Category Archives: Txirrindularitza

Nibali da patroia

Tropela Toscanan barrena. Argazkia: EFE Bradley Wigginsen zain geunden arren Vicenzo Nibali da Giroko patroia. Errazegi eman genion garaipena Sky taldeko britaniarrari, erlojupeko luzea eta iazko sendotasun bikaina gogoan. Giroa ordea ez da Tourra, gauza asko dira desberdinak, eguraldia eta mendateen gogortasuna besteak beste. Gutxietsi egin ziren ezaugarri horiek baina astebete nahikoa izan da eragin dutena jakiteko. Besteak beste Wigginsi ezagutzen ez zitzaizkion gabeziak azaleratu zaizkio.

Tropela Toscanan barrena. Argazkia: EFEAurrenekoa baldarkeria teknikoa da. Ondo ezkutuan eduki du orain arte. Iazko Tourreko irudi edota argazkiak erreparatuz gero Wiggins beti buruan ageri da, gehienetan elastiko horiarekin nabarmenduta. Aurtengo Kataluniako Voltan, berak eta bere taldeak eragin zuten tropelean etena jaitsiera sigisagatsu batean. Artetsua zirudien bihurguneak hartzen. Baina, ez da, Giroak erakutsi du hori. Izuak airean dabil eta ez da ulertzekoa. Eroriren batean buruhezurra hautsi izan balu, tira! Beldurra hezur muinetaraino sartu eta izu bihurtzea normala izango zatekeen, baina eroritxo pare batengatik dabilen bezala ibiltzeak ez du ez buru ez hankarik. Igoerak asko entrenatu ditu, baina jaitsierak ez antza. Eta premia eduki badauka.

Itzuli handiak irabazteko bertuteak edukitzeaz gain, gabeziak ezkutatzen jakin behar da, eta Wigginsi gehiegi antzeman zaizkio. Aurkariek badakite zein zauritan bota behar den gatza zornea eragiteko. Baina, bere arazo bakarra ez dira jaitsierak eta euria. Igoeretan ere larri dabil, ohi baina justuago. Inoiz baino hobeto dagoela esan du, baina ezin du erakutsi. Atzoko etapa horren lekuko. Lasterketa gogortzea komeni zitzaiela pentsatuta, ekimena hartu zuten pelotoi buruan. Txalotzeko jarrera da. Nortasuna hori baita, norberari komeni zaion karrera norberaren baliabideei esker jorratzea, ez besteren baitan egotea. Wigginsek modu horretan menderatu behar ditu aurkariak, menderatzekotan. Higadura lana eginez, erritmoan iraunez. Ez erasoka, hori ez da bere bertuterik behinena. Karrera azken muturreraino gogortzeak indartsuenari egiten dio mesede, horregatik egin zion kalte Wigginsi, indartsuena ez delako. Baina garaiz ohartu zen Sky eta irtenbidea eman zion. Bizkor jokatu zuten eta eskerrak, bestela porrota are handiagoa izango zen. Uranen garaipenak gozatu zuen Wigginsen gazia.

Ikusitakoak ikusita, Skyk aldatu egin beharko du hasierako estrategia. Erlojupekoa ez zuen behar bezala baliatu Wigginsek eta mendateetan ez dabil. Ezin du Giroa irabazi. Atzoko etapan bezala estrategia aldatu eta, zirt edo zart, Uranek eta Wigginsek ausart jokatzen badute ataka estuan jar lezakete Nibali, patroia. Seguru aski ez dute lortuko, baina Giro zoragarria eskainiko ligukete. Itxaropen horrekin jarraituko dugu!!

Onak beti itzultzen dira

Denbora da Thomas Lofvkist, Mediterraneoko itzulia irabazi berri duen ziklista suediarra begiz jo nuela. 2003a edo izango zen, 19 urte baino ez zituela Etorkizuneko Tour bikaina egin zuenean (seigarren izan zen), seguru aski. Geroztik gertutik jarraitu dut. Egungo ziklismoaren ordezkarietako bat zela iruditu zitzaidan, garbizaletasun joeraren aitzindarietako bat. Oso gaztea izanagatik, bidezidor zalantzagarriak erabiltzen zituztenen gainetik nabarmentzen zen batzuetan. Ibilbide luzeko ziklista ematen zuen, ezaugarri anitzetakoa eta sapaia goian zuena. Zoritxarrez, ez zen halakorik bete. Erdizka gelditu da bere palmaresa.

