Xabier Usabiaga: ‘Erruduna’

Munduak begitan hartu du Lance Armstrong. Berarekin itsutu dira komunikabide guztiak eta badirudi zuhaitz ustel horri begira inork ez duela ikusi nahi atzean dagoen basoa. Eta hura ere ustela zegoen, zinez.

Ez dut Lance Armstrong defendatzeko inolako asmorik. Ezinezkoa da. Berak ere uko egin dio urtetan egoskor eutsitako helburuari. Amore eman du, errua onartu ez arren. Nire intentzioa bestelakoa izan da beti. Inor defendatzea baino ziklismoak jasan duen kritika erraz eta bidegabea salatu dut. Ez dut onartzen probarik gabe inori ezer leporatzerik. Komunikabideetan ez. Hau gauza serioa da gero! Baina orain nohai daude frogak. Protagonisten hitzak daude. Egia biribilak. Eta UCIren aitortza ere hor dago. Dopina atzemateko sistema ez zen behar bezain eraginkorra garai hartan. Hori zen arazoa. Arazoetako bat. Ez bakarra. Beraz, errealitatea onartu egin behar da eta errealitateak erakutsi du, salbuespenak salbuespen, garai hartan tropel osoak jotzen zuela antzeko prestaketa metodoetara.

Baina, behin egia jakin delarik, jakin dezagun egia osoa. Ez erdizka. Armstrong erruduna da, baina jaurti dezala lehen harria errugabe denak. Harri txintxarrik ere ez dute jaurtiko. Inor Armstrongen jardunbideaz kaltetua sentituko balitz, salatu egin beharko luke. Lasai, inork ez du epaitegietara joko.

Bere atzetik edo aurretik sailkatutako nork esan behar du ezer. Bota bat. Izen bat. Ia denak antzeko sareetan atzeman izan dituzte, edota positibo emanak dira. Eta bere buruari garbi eusten dioten bakanak zorteko dira euren berri izan zuten taldekideek salatu ez dituztelako. Armstrongen afera Floyd Landisen hari muturrari tiraka azaleratu da. Hark salatu zuen aurrena. Atzetik etorri dira bere taldekide eta lagun min izandako besteen aitortzak. Garai hartako eta aurrekoetako beste taldeetan USADAk egindako ikerketen parekoak egingo balituzte, ia denak zepo berean eroriko lirateke. Ia diot, beti izaten delako salbuespenen bat.

Tristetu egiten nau jendeak arbol ustelean aizkora sartzeko duen erraztasun zitalak. Inork ez du orain Armstrongen alde hitzik egingo, eta beharrik ere ez egoera ez baita inori losintxak egiteko, baina gizakiak zintzotasun minimo bat balu belaunaldi hartako zein aurrekoetako kideek “ni ere errudun” oihukatu beharko lukete. Eta ez soilik txirrindulariek. Ziklismoa osatzen zuten alor guztietako kideek dute, gehiago edo gutxiago, erantzukizunen bat. Zuzendariek, medikuek, managerrek, babesleek, masaje emaileek, eta baita kazetari eta erakundeek ere. Gehienek babestu ez ezik auspoa eman zioten ahal izan zuten bitartean. Eta onurak jaso. Kazetariek ez zituzten kurpil artetik zetozen zurrumurruak behar bezala ikertu, baina berriro diot zurrumurru hutsak ez dira inori ezer leporatzeko adina. Ezta ezer txarrik iradokitzeko ere. Afera honek UCI ere ipurtagirian utzi du. Jakinaren gainean zegoen arazoa konpontzeko ez zuten beharrezkorik egin. Orain bistan gelditu denez, eraginkortasunik gabeko sistemari eustea baino ez zuen egin. Guztiek onartu behar dute (dugu) dagokien erantzukizuna eta autokritika zorrotza egitea behar beharrezkoa da.

Armstrongek ez zuen doping sistemarik asmatu. Ikusi, ikasi eta beste guztiek egiten zuten moduan, indarrean jarri zuen. Beraz, ez diezaiogun duen errua baino handiagorik itsatsi, edo gutxienez, ez dezagun errudun bakar bihurtu. Ez da-eta.

3 thoughts on “Xabier Usabiaga: ‘Erruduna’

  1. Txema

    Niretzat dudarik gabe istoriako txirrindularirik onena zen eta izaten jarrairuko du. Kontu guzti honekin ez da istoria aldatu, istoriako paperak baizik. Seguruenik denak egongo ziren dopatuta (salbuespenak salbuespe), eta orien artean Armstrong zen onena.

    Reply
  2. Haritz

    Biktima??? Biktimak kategoria guztietan aurkariak hankapean ibili ondoren afizionatuetan, ez dopatzeko aukera egiteagatik, iruzurgileak ez izateagatik, pelotoari jarraitu ezinda geratu izan direnak dira.

    Reply
  3. Patxi

    Egia da,Txirrindularitzatik kanpo dopina ez hartzeagatik geratu zirenak, horiek bai izan ziren benetako biktimak,
    edonola ere, arazoa konpondu nahi izanez gero, ikertzea nola iritsi den egoera honetara ez legoke gaizki, eta UCIkoei eta erakunde honen barruan ez daudenei erantzukizunak eskatu behar bazaizkie, eska dakizkiela.
    Hitz batean, denon onurarako, arazoa, lehenbailehen konpondu behar da.

    Reply

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *