Category Archives: Futbola

Izena, izana baino gehiago

Igandean amaitu zen Eurokopa, hainbeste interes sortu ohi duen selekzioen arteko Europako futbol txapelketa. Asko espero izaten du jendeak horrelako torneo baten atarian, kontinente zaharreko jokalari onenak elkartzen baitira bertan, eta lau urtean behin besterik ez delako jokatzen Eurokopa. Erakargarritasun handia izaten dute halako txapelketek, xarma berezi bat. Dena den, eta arrazoi ezberdinen ondorioz, torneo hauen benetako futbol maila ez da esperotakoaren parera iristen askotan; izen handia bai, baina izanetik gutxiago izaten dute. Halako zerbait gertatu da amaitu berri den 2012. urteko Eurokoparekin ere.

 balotelli

Gaur egungo futbol profesionala zorrotza da oso, bereziki goi mailako taldeetan diharduten jokalarientzat. Aurten, Europako txapelketetako azken kanporaketetara iritsi diren taldeetako jokalariek 60 partida inguru jokatu dituzte irailetik maiatzera bitartean. Gehiegi. Eurokopa bezalako txapelketa bati ekiteko karga fisiko zein psikologiko handiegia da hori. Pentsa nola iritsiko ziren Chelsea, Bayern, Real Madril, Bartzelona edota Athletic bezalako taldeetako jokalariak, hainbeste hilabetetan zehar lehia bizian aritu ostean. Leher eginda. Fisikoki eta, batez ere, psikologikoki. Goi mailako lehiaketak asko exijitzen du-eta. Jokalari gehienak euren sasoi puntu onenetik urrun iristen dira beraz Eurokopa eta Mundialetara, eta ezinezkoa egiten zaie mailarik onenean aritzea.

 

Hori gutxi balitz, bada selekzioen arteko txapelketei batere mesederik egiten ez dien beste arrazoi bat ere: talde izaera lantzeko zailtasuna, hain zuzen ere. Urtean oso gutxitan elkartzen dira selekzioak, oso entrenamendu gutxi egiten dituzte elkarrekin, eta gehienek ez daukate talde izaera hori behar bezain beste lantzeko nahikoa astirik. Egia da Espainia, Italia edota Alemania bezalako selekzioek talde bereko hainbat jokalari dituztela eta horrek asko errazten dizkietela gauzak zentzu horretan, baina gehienek ez daukate abantaila hori. Selekzioarekin jokatzea egokitzen zaienean besterik ez dira elkartzen, urtean lauzpabost aldiz, eta modu horretan oso zaila da talde sendo bat osatzea.

 

Aipatutako bi egoera horiek nabarmen eragiten dute Eurokopa eta Mundialen kalitatean. Kalterako, noski. Nahikoa da Ukrania eta Polonian jokatu berri den txapelketako partidei begiratu bat ematea horretaz jabetzeko. Jokatu diren 31 partidatatik zenbat izan dira benetan onak? Esku bakarreko hatzekin konta genitzake.

Saririk ez

Titulurik gabe geratu da Athletic, Bartzelonaren aurka Kopako finala galdu eta aurtengo denboraldian izan duen bigarren aukerari agur esan ostean. 28 urte igaro dira zuri-gorriek azkeneko aldiz txapelketa bat irabaztea lortu zutenetik. Aurtengo bi finalekin, bilbotarren lehortearen amaierak inoiz baino gertuago zirudien, baina duela hilabete inork gutxik espero zuena gertatu da: Marcelo Bielsaren taldeak jokatutako bi finalak galdu ditu. Lehenengoa, Europa League-ekoa, 3-0, Atletico Madrilen aurka; eta joan den ostiralean, Kopakoa, emaitza berberarekin, Bartzelonaren kontra. Esku hutsik. Mingarria, hain gertu izan ondoren.