Gogoan dut, 1997an Donostian jokatu zen Munduko Txapelketaren baitan, entrenatzaileen nazioarteko simposium bat antolatu zuten eta bertan entzun nion entrenatzaile bati, txirrindulari bat erretzea ezinezkoa zela, dohainek iraun egiten zutela, kamusten zirela bai, baina ez zirela desagertzen. Uste dut ataka estuan jarriko nukeela Ekitaldeko ziklista askoren kasuak mahai gainean jarriko banizkio. Alegia, nola azalduko luke kirolari batzuk 16-20 urterekin, euren heldutasunean baino (26-28) hobeak izatea?

Beharbada iaz Iñigo Mujika fisiologo euskaldunak Journal of Sports Physiology and Perfomance aldizkari entzutetsuan argitaratu zuen ikerketa batekin erantzungo lidake. Bertan Mujikak zera ikusi zuen, Miguel Indurain handiak erretiroan 14 urte eman arren, bere balore fisiko absolutuak egun pelotoian dabiltzan gazte askorenak baino hobeak direla.

Eta litekeena da Thomas Lofvkisten kasua ere aipatzea. Esaten zenez, ziklista suediarrak oso dohain onak zituen, baina auskalo zergatik ezin izan dituen behar bezala erakutsi. Akaso presio gehiegi ezarri diote. Beharbada beste batzuentzat lan egin beharrak mugatu du bere bilakera, edo motibazio ezak. Ez dakit, baina orain badirudi IAM talde sortu berrian lider sentitzen dela eta horrek lagundu lekioke. Edonola den ere, garbi dago, bere gorputzak garaipen garrantzitsuak lortzeko bertuteak dituela. Mediterraneoko itzulia da adibide.

Puerto Afera, galdutako epaiketa

Egunotan mundu erdiko zirko mediatikoa Puerto Afereko inputatuen inguruan dabil, euretakoren batek esan zuen moduan “zirkoko tximinoak bezala” jarri dituztelako plaza publikoan. Baina, hemen, benetan lotsagarri gelditzen ari dena Espainiako sistema judiziala da, ez duelako, inondik inora ez gainera, kirolaren historian izan den dopaje arazo larrienetako baten aurrean ez behar bezalako seriotasunarekin ez behar bezain azkar erantzun. Puerto Afera, galdutako epaiketa da edozein ikuspegitatik begiratuta ere.

Hasteko Espainiako dopajearen aurkako legedia ipurtagirian gelditu zen arazoa lehertu zenean. Dopina delitu zen ordurako Europako beste lurralde batzuetan, hala nola, Alemanian, Frantzian eta Italian. Espainian ez. Bigarrenik, harrigarria da ustezko dopin sare horretako bezero zigortu bakarrak atzeritarrak izatea, alemaniarrak eta italiarra ia denak: Ullrich, Jaksche, Scarponi eta Gianpaolo Caruso. Beste bezero ia guztiak espainiar herritartasuna dute, baina inork ez du zigorrik jaso. Herrialde horretan lotsaren arrastorik bada, axolagabeena ere lotsatzeko modukoa da hori. Norbaitek Alejandro Valverde zigortu zutela ekarriko du gogora. Ados, baina gertaera horrek berak ustel kiratsa du, txiripaz harrapatu baitzuten murtziarra. Kontua da auziaren ardura zuen Antonio Serrano epaileak ez zuela onartu CONI-ren (Italiako Batzorde Olinpiko Nazionala) eskaera, alegia, odol poltsak aztertzeko eskaera. Baina Serrano oporretan zegoen batean haren ordezko epaile batek ameto eman zion italiarren nahiari eta orduan ziurtatu ahal izan zuten odol poltsetako bat Valverderena zela. Urte hartako Tourra Italiara pasatu zenez, hala zigortu ahal izan zuten egungo Movistarreko ziklista. Antonio Serrano epailegatik balitz, Valverde ez zuten inoiz zigortuko.

Epaiketa hau justiziak beharko lukeenaren justu kontrakoa da. Ez da ez garbia, ez zuzena, ez bidezkoa izango. Ezin du izan. Sare horretan ustez zeuden ziklista batzuk zigortu zituzten, beste batzuk oraindik korritzen ari dira, eta beste asko, ia gehienak, pelotoitik erbesteratu egin zituzten. Beraz, ez du inondik inora berdintasunaren oinarri zipitzik. Berez, arau hauste berdina egin dutenek, zigor berdina beharko lukete, ezta? Bada, hemen ez da halakorik beteko.

