Monthly Archives: March 2011

Etenik gabeko ikuskizuna

Euskal Herriko 51. Itzuliaren ibilbidea ikusita, ibilbide gogorra baino atsedenik ematen ez duena dela esango nuke. Irabazi nahi duenak ia etapa guztietan dena emanda ibili beharko du. Egindako esapide merkea ematen du horrek, baina kasu honetan hala izango delakoan nago. Izan ere, Murgiakoa eta ostiralarekin batera Zallan amaituko dena ez beste guztiak aintzat hartzeko modukoak dira. Denek dute azken kilometroetan segundo batzuen lapurreta egiteko moduko zailtasuna. Inork ezingo du azken erlojupekoaren zain gelditu.pelotonBeste ibilbide batekin Zallako 24 kilometroko erlojupekoa nahikoa izango litzateke garailea erabakitzeko. Hala gertatu da Paris-Nizan. Tony Martinek erlojupekoa ez ezik itzulia eraman zuen. Baina Euskal Herriko Itzulia desberdina izan bide da. Litekeena da hemen ere erlojupekoan gailentzen denak itzulia irabaztea, baina inork, espezialistarik petoenak ere ezin du egoera horren zain egon.

Lehen etapan, Antigua (% 22 penditza) helmugatik hain gertu egonik segundo batzuen aldea egon liteke. Baita Lekunberrin ere. Gogoan izan 2004an Denis Menchovek 13 segunduko aldea lortu, lider jarri eta itzulia irabazteko lehen urratsa egin zuela. Eta zer esanik ez Arraten. Iaz garailea, Samuel Sanchez, eta bosgarren izan zen Beñat Intxaustiren artean 33 segudoko tartea izan zen, urtebete lehenago Alberto Contadorrek Robert Gesinki (seigarren izan zen ) atera zion alde berdina.

Jakin badakit kontu hauek hutsaren hurrengo gerta litezkeela, baina aurten ez litzateke harritzekoa izango eskalatzailerik onenaren eta erlojupeko espezialistarik trebeenaren artean minutu inguruko diferentzia izatea Zallako erlojupekoaren atarian. Alde hori asko izan liteke, edo gutxi. Alberto Contadorrek minututik gorako aldea atera zien eskalatzaile peto guztiei orain bi urte ibilbide berean. Aurten ordea ez da Contador izango, ezta haren parekorik ere, alegia Arraten bezala erlojupekoa irabazi lezakeen inor. Horregatik etenik gabeko ikuskizuna izango du aurtengo ekitaldiak.

Euskal Herriko Herri Lasterketak – lasterketak.com

Kaixo lagunak:

eitb.com-ek eskaintzen digun txoko honen bitartez, gure inguruan ospatzen diren herri lasterketen gora beherak komentatuko ditugu.

Lehendabiziko sarrera honetan gure burua aurkeztuko dugu: lasterketak.com taldea gara, 2008. urteko abenduan sortu ginen eta orduan gure helburua zenak gaur ere bere horretan jarraitzen du: Euskal Herrian ospatzen diren herri lasterketa guztien berri ematea.

2 urte baino gehiago pasa dira dagoeneko, eta esan beharra dugu izandako harrera ezin hobea izan dela, egunez egun geroz eta jarraitzaile gehiago izanik.

Espero dugu hemen komentatutakoak zuentzat interesgarriak eta zuen gustokoak izatea.

Hurrengo sarrerarate, lasterketak.com taldea.

lasterketak

Cancellarak ez dauka mugarik

Ez da erraza Fabian Cancellarak gaur egin duena definitzea. Ezta esplikatzea ere. Harelbekeko Sari Nagusian eman duen erakustaldiaren pare egoteko hitzik ez dago. Nik ez daukat. Ikusita ere ez nekez ulertu daiteke egiten ari denaren tamaina. Bera bakarrik ibili daiteke hain azkar hainbeste denboran, beste inork ezin ditu pedalak indar horrekin bihurritu, katea intentsitate horrekin tenkatu, eta hori guztia esfortzuaren nolakoa behar bezala erakusten duen dotorezi eta baldarkeriaren nahasketarekin egiten du. Bakarra da.

