Tag Archives: Alberto Contador

Buru hainbat aburu

Ez dakit zergatik aritzen garen sarritan irtenbiderik ez duenari irtenbiea topatzen. Gizakion akatsa izango da. Beste bat, beste askoren artean. Tourreko lehen asteko eztabaida nagusia eroriak nola sahiestu izan zen. Baina ez dago irtenbiderik. Ez biribilgune, ez errepide estu eta ez beste arrazoirik, eroriak ziklistek eurek eragiten dituzte inork amore ez emateko griñagatik eta denentzat lekurik ez dagoen tokian sartzen ahalegintzeagatik.

Espainiako Vueltako gaurko etapak antzeko gaia jarri du mahai gainean. Zer egin behar da liderra edota beste gizon garrantzitsuren bat erortzen denean? Erantzunik gabeko galdera da, buru hainbat aburuko gaia. Erori bakoitza desberdina da, bai egoeragatik, bai protagonista edota ondorioengatik ere. Nik uste denok onartzen dugula ez dela ez dotorea ez bidezkoa besteren zorigaiztotik onurarik ateratzea jokoan ezer ez dagoenean. Etapa hasierako erori batetik, esaterako. Baina oso bestelako kontua da karrera garaipenera bideratuta dagoenean. Atzokoa, adibidez. Sahietseko haizearen arriskuaz oharturik, Sky taldea haizebabesa antolatzen hasi zen, eta tupustean txirrindulari asko lurrera joan ziren. Gehienak Movistarrekoak, liderra tartean. Baina Sky taldearen estrategia abian zen ordurako, beraz ez dut arrazoirik ikusten ekin zioten lanari uko egiteko. Hala egingo al zuten eurek Valdezcarayn gora Froome edo Contador edo beste inor erori izan balitz?. Ez dut uste, eta ez lukete egin behar gainera.

Eroriak batzuetan ziklisten baldarkeri edo arreta ezagatik gertatzen dira, edo kasualitateengatik besterik gabe, beraz hala onartu behar dira. Ziklismoak mesede gutxi izango luke zoritxarreko bakoitzean txirrindulariek esfortzuari bizkar eman eta erruki eske hasiko balira.

Contadorrek ez dauka kontrariorik

alberto_contador_volta_EFE

Bost kilometro nahikoa izan dira gauzak bere lekuan jartzeko. Alberto Contadorrek ez dauka kontrariorik. Bera da onena. Alde handiarekin gainera. Ez dago sasoirik onenean eta ez du egon behar gainera, baina bere nagusitasuna nabarmena izan da Vallnorden gora, Kataluniako Voltako etapa nagusian. Bera bezala, bere aukari asko ere ez daude oraindik bete betean, baina euren sapaia lortzen dutenean Contador ere hala egongo da eta orduan ere gehiago izango da. Ez izan zalantzarik. Tropelean berezko gehien duen ziklista da madrildarra. Naturak ez du mugarik izan berarekin.

Lasaitasun apur bat eta itxurazko entrenamentu batzuk nahikoa izan dira errepidean erakutsi duena bulegoetan inork ez galerazteko. Korritu egin behar du. Ez dago debekatzeko arrazoirik. Hala frogatu zuen Espainiako Txirrindularitza Elkargoak proposatu zuen urtebeteko zigorraren kontra egin zuenean, eta hala erakusten dute bera bezala Clembuterolarekin ezohiko baloreak eman zituzten beste bi ziklisten errugabetzeak ere: Rudi Van Houts holandarrak eta Philippe Nielsen danimarkarrak.

Bere frogen sendotasuna gaur aurkariak menderatzeko erakutsi duen indarraren parekoa da. Geldi arazi nahi izan dute, baina ezin izan dute. UCI-ren patuak ere ez dauka beste irtenbiderik.

Ez dago garailerik

Jakin berri da Espainiako Txirrindularitza Federazioak Alberto Contador zigorrik gabe uzteko asmoa duela. Berriro irauli dira aurreikuspenak. Baina ez dago argi azken epaia bide honetatik etorriko den, ikusi egin beharko baita erabaki horren kontra egiten duten UCIk edota AMAk Nazioarteko Arbitraje Epaimahaira jota. Esandakoak esan, hori litzateke logikoena baina ez ote duten egingo ere esan didate.

Ez dakit zer dela-eta aldatu duten iritzia Federazioko juristek. Pentsatzen dut Alberto Contadorren defentsak emandako argudioek eragingo zutela aldaketa edota blog honetan bertan urtarrilaren 27an argitaratutako (Berandu da, izenburupean) aurrekari batek. Edozein moduz sinesgaitzek izan diren presioak aipatuko dituzte. Presioak, esan gabe doa, izan dira, baina beti ez dira onerako izaten. Gainera, urtebeteko zigor proposamena egin zenean inork ez zuen zalantzan jarri profesionalen independentzia eta lan ona, eta orain ere errespetu berdinarekin ametitu beharko litzateke batzordearen intentzioa.

Edonola den ere eta afera amaitzen den bezala amaitzen dela, ez du inork irabaziko. Kaltea eginda dago, batez ere ziklistarentzat. Errugabe jotzen badute, barkatu izan zaion sentsazioa izango du Contadorrek, hala gogoraziko diotelako bere kontrakoek. Zigortuko balute, akaso bidegabea izango litzateke. Egia berak bakarrik daki, edo beharbada berak ere ez. Ziklistak errugabe dela esaten du. Orain, Federazioak ere bai.

Berandu da

contadorAlberto Contadorrek urtebeteko zigorra bete beharko du. Hori da behintzat Espainiako Txirrindularitza Elkargoak proposatu duena. Orain, txirrindulariak berak 10 egun ditu helegiteak aurkezteko. Baita UCI-k eta WADA-k ere erabakiarekin ados ez badaude.

Espainaiko Txirrindularitza Elargoak UCI-k aurrez bidalitako txosten zientifikoak hartu ditu aintzat, ziklistak emandako arrazoiak baino gehiago. Eta seguru aski Clembuteroralekin dauden aurrekariak ere kontutan hartu ditu. Bat Alessandro Colo italiarren kasua da. Positibo eman zuen Mexikoko itzulian iaz, eta Italiako Txirrindularitza Federazioak Clembuterolarekin hazitako haragiaren arrazoia onartu arren (Mexikon onartuta dago) urtebetera zigortu zuten. Okerragoa izan zen Li Fuyu txinatarraren kasua. Bi urteko zigorra jaso zuen iaz RadioShack taldean korritu zuen lehen txinatar profesionalak.

Bada bestelakorik ordea. 2010eko abuztuan, Dimitrij Ovtcharov mahai teniseko jokalari alemaniarrak positibo eman zuen Clembuterolarekin. Bere ilearen azterketa batek ordea negatibo eman zuen. Federazioak proba onartu eta errugabe jo zuten.

Zientzilariek diotenez Clembuterolak arazo asko ditu. Batetik, ilearen azterketa baliagarria izan daiteke baina ilearen nolakoak ere badu zerikusirik. Antza, azterketen irakurketa 20 aldiz zehatzagoa da ile beltzean ile argian baino. Detlef Thieme, Kreischako laborategiko (Alemania) zuzendariak egin ditu adierazpenok, WADA-k onartutako laborategi bateko zuzendairak hain zuen ere.

Bestalde, zientzilariek esaten dutenez ez dago neurri jakin bat non esan daitekeen Clembuterolak giharren hazkundea edo onura eragin duen, eta hori guztia dela-eta WADAri zero tolerantziaren araua berriro aztertzeko eskatu diote.

Egingo balute ere, berandu izango da Alberto Contadorrentzat.