Gainera, ez da dopin sarerik epaitzen, eta ikusitakoak ikusi, beharbada hori da txarrena. Seguruenik lekuko gisa deklaratuko duten ziklista ohi atzerritarren ahotik jakingo da dopin sistema antolatua zutela inputatuek, baina epaileak AMA-k (Dopinaren Kontrako Mundu Agentzia) eskatutakoari uko egiten badio, odol poltsak bere esku uzteari alegia, ez dute inor zigortuko. Zigortu edo errugabe jo, batek daki. Inori bere huts egitea baieztatu eta zigorrik jarriko baliote berandu litzateke, ia ziklista gehienak erretiratuta daudelako. Baina askoz okerragoa litzateke ziklistaren bat edo batzuk errugabe direla ziurtatuko balitz. Hori barkaezina litzateke bere garaian euren kirol jarduera profesionalarekin jarraitzea ahalgabetu zitzaielako.

Espainiako justiziaren jarduna nolakoa den ikusita, ez dago batere argi epaitzen ari diren osasun publikoaren kontrako delitua bera ere frogatu ahalko duten. Baina hori, azken batean, nori axola zaio orain?

Lance Armstrong biktima da

Ziklismoaren urrezko panpina apurtu da. Askoren jainkoa hil da eta orain, azkenean, egia aitortu duela-eta kirolean inoiz izan den gaizkilerik handiena gisa zigortuko dute. Etsaia, hutsaren hurrengo izango da Lance Armstrongen ondoan. Lotsa eta higuina eragiten duen pertsonai bihurtuko dute. Eta jantzi laranjaz atondu eta esku eta oin bilurrak jarrita heriotzaren korridorera eramatea besterik ez zaie falta. Duintasun oro galdu eta ez diote arnasik ere onartuko. Baina jakizue Lance Armstrong biktima dela. Biktima bai, kirolean inoiz izan den biktimarik handiena, beharbada. Bere handikeriaren biktima, bere gezurraren biktima, baina batez ere ziklismoak oraintsu arte izan duen sistema ustelaren biktima izan da Lance Armstrong.

Gezurtiarentzat gezurra ez da existitzen, iruzurgilearentzat iruzurra ere ez, euren errealitate bihurtzen da. Hori da euren egia. Eta ziklismoa gezurraren eta iruzurraren zurrunbiloan bizi izan da luzaroan. Betidanik esango nuke, baina batez ere 90. hamarkadatik oraintsu arte. Frogatuta gelditu denez, dopajea ez da inoiz hain homogeneoa izan eta hedatua egon, horregatik dira garai hartako ziklista ia denak, salbuespenak salbuespen, sistemaren biktima. Armstrong ere bai. Ez inor baino gutxiago eta ez inor baino gehiago.

Garai hartan dopinak ez zuen gaur egungo konnotaziorik. Moralki onartuta zegoen. Beharrezkotzat jotzen zen. Ez zeukan iruzur kutsurik. Ez zuen karga moralik. Ohikoa zen. Iraganetik zetorren ohitura, bilakaera naturala. Beraz ez zegoen errudunik. Denak ziren errudun, aldi berean: babesle, manager, zuzendari, masaje emaile eta, nola ez, txirrindulariak. Denek joko berean hartzen zuten parte. Joko arauak berdinak ziren denentzat. Denak pozik. Lance Armstrong, bere belaunaldi osoa, eta aurreko eta ondorengo batzuk, horrela hazi eta hezi ziren, giro horretan. Ez zuten hori aukeratu, gainera etorri zitzaien, dopinaren mamuak jan egin zituen. Ezezkoa esan zezaketen. Utopia. Inork ez zuen egin. Salbuespenen batek. Ez al gaitu gizarte ustez garbiak bere ohitura zikin askotara makurtarazten. Ez al gara kapitalismo basatiaren uztarrian lotuta bizi nahi edo nahi ez? Lanaren morroi, sistemaren biktima, neurri batean edo bestean. Ziklismoaren mundu hertsian ihes egitea askoz zailagoa zen. 20-22 urterekin umetako ametsen mundura heldu eta nork esan ezetz? Inolako errudun sentimenturik ez badago gainera? Denak zepora. Bultzata gainera. Kontzietnzia zuritzea oso erraza zen: “Denek egiten dute”.

Beraz, zergatik da Lance Armstrong beste inor baino errudunago. Erruduna bai, baina errudunago? Ez nator bat. Seriotasun eta memoria apur bat nahikoa da konturatzeko berak ez zuela doping sistematikoa asmatu, ez eta sustantzia desberdinik erabili ere. Jo hemerotekara. Armstrong izan al zen Michele Ferrari medikuarekin lan egin zuen lehena? Bakarra? Segi irakurtzen. Hartu Jesus Manzano Kelmeko txirrindulari ohiak egindako salaketak. Hark dopinari buruz emandako xehetasunak eta Armstrong salatzeko beste ziklistek egin dituztenak, berdinak dira. Berdin berdinak. Ez dago ez sustantziatan ez haien erabileran inolako aldaketarik. Dena berdin. Kontua da Manzano herrialde bananero batekoa dela eta haren salaketek ez zuten inolako eraginik izan.