Lasterketa bakar batean irudikatu daitezkeen helburu guztiak bete ditu. Ezer baino lehen garaipen handia, bere dohain guztien berri emanaz erdietsi duen lorpena. Bidean jarri zaizkion oztopo guztiak banan bana gainditu ditu, aise eta eroso. Aurrena matxurak eta bizikleta aldaketak. Ondoren Garmin-Cerveloren estrategia bikaina, eta azkenik, bere gurpilari itsatsita izan dituen ziklista guztiak. Eta asko ziren, baina denak hankapean ibili ditu. Inork ezin izan du geldi arazi. Gaur ezinezkoa zen.

Bere gorputza doitzeko balio izan duen kalitate handiko entrenamendua ere burutu du, eta hori guztia bezain garrantzitsua da aurkariei eman dien jipoi psikologikoa. Batek baino gehiagok ames gaiztoak izango ditu.

Harelbeken egin duena Flandriako Tourrean edota Paris-Roubaixen egin izan balu, historiara pasako zen, baina maila txikiagoko lasterketan lortu izanak ezin du bere lana gutxietsi. Gaur, egia da, ez ditu hurrengo probetan izango dituen aurkari guztiak izan. Boonen, Pozzato, Ballan, Flecha, Hincapie eta beste batzuk falta ziren, baina han ziren, Haussler, Hushvod, Nuyens, eta Ivanov besteak beste, eta hutsaren hurrengo lekuan utzi ditu ia aurrekaririk gabeko erakustaldia emanda. Datozen asteetan etor daitekeenaren iragarpena izan da.

Hormatik hormara, gailurrez gailur

Agur bero bat mendizale eta eskalatzaile sutsu, amorratu eta kartsuoi. Blog honek estreinaldia egin nahi du; momentuz ez dago ez flashik, ez kamerarik ezta alfombra gorririk ere, leku txiker honen asmo bakarra zera da: Euskal Herriko (eta horren inguruko) mendiek eta hormek ematen diguten plazerrez gozatzea, ta ez da gutxi.

Mugarra  Untxilatzetik ikusita

Mugarra Untxilatzetik ikusita

Berton, erreportajeak, kronikak, berriak, irteerak, argazkiak, proposamenak… topatuko dituzu, danak mendizaletazunari eta eskaladari –horman nahiz blokean- lotuak. Beraz, eseri zaitez, ondo egokitu zure eserlekua, lasaitasunez hartu eta goza zazu. Ah, ta ez ahaztu zure esperientzia eta jakinmina partekatzeaz.

Contadorrek ez dauka kontrariorik

alberto_contador_volta_EFE

Bost kilometro nahikoa izan dira gauzak bere lekuan jartzeko. Alberto Contadorrek ez dauka kontrariorik. Bera da onena. Alde handiarekin gainera. Ez dago sasoirik onenean eta ez du egon behar gainera, baina bere nagusitasuna nabarmena izan da Vallnorden gora, Kataluniako Voltako etapa nagusian. Bera bezala, bere aukari asko ere ez daude oraindik bete betean, baina euren sapaia lortzen dutenean Contador ere hala egongo da eta orduan ere gehiago izango da. Ez izan zalantzarik. Tropelean berezko gehien duen ziklista da madrildarra. Naturak ez du mugarik izan berarekin.

Lasaitasun apur bat eta itxurazko entrenamentu batzuk nahikoa izan dira errepidean erakutsi duena bulegoetan inork ez galerazteko. Korritu egin behar du. Ez dago debekatzeko arrazoirik. Hala frogatu zuen Espainiako Txirrindularitza Elkargoak proposatu zuen urtebeteko zigorraren kontra egin zuenean, eta hala erakusten dute bera bezala Clembuterolarekin ezohiko baloreak eman zituzten beste bi ziklisten errugabetzeak ere: Rudi Van Houts holandarrak eta Philippe Nielsen danimarkarrak.

