, salbuespenak salbuespen, sistemaren biktima. Armstrong ere bai. Ez inor baino gutxiago eta ez inor baino gehiago.

Garai hartan dopinak ez zuen gaur egungo konnotaziorik. Moralki onartuta zegoen. Beharrezkotzat jotzen zen. Ez zeukan iruzur kutsurik. Ez zuen karga moralik. Ohikoa zen. Iraganetik zetorren ohitura, bilakaera naturala. Beraz ez zegoen errudunik. Denak ziren errudun, aldi berean: babesle, manager, zuzendari, masaje emaile eta, nola ez, txirrindulariak. Denek joko berean hartzen zuten parte. Joko arauak berdinak ziren denentzat. Denak pozik. Lance Armstrong, bere belaunaldi osoa, eta aurreko eta ondorengo batzuk, horrela hazi eta hezi ziren, giro horretan. Ez zuten hori aukeratu, gainera etorri zitzaien, dopinaren mamuak jan egin zituen. Ezezkoa esan zezaketen. Utopia. Inork ez zuen egin. Salbuespenen batek. Ez al gaitu gizarte ustez garbiak bere ohitura zikin askotara makurtarazten. Ez al gara kapitalismo basatiaren uztarrian lotuta bizi nahi edo nahi ez? Lanaren morroi, sistemaren biktima, neurri batean edo bestean. Ziklismoaren mundu hertsian ihes egitea askoz zailagoa zen. 20-22 urterekin umetako ametsen mundura heldu eta nork esan ezetz? Inolako errudun sentimenturik ez badago gainera? Denak zepora. Bultzata gainera. Kontzietnzia zuritzea oso erraza zen: “Denek egiten dute”.

Beraz, zergatik da Lance Armstrong beste inor baino errudunago. Erruduna bai, baina errudunago? Ez nator bat. Seriotasun eta memoria apur bat nahikoa da konturatzeko berak ez zuela doping sistematikoa asmatu, ez eta sustantzia desberdinik erabili ere. Jo hemerotekara. Armstrong izan al zen Michele Ferrari medikuarekin lan egin zuen lehena? Bakarra? Segi irakurtzen. Hartu Jesus Manzano Kelmeko txirrindulari ohiak egindako salaketak. Hark dopinari buruz emandako xehetasunak eta Armstrong salatzeko beste ziklistek egin dituztenak, berdinak dira. Berdin berdinak. Ez dago ez sustantziatan ez haien erabileran inolako aldaketarik. Dena berdin. Kontua da Manzano herrialde bananero batekoa dela eta haren salaketek ez zuten inolako eraginik izan.

Gainera ez al duzue uste bere iruzurrak beste ziklistak kaltetu izan balitu orain, Armstrongnen lege haustura frogatu denean, denek joko luketela auzitara kalte ordain eske? Dirua eta tituluak. Lasai, ez du inork joko. Inork. Zergatik? Denak ziren sitema beraren biktima. Ia denak. Armstrongi Tourreko tituluak kendu dizkiote. Dirua itzultzeko eskatuko diote. Ondo. Hala merezi du. Eta hala onartu du berak, gizon. Eta ez al dizkiote Ullrichi (nire ziklista kuttuna) bigarrenak kenduko? Eta Basso eta beste batzuei hirugarrenak? Haiek eta atzeragokoak garbi al zeuden? Egin diren ikerketek eta oraindik indarrean daudenek ez dute halakorik erakusten. Orduan zergatik jotzen da Lance Armstrong errudun bakartzat. Erruduna da, erruduna, baina ez errudun bakarra. Hori gehiegizkoa da. Ez da bidezkoa. Denak ziren biktima. Denak modu berean.

Esan dudana larria da. Baina orain esan daiteke. Dena azaleratu da. Frogak daude. Lehen ez. David Walsh kazetaria saiatu zen Armstrongen egia erakusten. Ezin izan zuen. Epaitegietara jo eta auzia galdu egin zuen. Sunday Times egunkariak kalte ordainak eman behar izan zizkion ziklistari. Estatu Batuetan ikerketa federala zabaldu zuten. Itxi egin zuten, ezer frogatu gabe. Egia ziklistek zekiten.

Lehen inori dopina lepoatzeko kontrolak zeuden, baina kontrolek, oro har, negatibo ematen zuten. UCI-k onartu du ordea, kontrolak ez zirela behar bezain eraginkorrak izan. Baina ez zegoen gehiagorik. Ez dezagun UCI bera kupidagabe kritikatu. Horregatik behintzat ez. Zientziak zituen aurrerapen oro modu aintzindarian erabili zituen UCI-k, baina ez zen nahikoa izan. Denboraren poderioz etorri da zorroztasuna. Egoeraren larriak eraginda. Autodestrukzioa sahiesteko. Orain kontrolak ez dira zorrotzagoak. Sistema da desberdina. Pasaporte biologikoa, ustekabeko kontrolak, ADAMS sistema, presioa, filosofia aldaketa…..baina orduan hori guztia ez zen posible. Beharrezkoa zen baina ez zen posible. Aldaketa pixkanaka etorrita ere giza intimitatea urratzen den kontuak-eta aipatzen dira. Orduan ezarri izan balitz Hagako epaitegira eramango zituzten zuzenean.