Gainera ez al duzue uste bere iruzurrak beste ziklistak kaltetu izan balitu orain, Armstrongnen lege haustura frogatu denean, denek joko luketela auzitara kalte ordain eske? Dirua eta tituluak. Lasai, ez du inork joko. Inork. Zergatik? Denak ziren sitema beraren biktima. Ia denak. Armstrongi Tourreko tituluak kendu dizkiote. Dirua itzultzeko eskatuko diote. Ondo. Hala merezi du. Eta hala onartu du berak, gizon. Eta ez al dizkiote Ullrichi (nire ziklista kuttuna) bigarrenak kenduko? Eta Basso eta beste batzuei hirugarrenak? Haiek eta atzeragokoak garbi al zeuden? Egin diren ikerketek eta oraindik indarrean daudenek ez dute halakorik erakusten. Orduan zergatik jotzen da Lance Armstrong errudun bakartzat. Erruduna da, erruduna, baina ez errudun bakarra. Hori gehiegizkoa da. Ez da bidezkoa. Denak ziren biktima. Denak modu berean.

Esan dudana larria da. Baina orain esan daiteke. Dena azaleratu da. Frogak daude. Lehen ez. David Walsh kazetaria saiatu zen Armstrongen egia erakusten. Ezin izan zuen. Epaitegietara jo eta auzia galdu egin zuen. Sunday Times egunkariak kalte ordainak eman behar izan zizkion ziklistari. Estatu Batuetan ikerketa federala zabaldu zuten. Itxi egin zuten, ezer frogatu gabe. Egia ziklistek zekiten.

Lehen inori dopina lepoatzeko kontrolak zeuden, baina kontrolek, oro har, negatibo ematen zuten. UCI-k onartu du ordea, kontrolak ez zirela behar bezain eraginkorrak izan. Baina ez zegoen gehiagorik. Ez dezagun UCI bera kupidagabe kritikatu. Horregatik behintzat ez. Zientziak zituen aurrerapen oro modu aintzindarian erabili zituen UCI-k, baina ez zen nahikoa izan. Denboraren poderioz etorri da zorroztasuna. Egoeraren larriak eraginda. Autodestrukzioa sahiesteko. Orain kontrolak ez dira zorrotzagoak. Sistema da desberdina. Pasaporte biologikoa, ustekabeko kontrolak, ADAMS sistema, presioa, filosofia aldaketa…..baina orduan hori guztia ez zen posible. Beharrezkoa zen baina ez zen posible. Aldaketa pixkanaka etorrita ere giza intimitatea urratzen den kontuak-eta aipatzen dira. Orduan ezarri izan balitz Hagako epaitegira eramango zituzten zuzenean.

Aitorpen hau eginda, norbaitek pentsa lezake sistema hori, dopajea, defendatzen dudala. Ezta inondik inora ere. Zero tolerantziaren eta errudunak zigortzearen aldekoa naiz. Nire burua ez dut inoiz adibidetarako erabiltzen, oraingoan bai. Ni sistema horrek kaltetuetako bat izan nintzen. Ez nintzen inoiz dopatu. Inoiz. Zin dagit. Baina egiteko asmoa nuen eta nire burua ataka estuan ikusi nuenean neronek eskatu nituen debekatutako sustantziak. Eskuan izan nituen. Ez nituen hartu. Hartu izan banitu ez nituen izandako anemiak izango, lesioak ere ez seguru aski, eta beharbada karreraren bat irabaziko nuen. Noiz edo noiz ez nintzen aparte ibili. Hobeto ibiliko nintzen behintzat, hori seguru. Baina erruduna naiz, errudun morala. Nik ere egingo nuen, denbora falta izan zitzaidan. Sistemaren biktima nintzen. Armstrong bezala. Ez gutxiago eta ez gehiago.

Armstrong nahi duzuena izango zen: harroa, faltsoa, kupidagabea, prepotentea, baina derrigortuta bada bere erantzukizun guztiak onartu eta ordaintzen ari da. Bizitzaren estoldetan dago oraintxe bertan. Damua erakutsi du, barkamena eskatu eta ez du beste inor salatu. Bere salatzaile eta ixilik daudenak baino askoz gizatasun gehiago erakutsi du.

Xabier Usabiaga: ‘Erruduna’

Munduak begitan hartu du Lance Armstrong. Berarekin itsutu dira komunikabide guztiak eta badirudi zuhaitz ustel horri begira inork ez duela ikusi nahi atzean dagoen basoa. Eta hura ere ustela zegoen, zinez.