Bere frogen sendotasuna gaur aurkariak menderatzeko erakutsi duen indarraren parekoa da. Geldi arazi nahi izan dute, baina ezin izan dute. UCI-ren patuak ere ez dauka beste irtenbiderik.

Alessandro Petacchi, txapeldunak beti itzultzen dira

Alessandro Petacchik ez zuen joan den Irailetik karrera bakar bat irabazi. Azkena Orihuelan lortu zuen, Espainiako Vueltako 7. etapan. Deigarria zen hori, Petacchi, beste esprinter gehienen moduan denboraldi hasierako protagonista izan ohi baita. Normalean, Otsailean hasten da karrerak irabazten eta horretaz ohartzeko datu adierazgarri bat izan bada. Aurten ez beste aurreko sei ekitalditan Etruschi Saria irabazi du, Otsaila hasieran Italiako denboraldia abian jartzen duen proba, alegia.

Emaitzarik ezak ez du zerikusirik bere adinarekin, 37 urte izan arren esprintik zailenetan gailentzeko adinako talentu eta gogoa bai baitauka italiarrak. Beti hartu behar da aintzat. Bistakoa da ez dela lehengoa. 2000. hamarkadako lehen urteetan esprintetako erreferentzia nagusia zen, Mario Cipolliniren oinordekoa. 2003tik 2007ra urteko 20 garaipenetik gora lortu zuen. Orain, ez da erdira heltzen. 2009an bederatzi lortu zituen, 8 iaz. Fisikoki behera egin du, egia da, baina aurten beste arazo bat izan du. Bronkiotako asma larriak jota egon da Otsaila hasieratik, eta horrek estreinaldia atzeratzeaz gain behar bezala doitzeko entrenamentuak egitea galerazi dio. Baina txapeldun handiak beti itzultzen dira, eta Kataluniako Voltan estreinatu du bere garaipen zakua.

Matthew Goss da urteko gizona

Goss_gBeste inork baino garaipen gehiago lortu du Matthew Gossek, zortzi dagoeneko, baina ez da hori 24 urteko gazte honen urteko bilakaeran azpimarratzea merezi duen datu bakarra. Oso modu eta aurkari desberdinen gainetik ari da nagusitzen han eta hemen: Australian, Omango Itzulian, Paris-Nizan eta azkenik Milan-San Remon, urteko lehen klasiko handian. Oso gazterik eman zuen bere dohainen berri (orain bi urte Paris-Bruselas irabazi zuen, iaz Giroko etapa bat), baina aurten bere maila berretsi ez ezik, sekulako gorakada izaten ari da. Bere urtea da.

Orain arte gizon azkarra delako nagusitu izan da, esprinter bizkorra, baina San Remon hori baino askoz gehiago erakutsi zuen. Egoerak hala eskatzen zuen. Abiadura ez da nahikoa egoera horretan gailentzeko. Ezer baino lehen esprinta ziurtatu behar izan zuen, eta hori inoiz ez da erraza erasotzaileez beteriko taldetxoan. Cancellara, Gilbert, Pozzato, Nibali eta Offredo justu kontrako asmoarekin ziren, baina Gossek zapuztu zuen ahalegin oro. Suitzarraren erasoa motzean lotu zuen. Bestela, hark irabaziko zuen, akaso. Ondoren, Gilbert ahalegindu zen, eta haren atzetik ere irten zen eta lortu ez bazuen ere Pozzatori egin zion harrapaketaren gonbitea. Horrek zapuztu zuen belgikarraren asmoa. Beraz, birritan antzeman zion arriskuari Gossek.

Cavendishek esan berri du Goss oso ona dela, ez esprintatzen bakarrik baita esprintaren bidea aukeratzen ere. Berak, Cavendishek, inoiz ez omen luke Mark Renshaw bere bideratzailearen babesa utziko, hark erakusten diolako jarraitu beharreko bidea. Baina, Gossek, zioen britaniarrak, bere kabuz egin dezake hori guztia. San Remon egia dela ikusi zen. Eta ikusi zen, zenbait probetan atzetik izan zituen Cancellararen eta Gilberten parean ibili daitekeela, gorenean, alegia.