Aitorpen hau eginda, norbaitek pentsa lezake sistema hori, dopajea, defendatzen dudala. Ezta inondik inora ere. Zero tolerantziaren eta errudunak zigortzearen aldekoa naiz. Nire burua ez dut inoiz adibidetarako erabiltzen, oraingoan bai. Ni sistema horrek kaltetuetako bat izan nintzen. Ez nintzen inoiz dopatu. Inoiz. Zin dagit. Baina egiteko asmoa nuen eta nire burua ataka estuan ikusi nuenean neronek eskatu nituen debekatutako sustantziak. Eskuan izan nituen. Ez nituen hartu. Hartu izan banitu ez nituen izandako anemiak izango, lesioak ere ez seguru aski, eta beharbada karreraren bat irabaziko nuen. Noiz edo noiz ez nintzen aparte ibili. Hobeto ibiliko nintzen behintzat, hori seguru. Baina erruduna naiz, errudun morala. Nik ere egingo nuen, denbora falta izan zitzaidan. Sistemaren biktima nintzen. Armstrong bezala. Ez gutxiago eta ez gehiago.

Armstrong nahi duzuena izango zen: harroa, faltsoa, kupidagabea, prepotentea, baina derrigortuta bada bere erantzukizun guztiak onartu eta ordaintzen ari da. Bizitzaren estoldetan dago oraintxe bertan. Damua erakutsi du, barkamena eskatu eta ez du beste inor salatu. Bere salatzaile eta ixilik daudenak baino askoz gizatasun gehiago erakutsi du.

Xabier Usabiaga: ‘Erruduna’

Munduak begitan hartu du Lance Armstrong. Berarekin itsutu dira komunikabide guztiak eta badirudi zuhaitz ustel horri begira inork ez duela ikusi nahi atzean dagoen basoa. Eta hura ere ustela zegoen, zinez.

Ez dut Lance Armstrong defendatzeko inolako asmorik. Ezinezkoa da. Berak ere uko egin dio urtetan egoskor eutsitako helburuari. Amore eman du, errua onartu ez arren. Nire intentzioa bestelakoa izan da beti. Inor defendatzea baino ziklismoak jasan duen kritika erraz eta bidegabea salatu dut. Ez dut onartzen probarik gabe inori ezer leporatzerik. Komunikabideetan ez. Hau gauza serioa da gero! Baina orain nohai daude frogak. Protagonisten hitzak daude. Egia biribilak. Eta UCIren aitortza ere hor dago. Dopina atzemateko sistema ez zen behar bezain eraginkorra garai hartan. Hori zen arazoa. Arazoetako bat. Ez bakarra. Beraz, errealitatea onartu egin behar da eta errealitateak erakutsi du, salbuespenak salbuespen, garai hartan tropel osoak jotzen zuela antzeko prestaketa metodoetara.

Baina, behin egia jakin delarik, jakin dezagun egia osoa. Ez erdizka. Armstrong erruduna da, baina jaurti dezala lehen harria errugabe denak. Harri txintxarrik ere ez dute jaurtiko. Inor Armstrongen jardunbideaz kaltetua sentituko balitz, salatu egin beharko luke. Lasai, inork ez du epaitegietara joko.

Bere atzetik edo aurretik sailkatutako nork esan behar du ezer. Bota bat. Izen bat. Ia denak antzeko sareetan atzeman izan dituzte, edota positibo emanak dira. Eta bere buruari garbi eusten dioten bakanak zorteko dira euren berri izan zuten taldekideek salatu ez dituztelako. Armstrongen afera Floyd Landisen hari muturrari tiraka azaleratu da. Hark salatu zuen aurrena. Atzetik etorri dira bere taldekide eta lagun min izandako besteen aitortzak. Garai hartako eta aurrekoetako beste taldeetan USADAk egindako ikerketen parekoak egingo balituzte, ia denak zepo berean eroriko lirateke. Ia diot, beti izaten delako salbuespenen bat.

Tristetu egiten nau jendeak arbol ustelean aizkora sartzeko duen erraztasun zitalak. Inork ez du orain Armstrongen alde hitzik egingo, eta beharrik ere ez egoera ez baita inori losintxak egiteko, baina gizakiak zintzotasun minimo bat balu belaunaldi hartako zein aurrekoetako kideek “ni ere errudun” oihukatu beharko lukete. Eta ez soilik txirrindulariek. Ziklismoa osatzen zuten alor guztietako kideek dute, gehiago edo gutxiago, erantzukizunen bat. Zuzendariek, medikuek, managerrek, babesleek, masaje emaileek, eta baita kazetari eta erakundeek ere. Gehienek babestu ez ezik auspoa eman zioten ahal izan zuten bitartean. Eta onurak jaso. Kazetariek ez zituzten kurpil artetik zetozen zurrumurruak behar bezala ikertu, baina berriro diot zurrumurru hutsak ez dira inori ezer leporatzeko adina. Ezta ezer txarrik iradokitzeko ere. Afera honek UCI ere ipurtagirian utzi du. Jakinaren gainean zegoen arazoa konpontzeko ez zuten beharrezkorik egin. Orain bistan gelditu denez, eraginkortasunik gabeko sistemari eustea baino ez zuen egin. Guztiek onartu behar dute (dugu) dagokien erantzukizuna eta autokritika zorrotza egitea behar beharrezkoa da.

Armstrongek ez zuen doping sistemarik asmatu. Ikusi, ikasi eta beste guztiek egiten zuten moduan, indarrean jarri zuen. Beraz, ez diezaiogun duen errua baino handiagorik itsatsi, edo gutxienez, ez dezagun errudun bakar bihurtu. Ez da-eta.