marcelo_bielsa_3

Baina athleticzaleek badute pozik eta harro sentitzeko motiborik. Izan ere, nahiz eta titulurik lortu ez, Bielsaren taldeak sekulako denboraldia burutu du. Ahaztezina. Zuri-gorriak Kopako finaleraino iritsi dira, beste horrenbeste egin dute Europa League-en, eta Espainiako Ligan amaierara arte izan dira Txapeldunen Ligako postuetan sartzeko aukerekin. Hori guztia, gainera, mundu osoan zehar arrastoa utzi duen joko-proposamen biziki ausart baten eskutik. Marcelo Bielsaren taldeek izan ohi dituzten bereizgarriekin. Talde erasokorra izan da Athletic, oldarkorra, presioa oso goian egin eta arerioaren ate ingurura baloia ukituz iristen direnetakoa, espekulatzea gustuko ez duten horietakoa. Halaxe egin diete aurre zuri-gorriek munduko talde indartsuenetako batzuei, besteak beste, Bartzelona, Paris Saint Germain, Manchester United, Schalke 04 edota Lisboako Sportingi. Harro egoteko modukoa da.

Hala ere, Athleticen denboraldiak izan du alderdi negatiborik ere, eta komenigarria litzateke hauek kontutan hartzea. Bi gabezia nagusi izan ditu Marcelo Bielsaren lanak: Alde batetik, taldea ez da momentu jakin batzuetan emaitzaren arabera jokatzeko gai izan. Zalegoari ikuskizuna eskaini behar zaio, ados, txalogarria da une oro erasora joateko jarrera hori, baina futbola, maila honetan, lehiaketa da, txapelketa. Eta hor emaitzak hartzen dira kontuan. Athleticek puntu sorta handia galdu du aurten emaitza estuak ondo gestionatzen ez jakiteagatik. Beste alde batetik, nabarmena izan da zuri-gorriek denboraldi amaieran izan duten beherakada. Nabarmena bezain logikoa, kontutan hartuta Marcelo Bielsak 13 edo 14 jokalari besterik ez dituela erabili denboraldi osoan zehar. Ikasturtea luzea eta gogorra izan da bilbotarrentzat, eta ez da harritzekoa taldearen goitik beherako ibilbide hori. Entrenatzaile argentinarrak hamaikako bera erabili du ahal izan duen bakoiztean, eta indarrez eskas iritsi dira jokalariak azken txanpara. Athleticek denboraldiko azken sei partida ofizialak galdu ditu, horietatik lau 3-0eko emaitzarekin, bi finalen kasu, eta tarte horretan 14 gol jasotzeaz gain, ez da bakar bat ere sartzeko gai izan. Datu esanguratsuak.

Hurrengo denboraldiari begira, gainera, bada zalantzaren bat edo beste. Batetik, Fernando Llorente bezalako jokalari garrantzitsuen etorkizunaren inguruko zurrumurruak airean dira dagoeneko. Arsenal dela, Chelsea dela… Eta, bestetik, ikasturtea amaitu den honetan, Bielsak oraindik ez du argitu datorren urtean Bilbon jarraituko duen edo ez, eta athleticzaleak urduritzen hasiak dira. Baita zuzendaritzakoak ere. Eta ez da gutxiagorako. Dagoeneko uxatuta behar zuketelako zalantza horiek, datorren denboraldia prestatzeko lanetan murgildu aurretik entrenatzailea zein izango den jakitea komeni izaten baita. Zentzu horretan, errespetu gutxi erakusten ari da Rosariokoa.

Zentzuzkoena zen

Philippe Montanier

Joan den astean berretsi zuen Realak Philippe Montanier entrenatzaile karguan. Liga amaitu eta handik bi egunera. Jakinarazpena deigarria suerta liteke, frantziarrak kontratua urtebete gehiagorako sinatuta zuela kontutan hartuta. Hala ere, eta Montanierren jarraipenaren inguruko giro nahasia zela-eta, egokia da Realaren zuzendaritzak hartutako erabakia. Bi zentzutan egokia. Lehenik eta behin, asmatu dutelako jakinarazpen ofiziala eginda, ur nahasiak baretzeko balio izan baitu. Eta, era berean, erabakiaren oinarrian ere aukera onena egin dutelako.

