Ricardo Ricco, ez dago barkamenik

riccoSeguru aski barru barrutik ateratzen zaidan amorrazioaren ahotsa da nirea eta inoiz ez da komeni kiskaltzen dagoen iltzeari heltzea, gauzak behar bezala aztertu eta bidezko iritzia emateko tenple ona ezinbestekoa baita, baina Ricardo Riccok ez du barkamenik merezi, bizitza osorako zigorra merezi du. Ez da dopinarekin harrapatzen duten lehenbiziko aldia, ez bigarrena eta ez hirugarrena, gutxienez laugarrena da. Ziklismoan ez dauka lekurik, ez berak eta ez bera bezala jokatzeko intentzio garbiz dabilen inork. Amaitu dira epelkeriak, ziklismoaren egoera tamalgarriak ez du erdibideko neurririk onartzen. Zirt edo zart egin behar da.

Ricardo Riccok ez du dopina zainean sartzen, zainean darama. Gaixotasun bat da eta ez du sendatzeko inolako intenziorik. Ez du nahi. Hori da txarrena. Sendatu nahi duenari aukera eman behar zaio, nahi ez duenak bere jokabidearen ondorioak onartu beste irtenbiderik ez dauka. Igandean erietxera eraman behar izan zuten, hilzorian. Autotrasfusioa egin zuen, baldintza txarretan. Horrek bistaratu du egia, bestela beste aitzakia ilunen batekin mozorrotu eta bera eta mundua engainatzen jarraituko zuen. Orain arte egin duen moduan. Dopinarekin izan duen azken hartu-emana izan da igandekoa.

Aurrenekoa askoz ere lehenago gertatu zen, Junior mailako ziklista zenean. Hirutan gainditu zuen onartutako hematokrito portzentajea. Gero, naturala zela frogatu ahal izan zuen. Gezurra. 2007an, Tirreno-Adriatikon bi etapa modu harrigarrian irabazi ondoren telefono bidezko entzunketek dopin sare batean zegoela frogatu zuten, baina orduan ere ihes egin zuen. 2008ra arte. Orduan, Giroan Alberto Contadorren atzetik bigarren egin eta hiru etapa irabazi ostean, Tourrean bi etapetan gailendu zen. CERA-ri esker kontroletan ikusi ahal izan zenez. 20 hilabeteko zigorra bete behar izan zuen.

Iaz itzuli zen, baina urtebeteren buruan berriro harrapatu dute. Oraingoan bere zepoan erori da. Oraingoan ezingo du alde egin. Amaitu zaizkio aukera guztiak. Gaiztoz egin du gainera, egin duena. Itxurakeri hutsa izan da bere itzulera. “Iraganaeko akatsak” ez zituela errepikatuko esan zuen. Bere neska lagunak positibo eman zuen EPO-arekin eta albistea jakin bezain azkar adierazi zuen hartu-emanak hautsi egin zituela, beste bide bat hartu behar zuela. Gezurra, bere semearen ama da eta igandean erietxean berarekin agertu zen. Beste ziklista batzuen moduan (Ivan Basso, kasu) Aldo Sassik zuzentzen zuen Mapei kirol zentrura jo zuen hango dopinaren kontrako sistema zorrotza onartuko zuela esanaz. Aldo Sassi abenduan zendu zen minbiziaz, eta haren hilotza artean bero zegoela esan zuen Riccok, Sassiri emandako hitzari ez ziola hutsik egingo. Gezurra.

Nahikoa da eta ziklistek ere jabetu behar dute horretaz. Ricardo Riccok eta Leonardo Piepolik positibo eman zutelako desagertu zen Saunier Duval taldea 2008an. Ordungo kalteak kitatu nahirik baztertu du Tourrak aurten Geox taldea, Saunier Duvalen ondorengoa. Zer egingo du orain Vacansoleilek? Riccoren itzal zikinaren orbaina ezingo du inoiz kendu. Ricco bera bakarrik ez da egon hilzorian, bere taldea ere halatsu utzi du. Onartezina da eta horrelako bidegabekerien aurka ziklistek ere ahotsa altxatu beharko lukete.

