Tag Archives: Frantziako Tourra

Erabakita

Aurtengo Tourra epai zain gelditu da eta emandako arrazoien eta erakutsitako frogen arabera Wigginsek irabaziko du. Ez dago beste aukerarik. Hala juzgatuko luke herri epai mahaiak, zaleek alegia, denok ikusi baitugu mendateetan eta erlojupekoetan jazo dena. Eta hala ebatziko du lehiaketako epaile bakarrak ere, errepideak.

Wigginsek ukabildaka jo du mahai gainean eta gauzak berak nahi bezala utzi ditu. Uxatu ditu kazetari xaxatilariek sortu nahi zuten eztabaida, alegia lidertza kontuetan Froomekin sesiorik izango ote zuen. Ez da liskarrik izango. Froome Dauphinen baino indartsuago dago eta berak bakarrik hartu lezake estu Wiggins mendateetan, baina atzokoa ikusita otzan aritu beharko du liderraren mesedetan eta aurrez ezarritako egitasmoari men egin beharko dio, alegia taldea sortu zutenetik izan duten asmoari: Wigginsekin Tourra irabaztea.

Aurkariak aldiz depresiotik gertu egongo dira. Ez dute esango baina etsipenaren bisita izango zuten atzo. Wiggins historiaren zerura bidean dela ohartu dira, argi eta garbi, eta Skyk utzitako apurrekin konformatuko beharko dutela. Apur hori podiumeko hirugarren postua izan bide da eta horrek bakarrik pizten du ikusmina oraintxe bertan. Dema horretan, hori bai, ziklista asko arituko dira, Evans, Nibali, Menchov, Haimar Zubeldia (beste behin) eta Van den Broeck ere bai. Buru pittin batekin korritzen badute Wiggins eta Froomen jabetza izango dira lehen bi postuak. Hori bai, iazko Vueltan baino hobeto moldatuko al dira!

Tour usaina

Ziklismo zaleak urduri somatzen ditut, kirioak dantzan dabiltza, tximeletak jolasean euren sabeletan. Tourra gainean da eta sentimentu kitzikagarri horiek ezin dira kontrolatu, berez sortzen dira ziklismoa maite bada.

Aurtengo Tourrak atzerakoa egin du ibilbidean. Erlojupekoaren alde, nabarmen. Aurten 101,4 kilometro egingo dituzte bakarka. Lan eskerga da. 2007az geroztik ez dituzte bakar lanean hainbeste kilometro egin: iaz 42 t’erdi; orain bi urte 60 pasatxo; 2009an 56 eta 82 2008an. Aurten 101,4 kilometro.

Mendateetan joera kontrakoa izan da, gutxitzea, zailtasunak arintzea. Azken urteetan lauzpabost amaiera izan dira mendatean, aurten hiru baino ez. Aurrenekoa 7.etapan, Alpeetara bidean La Planche des Belles Filles izeneko lehen mailako mendatean. Ondoren Alpeetan bat, La Toussierekoa, eta bestea Pirinioetan Peyragudesen. Aukeran gutxi. Zailtasunak ez, mendatean izango diren amaierei buruz ari naiz, haiek baitira benetan eraginkorrak.

Erlojuaren kontrako saioak berez dira beti erabakigarriak, baita oso laburrak izaten direnean ere, eta hainbeste kilometrorekin zer esanik ez. Erlojupekoetan kilometroak laburtu diren kasuetan lehia estua izan da, sailkapeneko aurrenekoen artea ez da alde handi handirik izan. Aitzitik, kilometro asko izan direnean, kolorerik ez du izan. Begiratu datuak.

Indurainen eta Armstrongen urteetan, hau da, bakarka kilometro askotako lana izaten zutenean, aldeak gehienetan 3, 4, 5… eta 9 minutukoak ere izandu ziren. Azken urteetan eta, 2009koa salbu, minutuko aldea lortzen izan ditu lanak garaileak.

Beraz, garbi dago aurten erlojupekoetan ondo ibiltzen denak sekulako pagotxa izango duela, baina horrek ez du esan nahi kolorerik izango ez duenik, hain justu, bi faborito nagusiak, Wiggins eta Evans, biak espezialistak baitira diziplina horretan.