Ez dut Lance Armstrong defendatzeko inolako asmorik. Ezinezkoa da. Berak ere uko egin dio urtetan egoskor eutsitako helburuari. Amore eman du, errua onartu ez arren. Nire intentzioa bestelakoa izan da beti. Inor defendatzea baino ziklismoak jasan duen kritika erraz eta bidegabea salatu dut. Ez dut onartzen probarik gabe inori ezer leporatzerik. Komunikabideetan ez. Hau gauza serioa da gero! Baina orain nohai daude frogak. Protagonisten hitzak daude. Egia biribilak. Eta UCIren aitortza ere hor dago. Dopina atzemateko sistema ez zen behar bezain eraginkorra garai hartan. Hori zen arazoa. Arazoetako bat. Ez bakarra. Beraz, errealitatea onartu egin behar da eta errealitateak erakutsi du, salbuespenak salbuespen, garai hartan tropel osoak jotzen zuela antzeko prestaketa metodoetara.

Baina, behin egia jakin delarik, jakin dezagun egia osoa. Ez erdizka. Armstrong erruduna da, baina jaurti dezala lehen harria errugabe denak. Harri txintxarrik ere ez dute jaurtiko. Inor Armstrongen jardunbideaz kaltetua sentituko balitz, salatu egin beharko luke. Lasai, inork ez du epaitegietara joko.

Bere atzetik edo aurretik sailkatutako nork esan behar du ezer. Bota bat. Izen bat. Ia denak antzeko sareetan atzeman izan dituzte, edota positibo emanak dira. Eta bere buruari garbi eusten dioten bakanak zorteko dira euren berri izan zuten taldekideek salatu ez dituztelako. Armstrongen afera Floyd Landisen hari muturrari tiraka azaleratu da. Hark salatu zuen aurrena. Atzetik etorri dira bere taldekide eta lagun min izandako besteen aitortzak. Garai hartako eta aurrekoetako beste taldeetan USADAk egindako ikerketen parekoak egingo balituzte, ia denak zepo berean eroriko lirateke. Ia diot, beti izaten delako salbuespenen bat.

Tristetu egiten nau jendeak arbol ustelean aizkora sartzeko duen erraztasun zitalak. Inork ez du orain Armstrongen alde hitzik egingo, eta beharrik ere ez egoera ez baita inori losintxak egiteko, baina gizakiak zintzotasun minimo bat balu belaunaldi hartako zein aurrekoetako kideek “ni ere errudun” oihukatu beharko lukete. Eta ez soilik txirrindulariek. Ziklismoa osatzen zuten alor guztietako kideek dute, gehiago edo gutxiago, erantzukizunen bat. Zuzendariek, medikuek, managerrek, babesleek, masaje emaileek, eta baita kazetari eta erakundeek ere. Gehienek babestu ez ezik auspoa eman zioten ahal izan zuten bitartean. Eta onurak jaso. Kazetariek ez zituzten kurpil artetik zetozen zurrumurruak behar bezala ikertu, baina berriro diot zurrumurru hutsak ez dira inori ezer leporatzeko adina. Ezta ezer txarrik iradokitzeko ere. Afera honek UCI ere ipurtagirian utzi du. Jakinaren gainean zegoen arazoa konpontzeko ez zuten beharrezkorik egin. Orain bistan gelditu denez, eraginkortasunik gabeko sistemari eustea baino ez zuen egin. Guztiek onartu behar dute (dugu) dagokien erantzukizuna eta autokritika zorrotza egitea behar beharrezkoa da.

Armstrongek ez zuen doping sistemarik asmatu. Ikusi, ikasi eta beste guztiek egiten zuten moduan, indarrean jarri zuen. Beraz, ez diezaiogun duen errua baino handiagorik itsatsi, edo gutxienez, ez dezagun errudun bakar bihurtu. Ez da-eta.

Xabier Usabiaga: ‘Egia’

Azkenean egia jakin da. Esaera batek dio posible dela pertsona bati beti gezurra esatea edo mundu guztiari une batez, baina ezinezkoa dela mundu guztiari beti egia ezkutatzea. Egia izango da. Lance Armstrongi gertatu zaio, eta akats bera egingo luke 90. hamarkadako ziklismoa izan zena ezkutatzen jarraitzen duen orori.

Festina aferak garai hartako ziklismoaren argi printzen bat eman zuen. Izpi bat baino ez zen izan, taldea bera eta gehienez ere Frantziako ziklismoa jipoitu zuelako soilik. Oraingo honetan ordea badirudi hamarkada oso batetik gora doan aroari dagozkion zalantzak argitu direla.