6 thoughts on “Ricardo Ricco, ez dago barkamenik

  1. Ander

    Xabier, zurekin bat nator artikulu honetan diozun gauza askorekin. Hala ere txirrindularitzatik haratagoa joango naiz nere gogoetan. Zure iritzia izatea gustatuko litzaidake ostera. Mila esker

    Bakoitzari bere izenez deitu behar zaio eta, beraz, kasu honetan Ricardo Ricco drogazale bat dela onartu behar da. Ados. Zuk zure artikuluan aipatzen dituzun istorio guzti horiek drogazale baten ezaugarriak argi eta garbi erakusten ditu: gezurrak esan, tranpak egin, …

    Horregatik, nere uste apalean, pertsona honek benetako laguntza bat behar du. Beste modu batera esanda, laisterketetan partehartzeko debekuak soilik ez du inolaz ere sendatuko.

    Nere duda zera da, zer inporta zaigu gehiago, pertsona ala txirrindularia? Egotzi dakiokegu sorrarazi dituen kalte guztiak azken urte hauetan bere txorakerien errua izan dela, zilegi da, baina ez al litzateke hobe izango pertsona hau benetan burutik sendatzea? Behartu itzuli nahi badu sikologo batetara joatea eta proba egitea ostera sendatuta dagoela. Nork egingo duen hori ez dakit, eta soluzioa bera hori denik ere dudak ditut, baina beldur naiz txirrindularitzara bueltatzeko bideak itxiz soilik arazoa ez den benetan konponduko.

    Buruan ditut Pantani edo Jimenez bezelako txirrindulariak, zeintzuk bere buruaz beste egin zuten. Bizikletan indartsu, buruz makalak. Egoera hori ez dadin errepikatu, oker ez banago ume bat utziko bailuke aita gabe.

    Reply
  2. Anonymous

    @Ander
    Kaixo Ander, bistan da niri iritiza Ricardo Riccó ziklistaren ingurukoa dela, eta zuk esan bezala, haratago joanez gero, arazoa larriagoa da, askoz larriagoa. Bat nator zurekin, Pantani eta Jiménez aipatu dituzu antzeko kasu gisa, eta nik Frank Vandenbrouck ere aipatu nuke, eta seguru aski ezagunak ez diren beste hainbat ere izango dira. Horiek denek terapia behar dute, baina hori norberak erabaki behar du. Artikuluan idatzi dut: “Gaixotasun bat da eta ez du sendatzeko inolako intenziorik. Ez du nahi. Hori da txarrena. Sendatu nahi duenari aukera eman behar zaio, nahi ez duenak bere jokabidearen ondorioak onartu beste irtenbiderik ez dauka.” Nik uste edozein moduz, ziklisten alde ezaguna epaitzea dagokigula guri, baina norberak bere bizitzan egin nahi duena, norberak ikusi behar du. Hori bai, Ricardo Riccó laguna banu nire aholkua zuk diozuna izango litzateke: laguntza profesionala behar du dagoen zurrunbilu beltzetik irteteko.

    Reply
  3. Anonymous

    @Rico-Rico
    Nik uste oraingo betirako zigortuko dutela, arautegiak behintzat hala dio. Bestalde, tropelean zigor horixe eskatuz ahots asko entzun dira. Ziklistak ere ohartzen hasi dira horrelako kasuek guztiei egiten dieten kalteaz. Tira ohartu aspaldi ohartu ziren, orain euren iritzia ahots gora ezagutzera emateko ausardia dute. Beajondeiela.

    Reply
  4. Pingback: Albiste onak | Kirol Berriak

  5. Ander

    Ulergarria deritzot bakoitzaren ardura dela esateari, baina uste det hori drogadikto bati behin eta berriro bere kaltean erortzea uztea bezela da. Azken finean bi klase ezberdin bilakatzen digulakoan nago, ohiko drogazaleak txiroak izan ohi baitira eta hauek berriz dirutza irabazten duten “kirolariak”. Arazoa, ordea, berdina da bi kasuetan. Kirola noraino iritsi den sakonki aztertu beharko luke UCIk, askotan beraiek eskuak oso errex garbitzen baitituzte eta besteei txirrindularitzaren izen ona zikintzen eta problema asko sortzen ari direla errezegi egotzi, Contadorren kasua adibide.

    Doping-a ez egotearen aldekoa naiz, baina ikusiko degu zigorrek lortuko duten kiroletik desagertzea ala ez.

    Reply

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *