Tag Archives: Arrauna

Kaiku: Talde galaktikoa?

Jose Luis Kortak talde ezberdinak ditu lehiaketaren arabera, hots, TKE Ligan harrobiko hainbat arraunlari izan behar ditu bai ala bai, baina ez beste txapelketetan. Eta ematen duen mailan eragina du horrek.

Euskadiko txapeldun dugu Bizkaitarra trainerua eta Espainiakoa ere. Bi txapelketa horietan nahi izan zituen arraunlariak jarri zituen lehian Kortak eta horri esker garaipenak heldu ziren. Gainera, Kontxako Bandera irabazteko aukera handiak ditu Sestaoko taldeak eta bertan ere nahi izan dituen arraunlariak erabili ditu Orioko entrenatzaileak.

Igandean Donostian arraun egin zuten 14 gizonetatik sei besterik ez dira euskaldunak: Aitzol Arrizabalaga (Ondarroa), Iñaki Errasti (Usurbil), Iker Pascual (Barakaldo), Angel Maria Rodriguez, (Barakaldo), Gentza Zubiri (Bilbao) eta Asier Zurinaga (Sestao).

Gainerakoak Euskaditik kanpokoak: Santanderrekoak Oscar Gomez eta Javier Perez dira, Galiziakoak Jose Luciano eta Benito San Martin; beste laurak Hegoamerikakoak, Leandro Salvagno eta Oscar Andres Medina (Uruguai) Miguel Angel Ruiz (Kolonbia) eta Federico Steindl (Argentina).