Ez naiz inoiz frogarik gabe salaketak egitearen aldekoa izan. Uste dut norbaiti zerbait leporatzen zaionean frogak behar direla. Bestela ixilik hobe. Edozer gauza esatearen anarkia ez dut onartzen. Baina protagonistak eurek, eta denek aho batez gainera, errealiatea xehetasun ororekin deskribatzen dutenean, sinestea besterik ez dago. US Postal taldeko ziklisten adierazpenak iraganean egindakoen berrespen borobila dira. Antzera mintzatu ziren Festinako gizonak, baita Jesus Manzano, Bjarne Riis, Erik Zabel, Johan Museeuw, David Millar, Bernard Kohl eta orain garrantziarik ez duten beste abar luze bat ere. Batzuek euren akatsa baino ez zuten onartu, beste batzuek taldearen esparruraino heldu ziren, baina oraingo honetan tropel osoa erori da zepoan.

Egoera honetan Lance Armstrgonek ez dauka ihesbiderik, ataka oso estuan dago. Ondorioak gainera kirol esparrutik haratago joan daitezke US Postal talde diru publikoak babestu baitzuen eta litekeena da amaierarik gabeko epaiketa zurrunbiloan murgiltzea. Inoiz ez da berandu egia jakiteko, baina oraingo honek ere bere hipokresia dosia izan du. Aitorpena egin duten guztiek euren kirol bizitzaren amaieran esan dute egia, jarritako zigor sinbolikoek inolako eraginik izango ez duten garaian.

Bidegabea deritzot Lance Armstrong bakarrik jotzea errudun, bistan gelditu baita tropel osoak berdin edo berdintsu jokatzen zuela. Iraingarria iruditzen zait eta higuina eragiten dit garai hartako lehen mailako protagonista batzuen adierazpenak irakurtzeak. Egun zentzurik ez duten argudio ustelekin zuritzen dute euren burua. Garai hartako ziklismoaren parte izan ziren (izan ginen) guztiek dute erantzukizunen bat eta zintzo onartu behar da, anbiguitaterik gabe.

Ez zait zuzena iruditzen orain Armstrong edo garai hartako beste inor zigortzea. Hasteko Armstrongen kasu honetan berdintasunaren legea urratu delako. Berari bakarrik egin diote neurri hontako jazarpena. Bigarrenik denek bete zituztelako zegozkien arawak, inork ez zuen positibo eman. Eta hirugarrenik, euren lorpenak baliogabetuta ere, ezerk ez duelako zilegitasun gehiago bermatzen.

Guzti honetan ikusten dut ondorio baikorrik. Protagonistek eurek aitortu dute ziklismoak hobera egin duela eta garai bateko ustelkeria sinestu zaien bezala sinestu behar zaie hori ere. Eta Jonathan Vaugthers Garmin taldeko managerrak esan duen moduan, iragaran horrek gauza bat erakutsi du eta ozen esan behar da. GEHIAGO SEKULA EZ.

Indartsuena izan gabe

Alberto Contadorrek indartsuena izan gabe irabazi du Espainiako itzulia. Hori txapeldun handi handien esku bakarrik dago. Beste guztiek ehuneko ehunean egotea ezinbestekoa dute gailentzeko, eta horretaz gain euren esku ez dauden beste gertaera batzuek bat egitea ere bai. Alberto Contadorren modukoak ordea menderagaitzak dira bete betean daudenean, baina ez daudenean ere irabazi dezakete. Hori da euren bereizgarrietako bat.

Tropeleko gizonik indartsuena Joaquin Rodriguez izan da, horretan ez dago zalantzarik, baina merezitako saririk gabe gelditu da. Egia da hortaz askotan erabili izan den esaldi biribila; itzuli handietan ezin da egun bakar batean ere hutsik egin. Mundu guztiak daki non galdu zuen karrera, baina zergatia jakitea zailagoa da. Nik uste bi arazo izan zituela: batetik gaitasun eza, eta haren ondorioz, erabaki okerra. Garbi dago mendaterik gogorrenetan indartsuena izan denak, bigarren mailako batean mendean izan dituenei jarraitu ezin badie, ahulezia duela. Hori garbi dago. Baina zergatik? Ez da kasualitatea txakalaldia atseden egunaren biharamonean izatea. Bezperan ez zuen entrenatu, eta gorptuza nagitu egingo zitzaion seguruenera. Askotan gertatu izan da historian.

Eta bigarrenik liderrari ez zitzaion iruditu Alberto Contadorren erasoa inora joango zenik, beraz, horra bigarren akatsa. Zetorkiona irudikatu izan balu, beste erabaki batzuk hartu behar zituen nola edo hala, baina ez zion arazoari aurrea hartu. Normalean, egia esan, ez da ezer askorik gertatzen, baina egun hartan bai.