Euskaltel, ondo eta gaizki

euskaltelAmaitu da Paris-Niza eta Tony Martinek irabazi du. Alemaniarrentzat albiste ona da, oso ona. Festina Aferak Frantziako ziklismoa kolpatu zuen indar berdintsuarekin astindu zuen Puerto Aferak Alemaniakoa. Han erori zen Jan Ullrich, eta harekin batera herrialde hartako ziklismo osoa. Telekom desagertu egin zen, telebista publikoek Frantziako Tourra emateari uko egingo diotela iragarri dute eta puntako ziklistarik ez dute izan geroztik. Hor dago Andreas Kloden, erregular, beti bezala, maila onean, garai bateko moduan, baina Alemaniako ziklismoa altxatzeko gehiago behar da. Tony Martin izan liteke gizon hori.

Euskaltel ere nabarmendu da Frantzian. Onerako eta txarrerako. Bi arrazoi ikusten ditut pozik egoteko. Bata Samuel Sanchez; bestea Gorka Izagirre. Asturiarra bide onetik doa Euskal Herriko Itzulirantz eta ezeren okerrik ez dela sasoi bete betean helduko da. Orain arteko hirugarren postua hobetzea da asmoa. Lortu lezake.

Gorka Izagirrek ere goraipamenak merezi ditu. Eta ez gutxi. Ziklista da eta hobea izango da. Ezaugarri guztiak ditu. Duen adinak (23 urte) erakusten duena baino heldutasun handiagoa dauka. Kirol maila sobera erakutsi zuen iaz, bi garaipen lortuta. Aurten nortasuna erakusten ari da. Baita aniztasuna ere. Etapa ordekatsu eta arlote batean ihes egiteko behar den kemena dauka, baina baita mendatez josiriko ibilbide makurrean nabarmentzekoa ere. Karrera ondo irakurtzen du gainera, ihesladiak usaitu egiten ditu eta bertan ondo moldatzen da. Ez du urduritasunak jaten, zuhurtziaz jokatzen badaki, bere gaztean. Eta teknika ere ona dauka. Garaile sena ere bai. Denbora eman behar zaio baina kasta eduki badauka.

Euskaltelek ordea izan ditu huts egiteak ere. Bi aldiz izan da bigarren Samuel Sanchez eta euren erruz gertatu dela esango nuke. Bietan distantziaren kalkuluan huts egin zuten. Klodenek irabazi zuen etapan Samuel esprintaren distantzian erratu zen, metro bat gehiago izan balu bera nagusituko zen-eta. Ez da, gainera, antzekoa egiten duen lehen aldia. Tourrean Andy Schleckek antzera irabazi zion. Eta, Di Gregorio gailendu zen etapan 5 kilometro lehenago lanean hastea nahikoa zuten hura harrapatu eta esprinta baldintza hobeagotan jokatzeko. Horrelakorik gehiago ez gertatzeko balio beharko luke Paris-Nizako eskarmentuak.

Erlojuaren kontra

rabobank

Ezer baino lehen esan nahi dut ez nagoela erlojpekoen kontra. Oso proba interesgarriak iruditzen zaizkit. Ziklismoko espezialitaterik zailena da, norberak izatez dituen dohainez gain, beste hainbat jorratu behar direlako: kontzentrazioa, teknika, aerodinamika eta abar. Erlojupekoa taldean bada, zailtasunak areagotu egiten dira, ezaugarri eta maila desberdinetako txirrindulariak uztatu behar direlako. Izatez oso proba plastikoa da ikusteko.

Hori esanda ordea, uste dut alde handiegiak lortzen direla erlojupekoan eta lasterketak haren baitan gelditzen direla. Ez da egungo kasua baina orain urte batzuk erlojupekoan saio ona egitea ia ia nahikoa zen astebeteko zein itzuli handiak irabazteko. Exajeratua da adierazpena, baina esateko modua da.