Realaren denboraldia hotzean aztertuta, ezin esan genezake ikasturte hasieran jarritako helburuak bete ez direnik. Martin Lasarte kargutik kendu eta Philippe Montanier ekarrita, klubak bi helburu nagusi bete nahi zituen: gazteekin lan egin, eta mailari iaz baino larritasun gutxiagorekin eutsi. Denboraldi hasierako gorabeherak alde batera utzita, Realak soberan bete ditu bi helburu nagusi horiek. Egia da lehen jardunaldietan taldea noraezean aritu zela, 13. jardunaldian hondoa jo eta sailkapeneko azken postura jaisteraino, baina Sevillan Betisi irabazi ondorenetik, talde txuri-urdinak 38 puntu pilatu ditu 26 partidatan. Ez da edonolako marka. 2002-2003 denboraldi magikoaz geroztik puntu sorta handiena pilatzea lortu du Realak aurtengo sasoian, 47 guztira, eta, hori gutxi balitz, Anoetako zaleek aspaldian ez bezalako gol festez gozatzeko aukera izan dute aurtengo denboraldian. Besteak beste, Sportingen aurka 5-1 irabazi zuen Realak, Rayoren kontra 4-0, eta Zaragozari 3 gol sartu zizkieten txuri-urdinek. Honi guztiari Iñigo Martinezen agerraldi zoragarria edota Imanol Agirretxeren eztanda gehitzen badizkiogu, pozik egoteko motibo asko daukate Donostia aldean.

Baina, hala eta guztiz ere, Montanierrek ez du realzaleen gehiengoaren konfiantza bereganatzerik lortu. Seguruenik, ez dutelako ikusi klubak udaran saldu zuen kalitate salto hura. Alderdi batzuei dagokienean, nabarmena izan da taldearen aurrera pausoa; baloiaren jabe denean iaz baino errekurtso gehiago dituela erakutsi du, eta defentsa lanean ere txukunago aritu da. Baina badago zer hobetu ere. Zaleek oldarkortasun handiagoa eskatzen diote taldeari, erregulartasuna ere hobetu beharreko zerbait da, eta entrenatzaileak partida bat baino gehiagotan egindako gestio eskasak zaleen haserrea azaleratu du. Hori gutxi balitz, Montanierrek Joseba Llorente edota Diego Ifran bezalako jokalari kuttunenganako erakutsi duen konfiantza faltak ere ez du lagundu zaleen eta entrenatzailearen arteko harremana goxatzen. Gainera, emaitzei dagokienean, lehen aipatutako garaipen sendo horiez gain, ezin daitezke ahaztu Granada (4-1), Bernabeu (5-1) edota Mallorcan (6-1) jasotako porrot mingarriak. Azken honek bereziki egin zion kalte taldearen kemenari, dena alde zuela Kopako final-laurdenetatik kanpo geratu baitzen Reala. Etxetik kanpo pilatutako emaitzak ere ez dira oso onak izan, eta, iaz bezalaxe, talde txuri-urdina ez da bigarren itzulian Anoetatik urrun garaipen bakar bat ere lortzeko gai izan.

Argi-ilunak, beraz, Philippe Montanierrek Realean bete duen lehen urtean. Denboraldia bere osotasunean kontutan hartuz gero, ordea, garbi dago frantziarrak bigarren aukera bat merezi duela. Taldearen behetik gorako ibilbidea nabarmena izan da, indartsu bukatu du denboraldia Realak, eta datorren ikasturteari begira, gainera, aurrera pauso bat espero daiteke jokalarien zein entrenatzailearen partetik. Urtebete gehiagoko eskarmentua izango dutelako Lehen Mailan. Martin Lasartek bere agurrean esan bezala, gogorra da hazia erein eta lurra landu ostean fruitua jasotzeko aukerarik ez izatea. Hark merezi zuen. Honek ere bai.

Australia puri purian dago

Orain urte batzuk UCI-k Australiako lasterketa bat korritzera joateko proposamena egin zien taldeei. Nazioarteko elkargoak ziklismoa mundu zabalean sustatzeko erabakia harturik zeukan ordurako baina ziklista eta batikbat taldeek ez zuten batere abegi onez hartu gonbitea. Dirua ordaintzen zuten, bai, baina ez zegoen Qatarren edo Omanen dagoen petrodolarrik. Ezta Frantziako Tour boteretsua ere gonbitearen atzean. Ordea, urte batzuren buruan Australia puri purian dago. Egindako esfortzuaren saria da.

Australiako ziklistek badaramate denbora pixka bat han eta hemen nabarmentzen. Gehientsuenak soslai beretsuko ziklistak dira: azkarrak, teknika onekoak eta erlojuaren kontra txukun moldatzen direnak. Pistan zaildutakoak dira, han dago Australiako ziklismoaren harrobia. Gehienak Australiako federazioaren semeak dira, Australian ez zegoelako ziklismo profesionalik, ez zegoen egitura sendorik eta ziklistak hezitzeko erantzukizuna federazioak hartu behar izan zuen bere gain. Britania Handia da beste adibidea, bi herrialde horiek hautsi dute lan sisteman zaharkituta gelditzen ari den Europaren tradizioa.

Ez dira denak izarrak, gehienek ziklismoaren ogibide ilunean egiten dute lan, izarrik distiratsuenen itzalean, baina dituzten aukerak ondo baliatzen dituztenak dira. Matthew Goss da adibide garbia, Paris-Nizako hirugarren etapa irabazi eta lider egon den ziklista. Baina badira askoz gehiago eta haiekin guztiekin talde bat eratzen ari dira hurrengo urterako, soilik australiarrekin osatutako taldea. Ezin izango dituzte denak fitxatu, baina Evans, Porte, Haussler, O’Grady, McEwen, Henderson, Matthews, Goss, Cameron Meyer, Rogers, Jesse Sergent, Allan Davis Mark Renshaw, Ben Swift, Chris Sutton, Jack Bobridge, Travis Meyer, Leigh Howard, Johnny Walker, Graeme Brown, Ben King, Simon Clarke, Wesley Sulzberger, Mitchell Docker, Adam Hansen, Matthew Lloyd, Rony Sutherland, Baden Cooke, Brett Lancaster, Simon Gerrans, Matthew Hayman, eta besteren batzuekin aise osatu daiteke Australiako ziklismoaren maila duintasunez ordezkatuko duen taldea.

Llorenteren portaera oso desegokia izan zen Calderonen penaltia jaurti aurretik

llorenteIragan igandean Athleticek Vicente Calderonen jokatu zuen Atletico Madrilen aurka. Partidako 38. minutuan epaileak penaltia adierazi zuen Athleticen alde. Pereak falta egin zion Llorenteri area barruan eta epaileak penaltia adierazi zuen. Perea egotzia izan zen merezi gabeko txartel gorria ikusita. Ordura arte, dena ondo zihoan.

Baina, penaltia adierazi ondoren eztabaida etorri zen. Llorentek baloia hartu zuen eta Muniainek hura ikusita errxioarrengana jo zuen baloia eskatuz. Muniainek baloia eskatu zion Llorenteri ondoren David Lopezi emateko, baina Llorentek ez zion baloia eman. Muniain ezin zezakeela ezer egin ikusita zelai erdirantz joan zen oso haserre. Orduan, David Lopez joan zen Llorenterengana eta hainbat aldiz baloia eskatu zion. Llorentek ez zion baloia laga Lopezi eta berak jaurti zuen penaltia. Jaurtiketa egin aurretik Muniainek Athleticeko aulkira begiratu zuen ia zer gertatzen den esan zuen eta inork ez zion erantzun. Azkenean, penaltia Llorentek jaurti eta kale egin zuen, kanpora bidali zuen jaurtiketa.

Continue reading

Ez ditut ulertzen Xabi Alonsori eskainitako txistuak

20101229_634292627580979242Argi dago Euskal Selekzioak Venezuelaren aurka jokatutako partida euskal futbolaren festa izan zela. Giro aparta, San Mamesen eta selekzioaren garaipena 3-1 Venezuelaren aurka.

Dena den, desatseginak izan ziren detaile batzuk ere egon ziren partidan. Gaizki dago bengalak piztea eta hauek zelaira sartzen uztea. Oso gaizki dago baita euskal talde batzuetako zale erradikalek izan zuten portaera zelaira jauzi eginez eta segurtasunaz arduratzen ziren pertsonei aurre eginez.

Baina min gehien eman zidan kontua Xabi Alonsori eskainitako txistuak izan ziren. Egia da zale guztiek ez ziotela txistu egin, baina bai harmailetako jende askok. Batzuk Reala uzti zuelako egin zioten txistu, beste batzuk Real Madrilen jokatzen duela eta Espainiarekin jokatu eta Munduko Kopa irabazteagatik egin zioten txistu beste batzuek.

Xabi Alonso bere jaioterriko selekzioaren jokatzen ari zen selekzio horren koloreak defendatuz. Gainera, Alonso euskalduna da, euskaraz hitz egiten duen euskalduna, hori baita bere ama hizkuntza. Euskal Selekzioarekin jokatu duen aldietan daukan guztia eman du.

Tolosarrari eskainitako txistuan entzun ondoren galdera batzuk etorri zitzaizkidan burura: Zergatik egin zitzaion txistu Xabi Alonsori eta ez Javi Martinezi? Biek jokatu zuten Espainiako Selekzioarekin eta biak Munduko txapeldun izan ziren Espainiarekin. Fernando Llorentek Euskal Selekzioarekin jokatu izan balu, txistu egingo ahal zitzaion? Llorentek ere Espainiako selekzioarekin Munduko txapelketa irabazi zuela gogoratu beharra dago. Euskal Selekzioan jokatu zuten beste jokalari batzuk Espainiako selekzioaren harrobiko mailetan egon dira eta ez zitzaien txistu egin. Euskal Selekzioak ez du ofizialtasunik momentuz eta jokalari hauek ez dute Espainiarekin jokatzea beste aukerarik. Oso zaila da Espainiako selekzioak deitu eta ezetza esatea, horrek isun garrantzitsuak ekar baititzake jokalariari.

Xabi Alonsok Euskal Selekzioa defendatzen zuen asteazkenean. Bera zelaira sartu eta jokoa asko hobetu zen. Kalitatea, baloi irteera eta baloi jabetza eman zion Euskal Selekzioari. Portaera edo jokabide ezin hobea izan zuen Xabi Alonsok. Bere burua euskalduntzat eta selekzioaren alde asko hitz egiten duten jokalariak daude eta horietako batzuk ez zuten zeukaten guztia eman Venezuelaren aurkako partidan. Hitz asko partida aurretik norberaren euskaltasuna aldarrikatzen, baina ez zuten guztia eman hainbeste maite duten selekzioagatik. Xabi Alonsok, ordea, isilka-isilka lan bikaina egin zuen eta zeukan guztia eman zuen.

Gainera, azpimarratu behar da partida amaiera gero hurbilago zegoenean Xabi Alonsoren futbol edo joko bikainari esker txistuak txalo bihurtzen joan zirela.

Esait, bai baina ez

Euskal selekzioen aldeko plataformak, Esaitek, prentsaurrekoa eman du ostegun honetan eta adierazi du ez daudela Euskal Selekzioak Gabon hauetan partida jokatzearen alde Euskadiko Futbol Federazioaren ikuspuntuarekin bat ez datozelako.

Dena den, Esaitek argi utzi nahi izan du futbolariek dutela partida jokatzeko azken hitza nahiz eta ez du maniobratzeko zulo handirik utzi asteazkenean partida jokatuko ez dela esaterakoan. Hala eta guztiz futbolariek argi izan beharko lukete jendearen nahia eta ez Esaitena edo Euskadiko Futbol Federazioaren soilik. Jendeak partida hau ikusi nahi du, bere taldea animatu nahi du eta bere selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu nahi du. Esaiten prentsaurrekoak ez nau guztiz konbetzitu zalantzak utzi dizkit, Euskadiko Futbol Federazioaren iritziak iaz utzi zidan zalantza bera eta aurten ere ez dit zalantza hori argituko inoiz ez baitu azken urteotan argi hitz egin gure Federazioak.

Argi dago zaleek Euskal selekzioa ikusteko nahia dutela. Federazioaren eta Esaiten arteko guda ez da ona Euskal selekzioarentzat. Futbolariek hartu beharko dute erabakia, Lehen Mailako jokalariek baitpat. Espero dezagun jendearen nahia kontutan izatea jokalari hauek, Esaitengan edo Federazioarengan ez pentsatzea. Zaleen ilusioan pentsatu bahrko lukete. Eta Lehen Mailako jokalari batzuk prest ez badaude jokatzeko badaude atzerrian dauden euskal jokalariak edota Bigarren Mailan edo Bigarren B Mailan daudenak ere.

Nire ustez ofizialtasuna aldarrikatzeko ez da beharrezkoa Euskal Selekzioko jokalariek pankarta bat edo beste bat eramatea zelaiara ateratzen direnean. Jendeak nahi dituen pankartak (beti ereespetuzkoak badira) eraman ditzake eta ofizialtasuna aldarrikatu. Baina nire ustez beharrezkoa da partida jokatzea. Zer irabazten dugu partida ez jokatuta? Ez bada partida jokatzen hemendik kanpo ez dute gure arazoa ikusten eta hori ez da ona Euskal selekzioarentzat.

Euskal selekzioaren partida diru sarrera polita izaten da Euskadiko futbol talde txikientzat. Gainera, festa izaten da partida hau, futbolaren festa, euskal futbolaren festa. Familiak, umeak, lagun koadrilak joaten dira futbol zelaira bere selekzioa ikustera. Ezin zaio jende horri guztiari ahoa itxi ezta ilusioa kendu ere.

Bada, espero dezagun futbolariek erabaki on bat hartzea eta denon onerako Euskal selekzioak Gabon hauetan partida jokatzea.

Zigorra ezarri diote Drenthe futbolariari 160Km/h-ra gidatzeagatik

Drenthe Real Madrid Hercules taldeko jokalariak, gainera, sei semaforo gorriz eta erdibitzaile bat pasatu zituen goizaldeko lauretan. Intoxikazio etilikoa zuen lagun bat zeramala argudiatu zuen.

Zigorra ezarri diote Royston Drenthe Hercules taldeko futbolari holandarrari Alacant erdiguneko kaleetatik 160 km/h-tik gora gidatzeagatik eta sei semaforo gorriz eta erdibitzaile bat pasatzeagatik.

Informacion Alacanteko egunkariak argitaratu duenez, ostiral goizaldeko lauretan atzeman zuten Drenthe, eta intoxikazio etilikoa zuen lagun bat zeramala argudiatu zuen.

Administrazio-zigorra ezarri diote gidatze ausartegiagatik, baita autoa kendu eta akta egin diote desobedientzia arinagatik ere.