Daily Archives: 6 February, 2011

Aldaketen lekuko

Ez naiz profesionaletan izandako ibilerak aireratzearen aldekoa. Egia esan, ezer gutxi daukat harrotzeko baina uste dut gehienetan nahi eta ezinean ibiltzeak pasarte irrigarri bat baino gehiago utzi zituela. Baina, ez nator kontu horiekin. Denboraldia hasi berri den honetan, azken 20 urteetan zizklismoak izan duen aldaketen lekukotza uztera baizik. Onerako edo txarrerako, hori beste kontu bat da, ziklismoa aldatu egin baita.

Debuta 1992an egin nuen, La Marseillese Sari Nagusian, Frantzian, eta ondoren, jarraian korritu nuen aste honetan jokoan izan den Besseseko Izarra itzulia. Ez daukat ahazteko irteeran Greg Lemond nire ondoan ikusi nuenekoa (tira, ni bere ondoan, lehen harrotzeko ezer ez dudala esan eta orain ez naiz hasiko Tourra hirutan irabazi zuena nire ondoen zegoela esanaz). Lemond ez ezik, garai hartako izar gehienak tropel hartan ziren. Edwing Van Hooydonck flandestarrak irabazi zuen, eta egungo zale askok haren arrastorik ez badute ere karrera hura irabazterako Flandriako Tourra birritan irabazia zen beste proba askoren artean, eta, artean, 25 urte baino ez zituen. Bazela norbait, alegia.

petacchiGarai hartan tropeleko izar gehienek karrera hartan abiatzen zuten denboraldia, ez zegoen askoz aukera gehiago. Orain berriz, garai batean sahiestu ezineko probak zirenak, lekuan lekuko ziklistentzako karreratxoak bihurtu dira. Ikusi besterik ez dago Besseseko Izarrean nortzuk dabiltzan. Edo Italiako denboraldian abian jarri duen Etruschi Sarian nortzuk irten ziren. Ez joateagtik, Alessandro Petacchi, aurreko sei urteetako garailea ere ez zen joan. Petacchik Qatarko Itzulia korrituko du eta inguruan izango ditu Tom Boonen, Mark Cavendish, Fabian Cancellara edota Bradley Wiggins. Eta han izango ez diren izarrak, Mallorcan izango dira, Schlectarrak, Philippe Gilbert, Andre Greipel edota Oscar Freire, kasu.

Esan nahi baita egun ia ezinezkoa dela tropeleko izar nagusiak karrera berean ikustea, non eta egutegiko proba nagusiak ez diren. Hori horrela izanik, ez dakit egungo profesional estreinatu berriek gure garaikoen zirrara ahaztezin haren modukorik sentituko duten. Akaso, ez dute jakingo profesionaletan estreinatu diren edo afizionatu mailan jarraitzen duten.