Egungo joera bestelakoa da, zorionez. Nik uste jendeak askoz ere nahiago duela buruz buruko lehia, batez ere mendateetan ematen dena edo klasiko erako bilakaera duen proba, bestela. Hori dela-eta, erlojupekoak gutxitu eta distantziak laburtzeko joera nabarmentzen ari da. Baina, hara non, Tirreno-Adriatikok inoiz egin ez duena egin duen aurten. Bakarra ez bi erlojupeko jarri ditu, bat taldekakoa. Astebeteko itzulirako gehiegi da eta ondorioak berehala etorri dira. Alde handiak izan dira lehen etapan, eta horrek, uste dut, karrera salduta utzi duela Rabobanken mesedetan. Tropela lotzeko arrazoi asko dute.

Batetik, liderra, Lars Boom defendatzea. Bigarrenik, Oscar Freirerekin esprintean heltzea, eta hirugarrenik, Robert Gesinkek itzulia irabazteko dituen benetako aukerei eustea. Ez da ihes egiteko ahaleginik faltako, ibilibdea bikaina da horretarako, baina taldekako erlojupekoan izan diren diferentziak erabakigarriak izango dira bai azken emaitzan eta bai probaren bilakaeran. Lastima.

Australia puri purian dago

Orain urte batzuk UCI-k Australiako lasterketa bat korritzera joateko proposamena egin zien taldeei. Nazioarteko elkargoak ziklismoa mundu zabalean sustatzeko erabakia harturik zeukan ordurako baina ziklista eta batikbat taldeek ez zuten batere abegi onez hartu gonbitea. Dirua ordaintzen zuten, bai, baina ez zegoen Qatarren edo Omanen dagoen petrodolarrik. Ezta Frantziako Tour boteretsua ere gonbitearen atzean. Ordea, urte batzuren buruan Australia puri purian dago. Egindako esfortzuaren saria da.

Australiako ziklistek badaramate denbora pixka bat han eta hemen nabarmentzen. Gehientsuenak soslai beretsuko ziklistak dira: azkarrak, teknika onekoak eta erlojuaren kontra txukun moldatzen direnak. Pistan zaildutakoak dira, han dago Australiako ziklismoaren harrobia. Gehienak Australiako federazioaren semeak dira, Australian ez zegoelako ziklismo profesionalik, ez zegoen egitura sendorik eta ziklistak hezitzeko erantzukizuna federazioak hartu behar izan zuen bere gain. Britania Handia da beste adibidea, bi herrialde horiek hautsi dute lan sisteman zaharkituta gelditzen ari den Europaren tradizioa.

Ez dira denak izarrak, gehienek ziklismoaren ogibide ilunean egiten dute lan, izarrik distiratsuenen itzalean, baina dituzten aukerak ondo baliatzen dituztenak dira. Matthew Goss da adibide garbia, Paris-Nizako hirugarren etapa irabazi eta lider egon den ziklista. Baina badira askoz gehiago eta haiekin guztiekin talde bat eratzen ari dira hurrengo urterako, soilik australiarrekin osatutako taldea. Ezin izango dituzte denak fitxatu, baina Evans, Porte, Haussler, O’Grady, McEwen, Henderson, Matthews, Goss, Cameron Meyer, Rogers, Jesse Sergent, Allan Davis Mark Renshaw, Ben Swift, Chris Sutton, Jack Bobridge, Travis Meyer, Leigh Howard, Johnny Walker, Graeme Brown, Ben King, Simon Clarke, Wesley Sulzberger, Mitchell Docker, Adam Hansen, Matthew Lloyd, Rony Sutherland, Baden Cooke, Brett Lancaster, Simon Gerrans, Matthew Hayman, eta besteren batzuekin aise osatu daiteke Australiako ziklismoaren maila duintasunez ordezkatuko duen taldea.