Gertatu zena Alberto Contadorrengatik jazo zen. Ezinezkoan sinestu zuelako. Ohiko usteari, alegia erasoa jotzea, alferrik dela iritzi izan balio Puritok emango zukeen Vuelta, baina Contadorrek aproba egin zuen egun hartan ere. Kemenak eman zion garaipena, kirol maila ez baitzen aparta izan. Ez egun hartan eta ez karrera osoan. Contadorrik onena ez da ikusi.

Hura izan zen egunik seinalatuena. Vuelta bikaina izan da, inoiz gutxitan ikusi dira sailkapen nagusiko gizonak hain sarri orpoz-orpoko lehian eta horretarako ez da gainera mutur muturreko ibilbiderik behar izan. Hori eta faboritoen parekotasuna izan dira arrakastaren giltzarri. Beste antolatzaileek aintzat hartu beharko luketen ibilbidea izan du itzuliak.

Baina izan da ifrentzurik ere. Gizonik indartsuenen lehiatu beharrak eta Degenkolb esprinterraren nagusitasunak (5 etapa), papurrak baino ez ditu utzi besteentzat. 10 taldek baino ez dute lortu garaipenen bat. Gutxi da, erdia baino gehiago eskutsik joan dira-eta.

Oso itzuli, lehiatua, ikusgarria, erakargarria, eta bizia izan da, txirrindularitzak ihesi zihoazen zaleak bereganatu dituena. Baina batez ere, ziklismoak bere funtsaren goia jo zuen egunagatik izango da gogoan. Fuente Dera bidean Alberto Contadorrek irabazi eta Joaquin Rodriguezek karrera galdu zuen egunagatik geldituko da historian.

Contador vs Froome

Sailkapenari begiratuz gero edonork esan lezake Vueltako garaipena lau txirrindulariren arteko jokoa izango dela, sailkapeneko aurreneko lauena hain justu ere: Joaquim Rodriguez, Froome, Contador eta Valverderena, alegia. Euren guztien arteko diferentzia minutu pasatxokoa baino ez da eta aurretik duten ibilbidea aintzat harturik ezer gutxi da hori, euren arteko indarrak oso parekatuak egon arren. Gaurtik aurrera ordea uste dut lehia bi gizonetara mugatuko dela, Contador eta Froome izango dira aurrez aurre, beste baik, Purito eta Valverde jokoz kanpo utziko baititu erlojupekoak.

Edozein moduz Joaquin Rodriguez benetako garaile baten moduan ari da jokatzen estreinakoz. Bere tresneria oro baliatzen ari da, han eta hemen, aldapa dagoen aldi bakoitzean, segundu lapurretarako. Badaki erlojupekoak kolpea emango diola eta hori egin beste irtenbiderik ez dauka. Baina Rodriguez hau Girokoa baino liderragoa da, han seguraski indar eta eskarmentu ezak eraginda, baina ez zuen lider baten moduan jokatu. Orain bai.

Harrituta uzten ari nauen bestea Alejandro Valverde da. Ez nuen asko uste maila horretan jardungo zuenik, aspaldian ez baitzuen garai batean zen txirrindulariaren zantzurik eman. Baina bere bi garaipenek eta jokabideak mailarik gorenera itzuli dela erakutsi dute. Hori bai, uste dut erlojupekoak eta denboraldiaren zama osoak lasterketa amaitu baino lehen uzkalduko dutela.

Valverderen moduan Froome ere Tourra lehiatzen aritu zen. Nola gainera! Hori berez kaltegarri da, baina denboraldi honek gauza bat erakutsi digu. Gorputzaren misterioak gero eta ezagunagoak dira zientziarentzat eta horrenbestez gorputza doitzeko entrenamenduak zehatzagoak. Zenbait ziklistek denbora luze iraun dezakete oso oso maila altuan, ia ia ehuneko ehunean. Bradley Wiggins da horren adibide garbia. Bada, Froomek ere haren entrenatzaile eta metodologia berdina jarraitzen ditu, eta horrenbestez ez litzateke harritzekoa izango britaniarrak bere mailarik onenan jarraitzea Madrilera bitartean. Hori arazo handia da lasterketa irabazi nahi duen ororentzat.

