Tag Archives: Froome

Buru hainbat aburu

Ez dakit zergatik aritzen garen sarritan irtenbiderik ez duenari irtenbiea topatzen. Gizakion akatsa izango da. Beste bat, beste askoren artean. Tourreko lehen asteko eztabaida nagusia eroriak nola sahiestu izan zen. Baina ez dago irtenbiderik. Ez biribilgune, ez errepide estu eta ez beste arrazoirik, eroriak ziklistek eurek eragiten dituzte inork amore ez emateko griñagatik eta denentzat lekurik ez dagoen tokian sartzen ahalegintzeagatik.

Espainiako Vueltako gaurko etapak antzeko gaia jarri du mahai gainean. Zer egin behar da liderra edota beste gizon garrantzitsuren bat erortzen denean? Erantzunik gabeko galdera da, buru hainbat aburuko gaia. Erori bakoitza desberdina da, bai egoeragatik, bai protagonista edota ondorioengatik ere. Nik uste denok onartzen dugula ez dela ez dotorea ez bidezkoa besteren zorigaiztotik onurarik ateratzea jokoan ezer ez dagoenean. Etapa hasierako erori batetik, esaterako. Baina oso bestelako kontua da karrera garaipenera bideratuta dagoenean. Atzokoa, adibidez. Sahietseko haizearen arriskuaz oharturik, Sky taldea haizebabesa antolatzen hasi zen, eta tupustean txirrindulari asko lurrera joan ziren. Gehienak Movistarrekoak, liderra tartean. Baina Sky taldearen estrategia abian zen ordurako, beraz ez dut arrazoirik ikusten ekin zioten lanari uko egiteko. Hala egingo al zuten eurek Valdezcarayn gora Froome edo Contador edo beste inor erori izan balitz?. Ez dut uste, eta ez lukete egin behar gainera.

Eroriak batzuetan ziklisten baldarkeri edo arreta ezagatik gertatzen dira, edo kasualitateengatik besterik gabe, beraz hala onartu behar dira. Ziklismoak mesede gutxi izango luke zoritxarreko bakoitzean txirrindulariek esfortzuari bizkar eman eta erruki eske hasiko balira.

Froomen bueltak

Chris Froomek mutil jatorra ematen du. Tratuan umila da eta otzana bere lanean. Ez du ematen handinahi askokoa eta bere eginkizunak ondo betez gero asebeteta gelditzen dela esango nuke. Orain arte morrontza lana besterik ez du egin bere kirol bizitza osoan, baina orain arazo bat dauka: lider izateko lain indar dauka. Hori mundu guztiak ikusi du eta bada, ez gutxi gainera, Sky taldeak Wigginsek duen lider estatusa berari ere eman beharko liokeela pentsatzen duenik ere. Riis da horietariko bat. Bestela, iazko Espainaiko Vueltan gertatu zena errepikatzeko arriskua ikusten dute.

Nik ere uste dut Froomek bakarrik jar lezakeela ataka estuan bere taldekidea, beste inork ez. Mendateetan indartsuagoa dirudi, eta ez askoz ahulagoa erloupekoan. Gainera, azken erlojupekoan alde are txikiagoak izango direla esango nuke, azken bakarkako saioan garrantzitsuagoa baita indartsu egotea espezialista izatea baino eta horretan ez dakit nik Froome ez ote den indartsuago egongo. Hori horrela izanik ere ordea, ez dut uste Tourra irabaziko duenik, ohore hori Wigginsek izango duelakoan nago.

Edozein moduz uste dut, Froomen buruan arestian aipatu kontu horiek guztiak bueltaka ibiliko direla. Ziurrenik inoiz aurreikusi ez zuen egoera ari da bizitzen eta askok uste dute aukera hori aprobetxatu egin beharko lukeela. Bera ez da isolatuta bizi, ezinezkoa da Tourrean. Irakurri eta entzungo zituen idatzi eta esan diren kontu horiek denak. Bere inguruak, litekena da, oskola hautsi eta bere bidea jorratu behar duela esango dio. Akaso orain damu izango da iaz taldeko aginduak betetzeagatik Espaiako Vuelta galdu zuelako eta orain gauza berdina gerta lekioke Tourrean. Badaki, bere lana oso ondo eginagatik, bere kontratuan ez dela hori agertuko, garaipenak hartzen direla batez ere aintzat, eta bere kontu korrontea ez dela Wigginsena bezala gizenduko. Eta beharbada ez duela berriz horrelako aukerarik izango Tourra irabazteko eta are gutxiago ohore hori duen lehen britaniarra izateko.

Ziur naiz, berak nahi ez arren, bihotz taupadek gidoia hautsi eta berea egiteko eskatuko diotela, baina, buruak aldiz, ideia horiek baztertzeko eta agindutakoa zintzo betetzeko erakutsiko diotela. Beste behin.

Erabakita

Aurtengo Tourra epai zain gelditu da eta emandako arrazoien eta erakutsitako frogen arabera Wigginsek irabaziko du. Ez dago beste aukerarik. Hala juzgatuko luke herri epai mahaiak, zaleek alegia, denok ikusi baitugu mendateetan eta erlojupekoetan jazo dena. Eta hala ebatziko du lehiaketako epaile bakarrak ere, errepideak.

Wigginsek ukabildaka jo du mahai gainean eta gauzak berak nahi bezala utzi ditu. Uxatu ditu kazetari xaxatilariek sortu nahi zuten eztabaida, alegia lidertza kontuetan Froomekin sesiorik izango ote zuen. Ez da liskarrik izango. Froome Dauphinen baino indartsuago dago eta berak bakarrik hartu lezake estu Wiggins mendateetan, baina atzokoa ikusita otzan aritu beharko du liderraren mesedetan eta aurrez ezarritako egitasmoari men egin beharko dio, alegia taldea sortu zutenetik izan duten asmoari: Wigginsekin Tourra irabaztea.

Aurkariak aldiz depresiotik gertu egongo dira. Ez dute esango baina etsipenaren bisita izango zuten atzo. Wiggins historiaren zerura bidean dela ohartu dira, argi eta garbi, eta Skyk utzitako apurrekin konformatuko beharko dutela. Apur hori podiumeko hirugarren postua izan bide da eta horrek bakarrik pizten du ikusmina oraintxe bertan. Dema horretan, hori bai, ziklista asko arituko dira, Evans, Nibali, Menchov, Haimar Zubeldia (beste behin) eta Van den Broeck ere bai. Buru pittin batekin korritzen badute Wiggins eta Froomen jabetza izango dira lehen bi postuak. Hori bai, iazko Vueltan baino hobeto moldatuko al dira!