Frantziako Tourraren informazioa eitb.

Gustukoa Tourreko ibilbidea?

Xabier Usabiaga. 2010. urteko Tourreko ibilbidea eman da ezagutzea. Hiru gauza azpimarratuko nituzke: erlojupean kilometro gutxi, Pirinioen garrantzia eta pabean jokatuko den etapa. Azken honetatik hasita uste dut ideia oso ona dela. Pabeak Frantziako errepideen ezaugarrietako bat izan dira, eta uste dut Tourreko garaileak aurrean jartzen zaizkion oztopo denak gainditu behar dituela, baita harbidea ere. Gainera, ikuskizuna emango dio.

Bestetik, bistakoa da Pirinioei omenaldia egin dietela Tourmaletan estreinakoz igo zela 100 urte direla baliatuta. Uste dut gainera, etapa nagusia izango dela, eta bertan lider dena izango dela Tourreko garailea. Eta erlojupekoak beharrezkoak dira, baina kilometro gutxitan. Esango nuke bakarka 100 kilometrotik gora egin izan dituzten urteetan erabat baldintzatuta gelditu izan dela lehia, eta hurrengo urtean (aurten bezalatsu) 59 kilometro baino izango ez direnez, mendateetako buruz buruko lehiak erabakiko du ikusgarria izango den lasterketa.

Xabier Usabiaga: "Zer gertatzen zaio txirrindularitzari Frantzian?"

Frantziako ziklismoak ez du aspaldian bere historiaren pareko liderrik. Jalabert eta Virenque erretiratu zirenetik beste inor ez da Tourreko podiumeko balkoira gerturatu eta ia ia ezta beste proba garrantzitsu askotara ere.

Baditu ziklista onak, Chavanel, Moncoutie, Voeckler, Fedrigo, Casar edota Anthony Roux, denak frantziako ziklismo saiatuaren ordezkari duinak dira, baina ez dute itzuli handi bat irabazteko moduzko ziklistarik.

Zergatik?

Zure iritzia, hemen.

Xabier Usabiaga: “Zer gertatzen zaio txirrindularitzari Frantzian?”

Frantziako ziklismoak ez du aspaldian bere historiaren pareko liderrik. Jalabert eta Virenque erretiratu zirenetik beste inor ez da Tourreko podiumeko balkoira gerturatu eta ia ia ezta beste proba garrantzitsu askotara ere.

Baditu ziklista onak, Chavanel, Moncoutie, Voeckler, Fedrigo, Casar edota Anthony Roux, denak frantziako ziklismo saiatuaren ordezkari duinak dira, baina ez dute itzuli handi bat irabazteko moduzko ziklistarik.

Zergatik?

Zure iritzia, hemen.

Inoizko Tourrik ikusgarriena, agian

Jakin badakit asko esatea dela hori, baina datuak datu, izenak izen, aurtengo Tourra inoizko Tourrik interesgarriena da.

Monakoko irteeran Frantziako Tourreko lau irabazle: Alberto Contador, Carlos Sastre, Oscar Pereiro eta Lance Armstrong, beraz, hasteko izen handiko lau txirrindulari.

Baina horietaz gain podiumean egoteko kalitatea duten hainbat gizon ere badaude, hala nola, Andy eta Franck Schleck, Levi Leipheimer eta Andreas Kloden.  Ezin ditugu ahaztu Kirchen, Kreuziger, Nibali, Gelsink eta Fabian Cacellara, erlojuaren kontra onena izateaz gain maldan gora geroz eta hobeto dabilen gizona (Indurain bere garaian bezala).

Eta euskadunak, zer?

Haimar Zubeldiak Astana taldearekin hartuko du parte, nahiko lan izango du nori laguntzen argi izaten, beraz, sailkapen nagusirako indar gutxi izango ditu usurbildarrak.

Euskaltel-Euskadiko Mikel Astarloza eta Igor Anton txirrindulariek Tourra ondo prestatu dute, ez da lan erraza izango, baina hor ibiliko dira, nor baino nor, munduko onenekin lehian etaparen bat irabazteko eta sailkapen nagusian aurreneko hamarren artean egoteko.