Hala ere, nire ustez, Contador da faborito nagusia. Aurretik esan nahi dut, nire iragarpenen arabera Contadorrek askoz ere errazago nagusitu beharko zukeela, baina errealitateak bestelakorik erakutsi du. Arrazoiak bi izan daitezke. Batetik, Contador sei hilabete egon da korritu gabe. Ez da egoera horri aurre egin behar dion lehen aldia, baina aurrekoetan denboraldi hasieran hasten zen korritzen, hots%2

Alberto Contador

Armstrongi egin diotena ez da bidezkoa

Litekeena da USADAk arrazoi izan eta Lance Armstrong betirako zigortzeaz gain aurrez lortutako garaipenak eta bestelako lorpenak, denak, kentzea. Tartean baita, bistan da, Frantziako Tourrean erdietsitako zazpi garaipenak ere. Nik ez dut zigorra edo dena delakoa zalantzan jarriko. Ustez, oso ikerketa serioa egin du USADAk, behar adina froga eta lekukotza ba omen ditu esaten duenari sendo eusteko. Hala izango da. Baina ez dut uste bidezkoa denik ziklista bati, bakar bati soilik, horrelako jazarpena egitea.

Teorian pertsona oro berdina da legearen aurrean. Bada oinarrizko eskubide hori ez dela bete esango nuke kasu honetan. Ez honetan eta ez azkenaldian ziklismoan izan den beste batzuetan ere. Puerto afera, esaterako. Lasterketa ia ia guztiak nazioartekoak direnez nazioarteko erakunde batek babestu eta arautu beharko lituzke. Kasu honetan Nazioarteko Txirrindulari Elkargoak. Hori da eta ez besterik parte hartzaile guztiek betebehar eta eskubide berdinak izan ditzaten bete beharreko araua.

Zuzena al da Lance Armstrong era batean epaitzea USADAk hala nahi duelako, eta Ullrich, Beloki, Kloden, Basso, Vinokourov, Rumsas eta estatubatuarraren atzetik sailakatu ziren beste hainbat beste era batera euren herrialdeetako erakundeek USADAren inentzio bera ez dutelako? Bidezkoa al da lasterketa berean parte hartu arren, batzuek eta besteek betebehar berdinak ez izatea? Ezetz uste dut.

Ez dakit Armstrgonek legea hautsi zuen ala ez, hori, onerako eta txarrerako UCIri dagokio. Errudun balitz dagokion zigorra merezi du, baina horrelakorik ezin izan dute frogatu. Beraz, kitto. Bakea eta Osasuna.

USADAk Armstrong bizi osorako zigortu eta hari lorpenak kendu badiezaizkioke ere, horrek ez du garai bateko emaitzen gardentasuna ziurtatzen, denak ez direlako neurgailu berarekin neurtu eta hori da, hain justu, lehiaketa ororen berdintasuna bermatzen duen neurri bakarra.

Buru hainbat aburu

Ez dakit zergatik aritzen garen sarritan irtenbiderik ez duenari irtenbiea topatzen. Gizakion akatsa izango da. Beste bat, beste askoren artean. Tourreko lehen asteko eztabaida nagusia eroriak nola sahiestu izan zen. Baina ez dago irtenbiderik. Ez biribilgune, ez errepide estu eta ez beste arrazoirik, eroriak ziklistek eurek eragiten dituzte inork amore ez emateko griñagatik eta denentzat lekurik ez dagoen tokian sartzen ahalegintzeagatik.

Espainiako Vueltako gaurko etapak antzeko gaia jarri du mahai gainean. Zer egin behar da liderra edota beste gizon garrantzitsuren bat erortzen denean? Erantzunik gabeko galdera da, buru hainbat aburuko gaia. Erori bakoitza desberdina da, bai egoeragatik, bai protagonista edota ondorioengatik ere. Nik uste denok onartzen dugula ez dela ez dotorea ez bidezkoa besteren zorigaiztotik onurarik ateratzea jokoan ezer ez dagoenean. Etapa hasierako erori batetik, esaterako. Baina oso bestelako kontua da karrera garaipenera bideratuta dagoenean. Atzokoa, adibidez. Sahietseko haizearen arriskuaz oharturik, Sky taldea haizebabesa antolatzen hasi zen, eta tupustean txirrindulari asko lurrera joan ziren. Gehienak Movistarrekoak, liderra tartean. Baina Sky taldearen estrategia abian zen ordurako, beraz ez dut arrazoirik ikusten ekin zioten lanari uko egiteko. Hala egingo al zuten eurek Valdezcarayn gora Froome edo Contador edo beste inor erori izan balitz?. Ez dut uste, eta ez lukete egin behar gainera.

Eroriak batzuetan ziklisten baldarkeri edo arreta ezagatik gertatzen dira, edo kasualitateengatik besterik gabe, beraz hala onartu behar dira. Ziklismoak mesede gutxi izango luke zoritxarreko bakoitzean txirrindulariek esfortzuari bizkar eman eta erruki eske hasiko balira.