Tag Archives: Matthew Goss

Txirrindularitza eredugarriaren adibide

Alexandre Vinokourovi merezi duen saria emateaz gain, Olinpiar Jokoetako lasterketak ziklismoak ikusgarriagoa izateko izan beharko lukeena erakutsi du, talde handiek ezartzen duten nagusikeriatik ihes egiteko irtenbidea zein den garbi gelditu da. Lasterketa irekia izan da, eta norbanakoaren bertuteak talde ahalmenen gainetik egon dira. Tamalez, gaurkoa bezalako ibilbide gozoan, inoiz gutxitan gertatzen da horrelakorik.

Lasterketak ohiko egitura izan balu, hau da, talde bakoitzak 8-9 lagun izan balitu, ez Vinokourovek eta ez berarekin batera ihesi zihoazen haietako inork ez zukeen merezitako saririk jasoko. Azken 200 metroetan agertuko zen esprinterren bat gailenduko zen. Ordurarteko lana bere talde edo selekzioak egingo zukeen. Garailea Cavendish, Greipel, Sagan, Goss, Boonen edo Boasson Hagen izango zen. Hori da gutxienekoa. Kontua da ibilbide horretan inork ezingo zukeela esprinta sahiestu, eta lastima litzateke txirrindulari handi askoren balioa ikusi gabe geldituko ginatekeen-eta.

Kontua ez da esprinterren aukerak ere galerazten dituen gogortasuna ezartzea, onena espezialista desberdinei antzeko aukerak ematea da. Era horretan asko ugaritzen da garaipenaren jokoan sartzen den txirrindularien kopurua eta horrekin ikusgarritasuna, bakoitzak bere erara jokatzen baitu.

Gaurkoa bezalako karrerekin, garaileak ez du nahikoa indar fisikoa izatea, argi ibili behar du lasterketan, ondo kokatuta, mugitzen jakin behar du, unean uneko erabakiak hartzen, estrategiarekin asmatzen, aztia izaten eta lortu nahi duena erdiesteko dena ematen. Horretan ez da erraza Vinokourov baino adibide hoberik topatzea.

Matthew Goss da urteko gizona

Goss_gBeste inork baino garaipen gehiago lortu du Matthew Gossek, zortzi dagoeneko, baina ez da hori 24 urteko gazte honen urteko bilakaeran azpimarratzea merezi duen datu bakarra. Oso modu eta aurkari desberdinen gainetik ari da nagusitzen han eta hemen: Australian, Omango Itzulian, Paris-Nizan eta azkenik Milan-San Remon, urteko lehen klasiko handian. Oso gazterik eman zuen bere dohainen berri (orain bi urte Paris-Bruselas irabazi zuen, iaz Giroko etapa bat), baina aurten bere maila berretsi ez ezik, sekulako gorakada izaten ari da. Bere urtea da.

Orain arte gizon azkarra delako nagusitu izan da, esprinter bizkorra, baina San Remon hori baino askoz gehiago erakutsi zuen. Egoerak hala eskatzen zuen. Abiadura ez da nahikoa egoera horretan gailentzeko. Ezer baino lehen esprinta ziurtatu behar izan zuen, eta hori inoiz ez da erraza erasotzaileez beteriko taldetxoan. Cancellara, Gilbert, Pozzato, Nibali eta Offredo justu kontrako asmoarekin ziren, baina Gossek zapuztu zuen ahalegin oro. Suitzarraren erasoa motzean lotu zuen. Bestela, hark irabaziko zuen, akaso. Ondoren, Gilbert ahalegindu zen, eta haren atzetik ere irten zen eta lortu ez bazuen ere Pozzatori egin zion harrapaketaren gonbitea. Horrek zapuztu zuen belgikarraren asmoa. Beraz, birritan antzeman zion arriskuari Gossek.

Cavendishek esan berri du Goss oso ona dela, ez esprintatzen bakarrik baita esprintaren bidea aukeratzen ere. Berak, Cavendishek, inoiz ez omen luke Mark Renshaw bere bideratzailearen babesa utziko, hark erakusten diolako jarraitu beharreko bidea. Baina, Gossek, zioen britaniarrak, bere kabuz egin dezake hori guztia. San Remon egia dela ikusi zen. Eta ikusi zen, zenbait probetan atzetik izan zituen Cancellararen eta Gilberten parean ibili daitekeela, gorenean, alegia.